Apirilaren 23ko gasolio isuriaren zergatiak argitu gabe jarraitzen du
Pasaiako badiarekiko ondorio larriak dituzten isuriak ohiko bihurtu direla salatu du Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearrak. "Utzikeria" egotzi diote Pasaiako Udalari eta Aldundiari.
Apirilaren 23an Pasai Donibaneko hainbat bizilagunek 112 larrialdi zerbitzuekin harremanetan jarri ziren, herriko uren inguruan gertatutako kutsadura isuri bat zela eta. Orbanak gainera, gasolio usaina zuen. Pasaiako badiaren ur kalitatea okertu zuen isuria izan zen. Beste bat. Eta berriz ere, zergatiak argitu gabe jarraitzen dute oraindik.
Halako gertaerak ohiko bihurtu direla salatu du beste behin Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearrak, “kontaezinak dira uraren kalitatea okerrera egin duten aldiak. Zoritxarrez, anekdota txikiak baino ez dira”. Normaltasun kutsua hartu badute ere, isuri bakoitzak ondorio larriak ditu badiako ingurumenarengan.
Noizbehinkako isuri ezezagunei, eguneroko kutsadura gehitu behar zaio, “etengabe isurtzen ari dira Donibane osoko, Altamirako (Lezo) , Txingurri errekako (Altza, Donostia) hondakin urak eta txatarraren hondarra” adierazi dute Eguzki Taldetik. Horiez gain, eskualde osoko hainbat gune zehatzetik egiten diren isuri puntualak ere badaude.
“Utzikeria” egotzi die Eguzkik Pasaiako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, “urteak daramatzagu Pasai Donibaneko biztanleekin batera barrutiko saneamendu sarea osatzeko eskatzen”. Egoerak berdin jarraitu ezin duelakoan, saneamenduari eta bestelako isuriei lehentasuna ematea nahi dute.
Saneamendua eta uraren kalitatea zaintzea, legeak agindutako zerbait da, eta ez lege berri batek, 1991. urteko lege batek baizik. Hondakin uren kudeaketa jorratzen du Europar Batasuneko91/271/CEE zuzentarauak. Honen arabera, 15.000 biztanle baino gehiago dituzten hiriguneek hondakin ur guztiak saneatu beharko dituzte, horiek itsasoratu baino lehen.