Angeluko hilketa matxista salatzera deitu dute
Gizon batek bere emaztea hil zuen herenegun Lapurdin. Gaur arratsalderako protesta ekintzak deitu dituzte, salatzeko. Udalak bat egin du horiekin.

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako puntu morea, Oiartzunen.
Herenegun (asteazkena) arratsaldean, Angeluko (Lapurdi) etxe batean, 83 urteko emakume bat hil zuten. 89 urteko bere senarra ere hilda agertu zen. Baionako prokuradorearen arabera, ikerketaren zantzuek “nahita egindako hilketa bat eta suizidio bat” adierazten dute, Berriak informatu duenez.
2020an Euskal Herrian hil duten laugarren emakumea da Angelukoa. Horregatik, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren deialdiarekin bat eginez, Oarsoaldean mobilizazioak egingo dituzte arratsaldean.
19:00etarako, balkoietan eta leihoetan, eltzeak jotzera deitu dute. Kalera ateratzeko garaian, peto bat jantzita egiteko deitu dute. Peto horretan Hiltzen gaituzte / Beste emakume bat eraila leloa idaztera eskatu dute.
Udalen atxikimendua
Oarsoaldeko udalek jakinarazi dutenez, bat egin dute protesta deialdi horrekin. Lau udalek, aho batez eta jendearen aurrean, jakinarazi dute emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarrera agertuko dutela.
“Horrelako gertaerak ez ditugu gure gizartean onartzen”, esan dute udalek, “eta erakunde, elkarte eta herritarrok lanean jarraituko dugu, emakumeok indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen”.
