Zigor Garrori ongi etorria ematen dion pankarta kentzeko eskatu du PSE-EEk
Komunikabideetara helarazitako prentsa ohar batean, gogor salatu du PSE-EEk Zumardian Garrori ongi etorria emateko jarri duten pankarta.
Zigorra osotasunean bete ostean aske utzi dute Zigor Garro. Joan den azarorik baldintzapeko askatasunean zegoen oreretarra Hendaian bizitzen eta lanean, eta joan den larunbatean amaitu zuen zigorra. Atzo bertan Frantziako Polizia Nazionalak Hendaian duen komisariatik pasa eta Espainiako Poliziaren esku utzi zuten garro mugan. Azken horiek aske utzi zuten oreretarra, Hendaiara itzultzeko debekuarekin. Atzo bertan iritsi zen bere herrira Garro.
Komunikabideetara helarazitako prentsa ohar batean, gogor salatu du PSE-EEk Zumardian Garrori ongi etorria emateko jarri duten pankarta: “Biktimen memoria kaltetzen du. Giza eskubideen aurkako ekintza da, eta biktimak berriro biktimizatzeaz gain, atzera pausua da gizartearentzat, eta zehazki Errenteriako Udalean eman diren pausoentzat. EH Bildu eta bere inguruneari lotutako pertsonek gai honekiko erakusten ari diren konpromiso eta sentsibilitate falta salatu nahi dugu. Harriduraz ikusi dugu sare sozialetan, udal gobernua osatzen duten alderdi politikoetako kontu ofizialetatik albistea elkarbanatu edo atsegin dutela. Azken horri, gainera, Udal Euskaltegiko kontu ofizialetik ere bertxiotu dela albistea erantsi behar zaio. Akats humano gisa bezala azaldu digute bertxio hori”.
Jasangaiztzat jo du PSE-EEk Garro aske gelditzea, “harrotasun arrazoia izatea gure herriarentzat”, eta are gutxiago “udal ordezkari batzuentzat edo tokiko gobernuan dauden alderdi batzuentzat”. “Biolentzia deslegitimatu” behar dela gaineratu du, “hiltzea edo hiltzen zuen erakunde bateko kide izatea gaizki egon dela, ez zuela inoiz gertatu behar ulertzeko gai ez bagara, kostata eraikiko dugu ezer”.