Herrikoak direlako
Espainiako Auzitegi Nazionala herriko tabernen diru kontuak enbargatzen hasi da, eta lokalekin gauza bera egingo du. Oarsoaldeko eta Bidasoko ‘herrikoak’ mobilizatzen hasi dira.
Pasa den astean hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionala herriko taberna deitutakoen diru kontu batzuk enbargatzen. Berdin egingo dute lokalekin. Orain dela hemezortzi urte hasi zen auziaren instrukzioa, eta 11 pertsona atxilotu eta espetxeratu zituzten. Tartean ziren Rufi Etxeberria oiartzuarra eta Idoia Arbelaitz errenteriarra.
Gainera, hamarnaka herriko tabernaren kontra jo zuten. Batzuk —gutxienak— zigorretik kanpo geratu dira. Gutxiengoa izan ziren horiek. Oarsoaldean eta Bidasoan Girizia (Oiartzun), Landare (Errenteria-Orereta), Trintxer (Pasaia) eta Hazia (Irun) enbargatuko dituzte, duela bost urte Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak emandako agindua beteta.
Oiartzungo Girizia elkartearen kasuan, hiru kontu korronte enbargatzen hasi zitzaizkien. Horrela jakinarazi du Iñigo Romero elkarteko presidenteak. «Kontu bat zikloturismo atalarena da. Bestea, elkartearen izenean dago. Eta hirugarrena, mendizale taldearen izenean. Horiek, bere garaian, blokeatu egin zituzten, eta horiek enbargatzean hasi ziren», zehaztu du.
Hala ere, pasa den astean beste kontu batzuk enbargatu zizkietela esan du Romerok: «Espainiako Auzitegi Nazionala hasi zen enbargatzen enbargatu behar ez zituen kontuak. Horregatik, auzi honetan sartuta gauden elkarte guztiak korrika eta presaka joan ginen dirua ateratzera».
Bere garaian, herriko tabernei kontuak blokeatu zizkieten, baina ez zieten debekatu kontu berriak irekitzea. Kontu berriak ireki eta euren jardunarekin jarraitu zuten elkarteek. Romerok zehaztu duenez, debekurik ez zuten bigarren kontu horiek izan ziren enbargatzen hasi zirenak.
«Orain dugun kontu hori legala da, eta ezin dute ukitu. Araba eta Bizkaiko hainbat elkarteren kontuak ukitzen ari zirela jakin genuenean, korrika joan ginen banketxera. Ez dauka logika handirik, egia esan», adierazi du Giriziako presidenteak.
Lokalari dagokionez, orain ez dute epairik exekutatu. Oiartzungo elkarteko presidentearen arabera, estatuak abisua emango du, lokala enbargatua izango dela jakinarazteko. «Hori egoera normal batean», zehaztu du Romerok, «baina Auzitegi Nazionalarekin ez da ezer espero».
Lehengo astean enbargatutako kontuekin abisurik pasa ez zutela ziurtatu du Romerok, eta beste elkarteetako kideek azaldu ziotenez, lehenago jakin zuen banketxeko sukurtsalaren zuzendariak interesatuek baino.
Normalean, jabetza-erregistroak notifikazio bat helarazten die lokalen jabeei, ezin dutela alokatu edo saldu (edo dena delakoak) adierazteko. Horregatik, herriko tabernen abokatuak begiratzen ari dira ea aldaketarik egon den ikusteko.
Urte askoz luzatu da herriko tabernen auzia esaten zaiona. 2002an hasi zen, Baltasar Garzon instrukzio epailearen aginduz. Ordutik, «linbo juridiko» batean egon direla aipatu du Romerok. «Enbargatuta daude lokalak, eta biharko egunean gure lokalak kenduko badizkigute, ezin duzu lokalaren zaharberritzerik egin», zehaztu du.
«Ez da elkarte soila»
Romerok ziurtatu duenez, Girizia ez da elkarte gastronomiko soila. Mendi taldea, zikloturisten taldea edota pilota atala dituela gogorarazi du. «Girizia beti izan da eragile. Ateak beti irekita egon dira, bilerak egiteko, festak egiteko edo dena delakorako. Gainera, sagardo egunean edo herriko festetan ere parte aktiboa da. Ez da elkarte gastronomiko soil bat, bertara joan, bazkaldu eta gero etxera joateko».
Herriarentzako lan egiten dutela berretsi du Romerok, baina herriaren babesa ere sentitu dutela. «Hasieratik sentitu gara babestuak. Herriak maitasuna ematen dizu, baina horrelako egoera batean egitea zaila da. Nolabaiteko maitasun hori jasoko duzu, jendeak ez duela ulertzen zergatia, baina hortik aurrera inpotentzia sentsazio handi batekin geratzen zara».
Hala ere, Giriziako kideak iragarri du, orain arte bezala, lanean jarraituko dutela. Hori bai, lokala enbargatzen badiete, B plana pentsatzen hasi beharko luketela esan du. «Hala ere», jarraitu du, «Giriziaren lana ez da geldituko Espainiako Estatuak lokala kentzen digulako. Argi daukagu gure lanak jarraituko duela, inolako zalantzarik gabe».
Egun 200 bat bazkide ditu Oiartzungo elkarteak. Horietako asko «militantzia» dela-eta dira Giriziako bazkide. «Badago jendea ez dena herrian bizi, baina Giriziako bazkide izaten jarraitzen duena». Romerok berretsi du Giriziak bere lanean jarraituko duela, ez dela ezer bukatuko.
Aste honetan, Oiartzunen, Irunen eta Errenteria-Oreretan herrikoen aldeko mobilizazio kanpaina egiten ari dira, egoerak uzten dituen zirrikituak probestuta. Oarsoaldeko herrietan, lokalen kanpoaldean hainbat euskarri prestatu dituzte, herritarrek beren mezuak utz ditzaten, herrikoekin izan duten lotura adierazteko. Eta lotura izan ez dutenak ere animatu dituzte «bidegabekeria» salatzera. Irunen, berriz, mezuak e-posta bidez bidaltzeko eskatu dute. Murala osatuko dute jasotakoekin. Errenteria-Oreretan ere bai helbidea martxan jarri dute, bideoak jasotzeko.