Inor atzean utziko ez duen plana, martxan
Talka eta Suspertze plana aurkeztu du gaur Errenteriako Udalak alderdi politiko guztiek adostuta. Etxeetaraino sartuko da herritarrek dituzten beharrei erantzuteko, eta tokiko ekonomia sarea ere aintzat hartu du. Guztira, hiru miloi euroko aurrekontua du plan horrek.
Hankaz gora jarri ditu biziak eta ekonomia etxe ugaritan COVID-19ak eragindako osasun krisiak. Pertsonak erdigunean jartzea da gakoa, horien beharrei so egin eta erantzutea; finean, inor atzean geldituko —edo utziko— ez dutela bermatzea. Hori da gaur, Errenteriako Udalak, bertan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek adostuta eta Aizpea Otaegi alkatea buru zuela iragarri duena: Errenteria-Oreretako tokiko jendartea eta ekosistema ekonomikoa ur azalean mantentzea bermatu nahi dute, hondoratu gabe, COVID-19ak eragindako krisiaren testuinguru latzean. Azken horren eragina arintzea du helburu gaur eguerdian alderdi guztietako bozeramaileek aurkeztu duten Talka eta Suspertze Planak.
Erronka handi bati aurre egin beharrean jarri dituela koronabirusak eragindako egoerak aitortuta, nabarmen utzi dute, alarma egoera ezarri zenetik COVID 19aren hedapena gelditzeko hartutako neurriek eragin handia izan dutela pertsonengan, gizartean, eta ekonomian. Inpaktu horiek, ahal den neurrian behintzat arintzeko, asko izan direla Errenteria-Oreretan abian jarri diren iniziatibak eta hartu diren neurri publiko-komunitarioak ekarri dute gogora —boluntario sarea, ikasleentzako ordenagailu eta wifi konexio banaketa, kale egoera bizi dutenentzat Belabaratz aterpetxea atontzea…—, eta nabarmendu dute gainera, horietako asko, erreferentziazkoak izan direla: “Ezer amaitu ez den une batean gaude, eta egoera dagoeneko konplexua bada ere, pandemia horren aurkako konfinamendua deseskalatzeko neurriak hartu ahala, ziurrenik errealitate konplexuago bat aurkituko dugu, eta horri aurre egin beharko diogu”.
Bide horretan doa gaur aurkeztu duten erpin ugaritako plana. Ziur daude egun bizi dugun ziurgabetasun agertoki honetan, etorkizunean beharrezkoak izango diren neurriei aurrea hartu eta ekitea, jardutea dagokiela erakundeei: “Herritarrei ziurtasunak eskaini behar dizkiegu, ahal den neurrian eta bakoitzak bere eskumenen eremutik. Pertsonak erdigunean jartzeko eta udalerrian dugun gizarte eta ekonomia sarea zaintzeko logikatik, beharrezkoa ikusten dugu esku hartzea”.
Oinarri horien gainean, elkarlan prozesua egin du udalak, eta kontrasteak horren barruan herriko hainbat eragilerekin, “emaitza gaur aurkezten ari garen dokumentu honetan jaso da”.
Ikuspegi bikoitza
Talka eta Suspertze Planean proposatu dituzten jarduerak ikuspegi bikoitza dute azaldu dutenez, “bata, berehalakoa, egungo egoeraren eragina minimizatzeko helburua duena; bestea, epe ertainera begirakoa, suspertze ekonomikoa bultzatu eta biztanleria eta ekonomia sektore sentsibleenak eta estrategikoenak zaintzen jarraitzeko neurriak hartzen dituena”. Hala, eragiteko garaian bi arlo identifikatu dituzte, eta horien beharrei erantzuteko eraiki plana: Etxeko ekosistema, eta tokiko ekonomia sarea osatzen duten sektore ekonomikoak dira eragin arloak, “bi dimentsio horiek oinarrizkoak baitira komunitatearen kohesiorako”.
Estrategia “bizia eta dinamikoa” dela esan dute ere, “denborak behar eta lehentasun berriak ezarriko baitizkigu, eta horiei neurri berriekin erantzun beharko zaie”. Beste erakundeek ezarriko dituzten neurriak kontuan hartu beharko dituztela azaldu dute, bestalde, tokiko beharrei erantzuteko.
Gaur aurkeztuko dutena, beraz, lehen neurri sorta bat da. Gehiago luzatu gabe martxan jartzea beharrezkoa eta garrantzitsua iruditzen zaien neurri sorta, “azken aste hauetan sortu den egoerak hala eskatzen baitu”.
Hamasei neurri
Hamasei neurriz osatu du plana, udalaz gaindiko beste administrazio batzuek orain arte hartutako neurriak osatu eta zabaltzeko. Neurri horiek gauzatzeko, berriz, hiru miloi euroko hasierako aurrekontua hitzartu du. Onuradunak: Etxeko ekonomia, tokiko ekonomia sarea, mikroenpresa, autonomo eta elkartea sarea, merkataritza eta ostalaritza, kultura, lehen sektorea, zerbitzuak eta industria.
