Iker Colino: «Baldintza horietan ez da errentagarria taberna irekitzea»
Lehen faseari esker astelehenetik aurrera irekitzeko aukera duten arren, Errenteriako taberna gehienek ez irekitzea erabaki dute. Zalantzaz beteta daude, ez dakite ziur zer datorkien.
Nolakoak izan dira tabernarientzat azken aste luze hauek?
Ezjakintasun handiko asteak izan dira. Ixtera behartu zigutenetik ulertu genuen beste aukerarik ez zegoela, egoera larria zela. Batzuek larrialdi egoera hasi aurretik erabaki genuen taberna ixtea, kutsadura arriskua handia zelako. Langileak eta bezeroak babestu nahi izan genituen. Ostiral hartan [martxoak 13] Ostariko zenbait kidek egoera aztertzeko bilera egin genuen, eta ixtearen beharraz aritu ginen. Gureak babestu nahi genituen. Zer datorren ez dakigunean ezjakintasuna agertzen da, eta beraz, beldurra.
Zer nolako galera ekarri du larrialdi egoerak herriko tabernarien artean?
Ixtera behartuta, egoerarako aldi baterako lan erregulazio espediente berezi bat kaleratu zuen gobernuak. Honekin, espediente horretan sartu ditugun langileen gizarte asegurua ordaintzeko aske geratu gara jabeak. Zentzu horretan egia da horri esker ez dugula langileen kosturik, baina alokairuen kontratuak ordaintzen jarraitu dugu. Bestalde, horniketa guztia ere ordaindu behar izan dugu: elektrizitatea, telebista…
Nolakoa da orokorrean herriko tabernen egoera?
Esan beharra dut hasierako ezjakintasun hori baino handiagoarekin gaudela egun. Zoritxarrez ez dakigu asko oraindik, egoera berria da guztiontzat. Gainera, Espainiako Gobernuak ez digu segurtasunik ematen. Deseskalatze horretan sartu gaituzte, baina ez dakigu zein baldintzetan ireki ditzakegun gure establezimenduak, edo diru laguntzarik egongo den ala ez. Eta okerrena, ez dakitela aldi baterako espediente horiekin nola jokatuko duten. Gure aurrekontuaren barruan gizarte baliabideek partida handiena eramaten dute. Espedienteekin hartutako erabakiaren arabera agertoki batekin edo beste ezberdin batekin egingo dugu topo. Irekitzeko egun gutxira oraindik ez dugu albisterik, segurtasunik gabe jarraitzen dugu. Badakigu 11an terrazak ireki ahalko ditugula, %50eko edukierarekin. Baina bitarte horretan jendeak konfinatuta jarraituko du, soilik goizean eta arratsaldeko azken orduan atera ahalko da kalera, beraz, ez dugu uste irekiera errentagarria izan daitekeenik. Baldintza horietan ez zaio inori interesatzen zabaltzea.
Beraz, askok erabaki duzue oraindik ez irekitzea, ezta?
Hori da, bai. Taberna guztiak kalkuluak egiten ari gara ero moduan, ireki ahal izateko, eta ez bakarrik guregatik. Gure atzean langile asko daude, azken hilabeteotan ohikoa baino soldata baxuagoa jaso dutenak. Eta hornitzaileak ere hor daude. Jende asko dago ostalaritzaren inguruan biraka. Baina Espainiako Gobernuak hartutako erabakiekin ezinezkoa da. Agian batzuek astelehenean berriz ere irekitzeko aukera izango dute, lokala eurena delako, eta langile bakar bat edo oso gutxi dituztelako. Baina oro har, egoera hori ez da askotan errepikatzen. Atzetik langile asko ditugunok ezin diogu errealitateari aurre egin. Milaka agertoki marraztu ditugu, milaka kalkulu bota, eta esan dezaket baldintza horietan taberna itxita edukitzea ateak zabaltzea baino errentagarriagoa dela.
Batzuek jada erabaki omen dute behin betiko ixtea…
Bai, zoritxarrez hala da. Errenterian horrelako bi kasu ditugu jada. Ostariko bi kidek jada taberna behin betiko ixtea erabaki dute. Tamalez, datorren agertokia oso zaila da.
Bermeekin ireki ahal izateko, zer eskatzen duzue?
Errenteriako Udalaren aldetik prestutasun ona dagoela ikusi dugu, merkatari eta ostalariei bideratutako laguntza batzuk aurkeztu dituzte. Bestalde, terrazentzako espazio gehiago eskatzen ari gara, ez mahai gehiago jartzeko, haien arteko segurtasun neurriak bermatu ahal izateko baizik. Gainera, kontuan hartu behar dugu taberna barruko edukiera ere oso mugatua izango dela. Horrez gain, supermerkatuetan eta komertzioetan eskatzen ari diren segurtasun distantzia bera eskatzen dugu. Eskatzen diguten bi metroko distantzia gehiegizkoa da, neurri horrekin soilik bi edo hiru lagunek ahalko lukete taberna barrura sartu. Eta amaitzeko, lan espedienteen afera argitzea nahi dugu, guretzako oso garrantzitsua izango litzateke horiek ahalik eta gehien luzatzea.
Noiz uste duzue irekitzeko aukera izango duzuela?
Zalantza asko ditugu, gauzak oso azkar aldatzen ari baitira azken asteotan. Ezin dugu zehaztu data bat. Astelehenean gehienek ez dugu irekiko, baina datozen asteotan ere berdin jarraituko du egoerak. Pentsatzen dut gehienak ekaina hasiera edo erdialde inguruan irekitzen hasiko direla. Halere, ezinezkoa da hori jakitea. Baldintza horiekin galtzen aterako ginateke. Badirudi dirua irabazteko laguntza bila gaudela, eta ez, dirua ez galtzeko ari gara borrokatzen. Beti gauza bera diot: hobe da ongi egitea,