[Elkarrizketa] «Azken agurrak debekatu izana erabaki desegokia izan da»
Bakardadean hil diren gaixoak eta haien senide eta gertukoak izan ditu hizpide oiartzuarrak. Dolua egiteko, norberaren eta gainontzekoen emozioei arreta eskaintzea ezinbestekoa dela dio
Dolua beharrezkoa da, baina nola egin dolua, hil dena ezin bada agurtu?
Alarma egoerak funtsezko eskubide bat kendu digu, norbait agurtzeko eskubidea. Debeku horrek dolu prozesua zailtzeko arriskua dakar. Azken agurrarena momentu pertsonala da. Muxuak emateko, besarkatzeko,gauzak esan edota eskerrak emateko unea izaten da. Norbait ezin dugunean agurtu mila kezka sortzen zaizkigu. Ea sufritu duen, gauzak beste modu batera egin ahal ziren… Galdera eta emozio asko airean geratzen dira dolua zailduz.
Azken agurrik gabe, mina are sakonagoa al da?
Bai. noski. Istripu baten ondorioz gertuko norbait galdu dutenek, adibidez, ondo dakite hori. Agurtzeko aukera dugunean,emozio horiek zain ditzakegu. Azken une horiek eduki ez dituzten askok kontsultara etortzen zaizkit min horrekin.
Nola ordezkatu besarkada, gertukoaren babesa?
Hainbat ospitaletan profesionalekin harremanetan jartzeko aukera ematen dute, bideodeiak egin ala mezuren bat bidali ahal izateko Skype, Whatsapp edota beste euskarri digital batzuen bidez. Gaixoak eta familiak gutxieneko harreman bat dutela sentiaraztea da helburua. Gaixotasun honen ondorioz hildakoak,haren gertukoak eta profesionalak dira kaltetuenak, eta elkarlanean ari dira azken une horiek ahalik eta onenak izateko.
«Dolua egin behar den zerbait da, ez da denborak konpontzen duen zerbait»
Sare sozialek eta teknologia berriek oso lagungarriak izan daitezkeela erakutsi dute, ezta?
Ahalik eta gehien erabiltzea gomendatzen dugu guk, bananduta daudenak gerturatzeko modua baita. Ez da berdina, baina egiten duten tokietan emaitzak positiboak izaten ari dira.
Agurtzeko aukerarik ez dutenak, errudun edo antzeko sentitzen al dira?
Gerta daiteke, bai. Lehen esan bezala, zalantza asko airean geratzen dira; ni izan ote naizen kutsatu duena, ea gauzak beste modu batera egiteko aukerarik zegoen… Kasuz kasu aztertu beharreko zerbait da, baina egia da dolu prozesuak ia beti dakarrela erruduntasun sentsazioa. Gaur egun, are gehiago, estres eta emozio handiko egunak bizi ditugulako. Gure buruak gauzak kontrolpean mantentzeko ohitura du. Hortaz, gure kontroletik alde egiten duen egoera honetan normala da erruduntasuna bezalako emozioak agertzea. Dena zalantzan jartzen dugu; gure jokabidea, osasun arloko profesionalena, agintariek hartutako erabakiak.
Ehorzketetan gutxi batzuk har dezakete parte, eta hiletak debekatuta daude, gainera.
Oso gogorra da. Ulertu behar da dolua egin beharreko gauza bat dela, ez da denborak konpontzen duen zerbait. Ehorzketak, elizkizunak eta familiakoen artean egindako ekintzak… Ez dago erritual horiek egiteko modurik, eta horrek, noski, sufrimendua areagotzen du. Dolua egin ezean, shock egoeran gelditzeko arriskua dago, eta ondorioz trauma bat garatzeko.
Dolua kudeatzen aditua zara,baina prestatuta zeunden horrelako egoerak kudeatzeko?
Nire lanaren parte handi bat traumak dituztenekin lan egitea da. Istripu ala suizidio baten ondorioz gertuko norbait galdu dutenekin lan egitera ohituta nagoela esan daiteke.
Ezohiko egoera honetan ere erantzunik onena ematen ahalegintzen gara arlo honetan lan egiten dugunok. Garrantzitsuena da babesa behar dutenei sentiaraztea entzuteko eta laguntzeko prest gaudela.
Kaltetuak nahikoa arreta psikologiko jasotzen ari direla esango zenuke?
Ezin da analisi orokorrik egin. Senide batzuk pentsa dezakete ez dietela batere lagundu. Eta beste batzuk esango dute, mingarria izan arren, oso lagungarria izan zaiela emandako arreta.
Segurtasun neurriek gaixoen behar psikologikoak aintzat hartzen dituztela uste duzu?
Zuzenean ezetz esango nuke. Hiltzear dagoena gertuko norbaitekin egon ahal izatea giza eskubidea da. Heriotza, berez, ez da batere prozesu samurra, baina honako egoeran askoz ere gogorragoa da. Pentsa nolakoa izanbehar duen horrela hiltzea. Denok nahiko genuke norbait ondoan izan gure azken uneetan. Eta gaixo hauek bakardadean egin behar diote aurre. Profesionalak inguruan dituzte, noski, baina ez da berdina.