Talka atalaren barruan, honakoak dira neurrietako batzuk: gizarte laguntzetarako aurrekontua %25 handitzea, dirutan 271.000 euro gehiago bideratzea suposatzen duena, edota alarma aldian eskatutako prestaziorik gabeko kontziliazio baimenentzat laguntzak. Bi horiek etxeko ekonomiari begirakoak; ehun ekonomikoari begira hartutakoen artean berriz, etxeko langileentzat aparteko sorospen osagarria, edota tokiko kultura ito ez dadin martxan jarri duten Kultur Labea proiektua. Herriko elkarteekin dituen diru laguntza izendunen ezohiko gehikuntza ere bildu du neurrien artean, egitura profesionalari eusteko. Horiek talka neurrietako batzuk.
Suspertze neurrien zakuan berriz, zazpi proposamen. Honakoak, horietako batzuk: Tokiko kontsumorako txekeak, edota etxeko gastuak finantzatu eta aldi berean gremioak mobilizatzen dituzten laguntzak.
Martxan jartzeko lehen neurriak
Martxan jarriko dituen lehen neurriak ere zehaztu ditu udalak gaurko agerraldian, horietako lehena, egutegi fiskala malgutzea. Ordainagirien ordainketak aurreikusi bezala garatuko dira, baina ordaintzeko epeak aldatu ahalko dira abenduaren 31ra arte interesik gabe, zatika edo osorik. Hor barruan, autoen bineta, Ondasun Higiezinen Zerga, Ura eta hondakinak besteak beste.
Udal tasak birkalkulatzea da martxan berehala jarriko duen beste neurrietako bat. Zerbitzua emateari utzi zaiolako edota zerbitzua gozatzeko modua aldatu delako alarma egoeragatik %25eko beherapena ezarriko zaie Euskaltegia, Errenteria Musikal, Antzerki Eskola, Xenpelar Tailerra, Gaztelekua, ludoteka, beilari, ibiei edota merkatarien TAOari.
Martxan jarriko duen lehen neurri horien artean ere gizarte zerbitzuetako aurrekontua handitzea. Igoera hori Eusko Jaurlaritzak gizarte larrialdietarako laguntzarako bideratu duen zuzkidurari zor zaiola azaldu dute, “igoera horretaz gainbeste handiago bat behar da, sortzen ari diren beharrei erantzuteko; udala izango da horren berme”.
Elikadura, alokairua, hipotekaren ordainketa edo beste oinarrizko gastu batzuei aurre egiteko zailtasunak dituzten pertsonei gizarte zerbitzuekin harremanetan jartzeko eskatu diete, 010 telefono zenbakiaren bidez.
Tokiko jarduera ekonomikoa
Mikroenpresa eta norbere konturako langileei begira ere —nekazaritza sektorea barne— proposatu ditu neurri zehatzak udalak plan horretan. Mikroenpresatzat, hamar langile baino gutxiago eta urtean 1.000.000 euro baino gutxiago fakturatzen dutenak jo dituzte. Azken horiek, fakturazioa %40 baino gehiago murriztu badute hartuko dira kontuan; halaber, COVID-19aren alarma egoeraren ondorioz lanbidek edo beste laguntza baliokideen bat jasotzen duten autonomo, enpresaburu indibidual edota norberaren konturako langile autonomoek ezingo dute eskatu laguntza hori.
Honakoak aurreikusitako laguntzak. Jarduera geldiarazten dutenek 1.000 eta 1.950 euro artean jaso ditzakete: 1.000 euroko zenbateko finkoa; horrez gain, ostalaritza eta jatetxe jardueretarako, 200 euroko zenbateko finkoa; jarduera egiten den establezimenduaren alokairu gastuarengatik, 300 euro arte; jarduerari lotutako ondasunen erosketa finantzatzen duten maileguen amortizazio gastuengatik eta interesengatik, 250 eurora arte; 2020ko udaberri-uda denboraldiko arropa, oinetakoak, eta osagarriak erosteko edo hornitzeko gastuengatik, 200 euro gehienez.
Jarduera murriztu dutenentzat, berriz, 500 euroko zenbateko finkoa aurreikusi du udalak planean.
Eskatzaileak, maiatzaren 4tik hasi daitezke informazioa eskatu eta eskabideak aurkezten, bide telematikoa erabilita edota 010 telefono zenbakira deituta. Telefonoz deitzen dutenek, gainera, aholkularitza osoa eta pertsonalizatua jasoko dute administrazio publikoek eskaintzen dituzten laguntza eta finantzaketa lerroei buruz.
Kultura
Kultura Labea hilaren 9an jarri zuen martxan udalak. Konfinamenduak irauten duen bitartean herriko artistekin online kultur programazioa eskaintzen ari da Herri Bizia weborriaren bidez udala. Proiektu horri begira, 14.000 euroko diru zatia bideratu du planean.
Gainerako neurriak
Gainerako neurriak datozen asteetan jarriko ditu martxan udalak, eta xehetasunak eta laguntzen deialdiak argitaratuko ditu. Herritarrek, 010 telefono zenbakira deitu dezakete argibide gehiago eskatzeko.