"Astean bitan autoa martxan jartzea komeni da, sustorik ez izateko"
COVID-19ak eragindako alarma egoera eta konfinamenduarengatik, badira geldirik dauden autoak. Pertsonek, etxealdiak eragindako ondorioak arintzeko bitartekoak beharrezkoak dituzte; eta etxealdi horrek ibilgailuetan izan ditzakeen ondorioak, eta batez ere, jabeen poltsikoetan gerora, saihesteko hainbat aholku eman ditu Imanol Blancok.
COVID-19ak eragindako alarma egoera eta konfinamenduarengatik, badira geldirik dauden autoak. Pertsonek, etxealdiak eragindako ondorioak arintzeko bitartekoak beharrezkoak dituzte; eta etxealdi horrek ibilgailuetan izan ditzakeen ondorioak, eta batez ere, jabeen poltsikoetan gerora, saihesteko hainbat aholku eman ditu Imanol Blancok. Autos Iztieta, Irun Kalea 3 zenbakian kokatutako tailerraren jabea da Blanco. Autoa geldirik edukitzeak arazoak ekarriko dituen zalantzarik ez du. Argi dio, “ezin dugu autoa hainbeste denboran geldirik izan eta lehen egunean martxan jarri ezer gertatu izan ez balitz bezala. Poliki aritu behar dugu, goxo, autoak ezustekorik eman ez diezagun”.
Pertsona askok lanean jarraitzen dute beren ibilgailua erabiltzen. Beste batzuk, ordea, etxetik ari dira lanean, edo etxean dira ERTEak ezarrita haien enpresetan. Arazoak izan ditzakegu ibilgailua hilabetez geldirik izateagatik?
Dena bezala da. Guk, pertsonok hilabete eman behar badugu geldirik, ibili gabe eta gero errutinara itzuli behar badugu, arazoak izango ditugu. Pixkanaka joan beharko dugu, berriro ere ohitzen. Autoarekin antzeko zer edozer gertatzen da. Ezin dugu 40 egunez autoa geldirik izan eta bat batean lehenengo egunean martxan jarri eta ezer gertatu izan ez balitz bezala ibiltzen hasi. Suabe joan behar dugu, autoa martxan jarri goxo eta ralentian utzi tenperatura hartzen joateko, horrela eginda disgustu bat izatea saihestuko dugu.
Zer da egokiena arazorik ez izateko. Komenigarria da geldirik dagoen epe horretan aldian behin martxan jartzea, zenbat denboraz eta zenbatero egin behar da?
Astean bitan edo hirutan motorra martxan jarri ralentian eta horrela mantentzea da gomendagarria, tenperatura hartzen duen arte; bada jendea, asko gainera, autoa martxan jarri eta hotzean hiru edo lau aldiz azeleratu eta itzaltzen dutenak. Motorra ikaragarri zigortzen dugu hori egin da, oso txarra da motorrarentzat.
Eta kalean aparkatuta edota garaje barruan dauden autoen artean alderik bada mantenu hori egiteko garaian?
Bai, nabarmena da. Ez da gauza bera autoa kalean arrankatzea gauetan oraindik ere tenperatura nabarmen jaitsi egiten dela kontuan hartuta, edota garaje baten barruan egitea; azken horretan, tenperatura uneoro nahikoa ona da.
Geldituta izateagatik zein arazo izan ditzake ibilgailuak eta zein atali eragiten diete gehien?
Hemen arazoak. Lehenengo eta behin gurpil-azalak begiratu behar ditugu. Aurretik presio gutxi bazuten, litekeena da gurpilak lauki jartzea, hau da lurrarekin kontaktuan dagoen zatia laua gelditzea denbora gehiegi emateagatik posizio berean. Oso litekeena da ere arazoak izatea martxan jartzerakoan bateria deskargatu egin zaigulako.
Ibilgailuak dituen urteak eragina du?
Bai. Kontuan hartu behar da zenbat eta zaharragoa izan autoa, bere piezek ere erabilera eta desgaste handiagoa dutela metatuta.
Lan handia izaten ari zarete edota COVID-19ak eragindako krisia nabaritzen ari zarete zuek ere?
Momentuz %80an murriztu zaigu lana. Uste dut egoera orokorra dela.
Zein arazorekin jotzen du jendeak zuen tailerrera une honetan?
Gehienbat bateriarekin lotutako arazoekin dator jendea gurera, eta lanera joaten direnen artean, berriz, gurpilak zulatuta konpontzera.
Egoera honetan gainera, ez da erraza izango ordezko piezak lortzea, ezta?
Piezei dagokienean, momentuz behintzat, oso ondo ari gara, ez bada jatorrian erosi behar dugula. Kasu horretan arazoak daude kontzesionarioak itxita daudelako. Azken batean tailerrak ordezko pieza alternatiboekin lan egiten dugu asko, gehienek horretara jotzen dugu. Ordezko alternatiboak izatea ez du esan nahi okerragoak direnik, inondik inora ere, ezta hobeagoak ere. Azkeneaqn, Bosch etxeak auto marka jakin batentzat sortzen baditu piezak, eta marka jakin horrek saltzen baditu, ordezko alternatiboak egiten dituzten etxeek egiten dutena da pieza bera sortu eta beste izen bat jarri, eta beste batzuetan izen bera, eta saldu.
Aholkuren bat, sustorik ez izateko.
Aurretik aipatu dudan moduan, ondo legoke astean bi aldiz autoa martxan jartzea, ralentian, eta horrela mantentzea lanerako beharrezkoa duen tenperatura hartzen duen arte. Behin konfinamendua gainditzen dugunean, beharrezkoa da erabili aurretik gurpil-azalak ongi daudela begiratzea.