COVID-19ak kutsatu berrien herrikako daturik ez dute emango
Egoera aldatu dela eta txosten berri batean lanean ari direla teknikoak azaldu dio HITZA-ri Osasun Saileko teknikari batek. Txosten eredu berriak zein datu bilduko dituen ez dute jakinarazi, "epidemiologoek ezarriko dituzte, orain arte bezala, irizpideak".
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak egunero zabaltzen duen txostenaren berri eman du gaur ere. Aldaketak izan dira, baina, eta gaurko txosten horretan, ez da COVID-19ak kutsatu berrien herrikako daturik jasotzen, HITZA-k ezingo du beraz horiek ematen jarraitu.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin harremanetan jarri da HITZA herrikako datuak aurrerantzean orain arte bezala ematen jarraituko duten jakiteko. Osasun Saileko teknikari batek eman ditu azalpenak eta gaurko txostena behin-behinekoa dela esan dio HITZA-ri: “Egoera berrira egokitzen ari gara guztiak, egoera aldatu egin da, datuak beste batzuk dira eta egonkortzen hasi da, beraz, teknikariak txosten berri batean lanean hasi dira”.
Txosten berri horrek zein datu jasoko dituen zehatz-mehatz azaltzerik ez du izan: “Gaur zabaldu dugun txostenean datu asko falta ziren, baina ez du esan nahi horrela geldituko denik. Zein datu emango diren hemendik aurrera txosten horietan ez dakit. Aztertzen ari dira zein diren une honetan eman behar diren datuak, berriak txertatu behar diren, edo beste datu batzuk kendu. Ez da erabakirik hartu oraindik”.
Txostenean aldatuko dituztela ziurra da, baina zein izango diren aldaketa horiek erabakiak hartzean jakinaraziko duela Osasun Sailak erantsi du teknikariak. Datu eta txosten horien atzean Osasun Saileko epidemiologoak eta matematikoak —estatistikak egiten— ari dira lanean. Jaurlaritzako teknikoak azaldu duenez, “beraiek erabakitzen dute zeintzuk diren irizpideak, aztertzen ari dira hemendik aurrera zein datu diren baliagarriak egoera ulertzeko. Egoera aldatu egin da eta beraiek pasa diguten txostena zabaldu dugu”.
Gaur Osasun Sailak zabaldu duen txostena, hemen kontsulta daiteke.