'Oarso' aldizkarirako artikuluak aurkezteko epea luzatu dute
Maiatzaren 18an amaituko da originalak entregatzeko epea. Edonork kolabora dezake aldizkarian arauak betetzen dituen idazlana aurkeztuta.
Udalak eta Oarso aldizkariaren erredakzio batzordeak aurtengo Oarso aldizkarirako artikuluak helarazteko epea luzatu egin dute hiru astez. Hortaz, maiatzaren 18an amaituko da originalak entregatzeko epea. Edonork kolabora dezake aldizkarian arauak betetzen dituen idazlana aurkeztuta (ikus arauak hemen).
Aukeratutako gaia mugatzeko asmorik gabe, irekia baita, aurten une berezi bat ospatzen duela udalerriak ekarri dute gogora, hiribildu eratu zeneko 700. urteurrena, eta ospakizun hori baliatu nahi dute Oarso 2020 aldizkarian gai hori garatzeko: “Urteurrena aukera paregabea da nondik gatozen, egun nor garen eta bereziki, etorkizunean zer izan nahi dugun galdetzeko gure buruari. Errenterian bizi garenon gutasuna ospatu eta indartzeko balio behar du”.
Garaiko erronka handien aurrean, Errenteria-Orereta bezalako herri batek zein paper jokatu beharko lukeen pentsatzeari ere tokia eskaini diote aldizkarian.
Baldintzek horretrako aukera ematen badute, ohiko datetan argitaratuko dute aldizkaria.
Herritarrak parte hartzera deitu dituzte, “aldizkari atsegina, askotarikoa, eta Errenteriako bizimodu aktiboa islatuko duena”. Artikulu horiek gainera, euskaraz idatz ditzaten animatu dituzte herritarrak, “euskaraz idatzitako artikuluen kopuruak bilakaera ona izan badu ere”. Indartu nahi duten beste arloa, kolaboratzaile emakumeen kopurua, “kolektibo hori minoritarioa da kolaboratzaileen artean”.
Lanak aldizkariaren erredakzio batzordeak duen posta elektronikora helarazi behar dira, eta interneterako sarbiderik ez dutenentzat, berriz, beste entrega modu batzuk aztertuko dituzte. Argibide gehiagorako telefono zenbakia ere jarri dute eskura: 943 449 610.