Haurrak zoriondu ditu alkateak
Bideoa zabaldu zuen atzo sare sozialetan Aizpea Otaegi Mitxelena alkateak. Hartzaileak, haurrak; mezuaren helburua berriz, eskerrak ematea.
Bideoa zabaldu zuen atzo sare sozialetan Aizpea Otaegi Mitxelena alkateak. Hartzaileak, haurrak; mezuaren helburua berriz, eskerrak ematea. Zuzenean mintzatu zaie alkatea bere herriko haurrei, bitartekaririk gabe, eta kamara tarteko, zuzenean begiratuta izaten ari diren jarrera txalotu eta aitortzeko. Izan ere, haurrak eta gazteak etorkizuna dira, baina baita oraina ere, eskubidezko subjektuak, aintzat hartu beharrekoak gainontzeko herritar denak bezala. Egoera zail, berri eta berezia dela honakoa esan die haurrei Otaegik, “eta guztiak ari gara sekulako ahalegina egiten egokitzeko, baita zuek ere”. Sekulako ahalegina aitortu die, etxetik ikasten jarraitzen dutelako, irakurtzen, musika entzuten, kozinatzen, kirola egiten, “irudimenez ari zarete egun hauek ahalik eta ondoen eramateko; horregatik, zorionak”.
Igandea, haurrek etxetik ordubetez irteteko etxealdiaren ostean izan duten lehenengo egunari ere erreparatu dio alkateak, “segur aski ez zenuten topatu, nahi zenuten kalea. BAina birusak irauten duen bitartean arduratsu jokatu behar dugu. Gozatu kalea, baina segi arduratsu jokatzen orain arte bezala”.