Antxo, San Pedro eta Trintxerpeko hainbat errepide, oinezkoentzat egokituko dira asteburuan
Alarma egoerak baimendutako irteeretan segurtasun neurriak bermatuak izan daitezen, hainbat kaleetan trafikoa murriztuko du Pasaiako Udalak. Murrizketek ordutegi zehatza izango dute.
Ia astebete pasa da herritarrak kalera irten daitezkeela ibiltzera baita kirola egitera ere. Betiere, alarma egoera dekretuak baimendutako baldintzetan. Asteburu honetan Pasaian antolatutako ibilbideetan pilaketak ekiditeko, Antxo, San Pedro eta Trintxerpeko hainbat errepide itxi eta oinezkoentzat egokituko ditu udalak. Trafiko murrizketa hauek, ez dira egun osokoak izango; Larunbatean 16:00etatik 23:00etara izango dira indarrean murrizketak, eta Igandea 8:00etatik 23:00etara.
Pasai Antxon Hamarretxeta kalean ibili ahalko da, Kupeldegi eta Blas de Lezo kaleen artean. Dena den, garajeetarako sarbidea baimenduta egongo da. San Pedron, Arraunlari kalean murriztuko da trafikoa, eta bertakoak baino ezingo dira sartu. Azkenik Trintxerpen, Euskadi Etorbidea oinezkoentzat egokituko da, Lasako bidegurutzetik, Correoseraino. Donibanerako ez du aldaketarik iragarri udalak.
Asteburu honetan gune horietan ibiltzea baimenduta izan arren, irteera horiek norberaren ordutegian egin beharko da eta ohiko segurtasun neurriei eutsiz. Egiten den ariketa fisiko, aktiboa izan beharko du. Bilkurak, bankuetan esertzea eta bestelakoak guztiz debekatuta daude. Informazio gehiagorako jarri harremanetan Pasaiako Udaltzaingoarekin, 943 00 43 00 telefono zenbakira deituz.