Memoria eraikitzeko 'Herritratuak'
Koronabirusak eragindako osasun larrialdiak, konfinamenduak, eta ezarritako bestelako neurriak herriarengan eta herritarrengan uzten ari diren arrastoa jasotzen ari da Mendi Urruzuno argazkilaria. Herritratuak proiektua —beste hainbaten artean— abiatu zuen horretarako igandean, eta hiru egun daramatza kamara soinean, prest dauden herritarrei, adin guztietakoei, maskarak soinean argazkiak egiten.
Koronabirusak eragindako osasun larrialdiak, konfinamenduak, eta ezarritako bestelako neurriak herriarengan eta herritarrengan uzten ari diren arrastoa jasotzen ari da Mendi Urruzuno argazkilaria. Herritratuak proiektua —beste hainbaten artean— abiatu zuen horretarako igandean, eta hiru egun daramatza kamara soinean, prest dauden herritarrei, adin guztietakoei, maskarak soinean argazkiak egiten.
Lo egin ezineko gauetatik sortutako proiektua dela Herritratuak esan dio HITZAri argazkilariak, “buruari eragiten hasi eta ideiak etengabe hasten dira bata bestearen atzetik”. Konfinamenduaren hasieran kale hutsen irudiak jasotzeko “gogo bizia” sentitu zuen bezala, “kale hutsen irudi hori oso estetikoa da”, 700. urteurrenaren ospakizuna heldu zenean herritarrek egoera nola bizitzen ari ziren jasotzeko beharra sentitu zuela aitortu du, “herriaren 700 urteurrenaren harira ikusi nuen herria, gu, jendea, herritarrok nola bizitzen genuen hau dena, eta balkoietara ateratzen hasi ginenean erabaki nuen zer edozer egin behar nuela egoera honen guztiaren testigantza edo memoria izango den zer edozer”.
Jaso, bere erara egin nahi du argazkilariak, “herriaren kapitulu hau nire erara idatzi nahi nuen, eta egunero hasi nintzen bueltaka buruari, eta egunero sortzen zait ideia bat”. Horretan ari zela irudikatu zituen herritarren erretratuak maskarak soinean, “inpresioa ere egiten du, bakoitzari zer edozer ezberdina eragingo dio. Erretratu motzak dira, bularretik gora eta kasik ikusten den bakarra maskara da. Niri inpresioa egiten didan irudi bat da”.
Pentsatu eta ekin. Udalarekin harremanetan jarri zen lehenik baimena eskatzeko, eta ondoren udaltzaingoarekin. Behin jasota ordutegiak zehazten hasi zen, eta orduan, adinkako ordutegien ezarpena heldu eta dena hankaz gora jarri ziola dio barrezka, “adin ezberdinetako jendea erretratatu nahi dut eta ordutegi ezberdinetan atera behar dut haurrak edota adinekoak harrapatzeko; ari naiz moldatzen. Argazki guztiak berdin egin nahi nituen, fondo txuri batekin, ahalik eta argi berdinenarekin… aldatzen den bakarra ia, maskara bera baino ez da, denak bat izango bagina bezala da, bakoitza bere maskararekin”.
Ederra ideia, eta polita asmoa, une berezi honetan bizitzen ari dena memoria egiteko jaso nahi baitu. Horretarako ezinbestekoa du maskarak soinean dituen jendea prest kameraren aurrean jarri eta memoria horren lekuko bihurtzeko. Lortu du. Jendeak erantzun polita eman dio Mendiri, “oso ondo erantzuten ari dira”.
100 argazki bildu
100 argazki bildu nahi ditu eta hiru egunean horien erdia egin du. Helburua: “Herrian bizitzen ari garen kapitulu aldrebes hau jasotzea; herriko historiaren artxibo gisa gordetzeko derrepente egun batetik bestera nola ikusi dugun gure burua halako itxurarekin, maskarekin. Memoria hori jaso nahi dut”.
Argazkiak plano motzekoak dira, koloretakoak —maskaren koloreak harrapatzeko— eta fondo txuriaren gainean egindakoak. Proiektu hori handiago baten parte da, “hasi zenetik handitzen eta handitzen ari den proiektuarena”. Umeei ere eskatu die beraien bizipenak kontatzeko, “Koronabirusa eta ni izenburuarekin haien marrazkiak jaso nahi ditut, beraiek ondo azaltzen dute sentitzen dutena marrazkien bidez; gonbidapena egin diet batzuei eta baiezkoa eman didate. Burutik eta bihotzetik pasa ziena egoera berezi honetan kontatzea eskatu diet, “beti ere umeekin ahazten garela iruditzen zait, eta nahi nuen beraiek bizi dutena kontuan hartzea ere”.
Errenteria-Oreretaren 700. urteurrenaren ospakizuna balkoietan ere handiagoa den proiektu horren barruan kokatu du argazkilariak, baita bere teilatutik kamerarekin harrapatu duen balkoi bakoitzaren historia ere, “nire atalaia izan da. Ez dakit zertan geldituko den, baina ohartu naiz jendeak nola eman dien bizitza balkoiei; jende pila ikusi dut aurretik bertan bizi zela ere ez nekiena. Kalera irteteko aukera eman digutenetik balkoietako giroa asko jaitsi da, eta pena da. Balkoiak bizirik ikustea, bizilagunen arteko konplizitatea polita da; 700. urteurrenean izugarria izan zen, hotzikara ere eragin zidan batek baino gehiagok”.
Erretratu guztiak ez ditu argitara aterako, baina batzuen kasuan badu baimena zabaltzeko eta bere blogean sarreraren bat egiteko asmoa du Mendik momentuz, “ikusiko dugu”.
Testigantza txikiak dira bildutakoak, bizitzen ari garen egoera bereziaren erakusle, izan ere, pertsona bakoitzak, baita maskara bakoitzak ere, bere istorioa du atzean: “Etxean egindakoak daude, zoragarriak. Atzo adibidez, umetxo bat jaitsi zen eta argazkia egitera etorri bere amonak egindako maskararekin, kristoren ilusioa zuen maskara erakusteko. Gaur emakume batek eman dit atentzioa, maskara izugarri polita zuen soinean, bihotzez betetako maskara zen. Ez nintzen ausartzen ezer esaten, eta azkenean esan diot argazkia egin nahi zuen; gustu handiz jarri da berehala kamera aurrean. Alabak egindakoa zuen maskara”.
Non erakutsiko dituen ez du erabaki oraindik, ezta guztiak erakutsiko ote dituen edo artxiboa izango diren ere; argi dago, emaitza zoragarria izango dela, egiten duen guztia bezala, ederra, eta maskara horiek duten bihotza bete-betean harrapatuko duela Mendik.