«Hiltzear dagoena gertuko norbaitekin egon ahal izatea giza eskubidea da»
Nire ustez, azken agurrak debekatu izana erabaki desegokia izan da. Hiltzeko modurik gogorrena iruditzen zait. Protokoloak aldatu eta gutxienez gertuko norbait bertan izatea ahalbidetuko nuke. Baina ez dut inor errudun sentitzea nahi; tentsio handiko egoera da, eta gauzak ahalik eta hoberen egiten ari dira.
Zeintzuk izan daitezke dolua ezegitearen ondorioak senide eta lagunekiko?
Nik modu honetan irudikatzen dut; dolua gure barruan dugun bola moduko bat da. Bola horren barruan mina dago, eta ez badiogu arretarik ematen min horri, bola handitzen da etengabe. Bolaren barruko beharrak ez baditugu asetzen gaixotu gaitezke, arazoa somatizatu daitekeelako.
Psikologikoki eta emozionalki ere ondorio larriak izan ditzake; depresioak, ikara-krisiak eta bestelakoak. Kasurik larrienetan, buruaz beste egin dezaketenak ere badaude, minari aurre eginezinik.
Zein izan daiteke doluari aurre egiteko modu positibo edo produktibo bat?
Lehen aipatu dudan samin bola hori zatika banatu behar da, eta traumatikoak diren bizipen horietan arreta jarri, kasu honetan, gertuko norbaiten heriotzan. Gure sentimenduek funtzio jakin bat betetzen dute. Sentimenduek esan nahi dutena ulertzea eta zaintzea beharrezkoa da zuloa bete eta samina sendatzeko.
«Sentimenduek esan nahi dutena ulertzea beharrezkoa da samina sendatzeko»
Nik min fisikoarekin alderatzen dut: orkatila bihurritzen dugunean, orkatila zaintzen dugu. Gertuko norbaiten heriotzak min eragiten badigu, emozio horiek zaindu behar ditugu.
Eta nola jokatu behar dute gainontzeko herritarrek errealitate honen aurrean?
Sufritzen ari diren pertsonek gutxitan adierazten dute nola sentitzen diren, beraz, gainontzekoen iniziatiba ezinbestekoa da. Mezu edo dei soil batek askorako balio dezake. Baliteke besteak unean bertan ez adieraztea, baina denborak aurrera egin ahala, eskertuko du jasotako babesa eta bakarrik ez dagoela sentitzeko balioko dio.
Hau dena amaitzean, doluak kolektiboa ere izan beharko du?
Argi eta garbi. Beharrezkoa izango da erritual kolektibo bat egitea, jabetzeko birus honek gure bizitza hankaz gora jarri duela eta ondorioak larriak izan direla. Zauriak ondo ixtea nahi badugu beharrezkoa izango da dolu kolektiboa. Nola egin? Ikastetxeetatik bultzatutako zerbait izan daiteke, edo egunero egiten dugun bezala, balkoietako ekintza bat. Modu asko daude.
Barneratu al du gizarteak zenbakien atzean pertsonak daudela?
Banan-banan aztertu behar da hori. Uste dut ohartzen ari garela egoera honek denoi eragiten digula, eta gure zilborretik harago begiratzeko balioko digu, elkar hobeto zaintzeko. Batuko gaitu.
Enpatia nahikoa dago?
Egia da gure gizartean sentsibilizazioa gehiago landu behar dela eta hainbat gaietan badugula zer hobetu. Hala ere, ni baikorra naiz, denon artean ohartzen ari gara norberaren ongizatea, bestearen ongizatearekin datorrela eta ez duela zentzurik soilik nire buruarengan pentsatzea.
Nola eragingo die pandemiak harreman kolektiboei?
Pandemiak ekarri duen aldaketarik handienetarikoa da gelditzera behartu gaituela. Sarritan, gelditzeak, barnera begiratzea eragiten du, eta gure barnera begiratzean, introspektiboagoak gara; nora noa? Zer egiten ari naiz? Zer da nire buruaz espero dudana? Eta besteek zer espero dute nigandik? Munduak hartu duen eredu kapitalistak merezi du? Normalean etengabe aritzen gara lanean, baina orain, hausnarketarako tarte bat eman digu pandemiak. Lanean asko nabaritzen ari naiz: jendea sentsibilizazio maila altuago batekin dator, ohartu dira orain arte garrantzitsutzat zituzten gauza batzuk,ez direla hainbesterako, eta gauza txikiak eta ingurukoen maitasuna ordea, bai. Dagoeneko ematen ari den aldaketa bat da.
«Posible da mina sentitzea, eta hala ere, une batez barre egitea»
Egoera larria da. Baina umorerik gabe ba al da aurrera egiterik?
Umorea beti izan da osasunaren tresna garrantzitsu bat. Umoreak indarra eta ilusioa ematen digu. Ikerketa askok frogatu dute umoreak buruko hemisferioei zuzenean eragiten diela. Doluan gaudela ere umoreak bere espazioa izan behar du. Kanpotik ikusten duen norbaitek pentsa dezake nolatan egin barre gertuko norbait hil eta sufritzen ari garenean, baina posible da mina sentitzea eta hala ere, une batez barre egitea. Denak behar du bere espazioa. Zuria eta beltzaz gain, badira beste kolore asko.