Uda arteko ekintza guztiak bertan behera utzi ditu Bixi-Bixik
'Gora Herriak Irlanda Euskal Herria' jardunaldiak 2021eko maiatza eta ekaina bitartean antolatuko direla jakinarazi du kultur elkarteak. Larrialdi sanitarioa lasaitzean erabakiko dute zer egin udarako egitarauarekin.
Udara arte iragarrita zituzten ekintza guztiak bertan behera uztea erabaki du Pasai Donibaneko Bixi-Bixi Kultur Elkarteak. Koronabirusa da, nola ez, erabakiaren erantzulea. Konfinamenduaren eta datozen asteetan gertatuko denaren ziurgabetasunaren ondorioz, ez dira baldintzak ematen ekintzak aurrera eramateko.
Ekintza nagusien artean Gora Herriak Irlanda Euskal Herria egitasmoa dago. Hala ere, elkartetik dagoeneko ziurtatu dute, jardunaldiak 2021ean egingo direla, maiatza eta ekaina bitartean. Mikel Urdangarinen kontzertua ordea, ez da egingo, ezta ostiraletako ohiko kontzertuak ere ez.
Kolpe latzena, Oporrak Bakean egitasmoarena da, hura ere atzera bota behar izan baitute. Hortaz, Mendebaldeko Saharako haurrak ezingo dira etorri aurten Donibanera. Sahara baina, ez dute guztiz baztertuko, Bixi-Bixiko kideak gai horren inguruko ekintza bat prestatzen ari baitira. Udarako egitarauari dagokionez, oraingoz ez dute eze zehaztu. Izurriteak duen eboluzioaren arabera hartuko dituzte erabakiak.