Arreta presentziala emango du udalak, aurretiko hitzorduarekin
Aurretiko hitzordua eskatu beharko dute arreta presentziala egitea nahi duten herritarrek.
Astelehenetik aurrera arreta presentziala ematen hasiko da udala. Zu! Arreta Zerbitzuak eta gizarte zerbitzuek ateak zabalduko dituzte aurretiko hitzorduarekin. Arreta hori emateko, segurtasun eta higiene neurriak hartuko ditu udalak, langileen eta herritarren osasuna bermatzeko.
Aipatu moduan, arreta presentziala jasotzeko, ezinbestekoa izango da hitzordua eskatzea 010 telefono zenbakian edo posta elektronikora mezua bidalita. Aurretiko hitzorduarekin pilaketak ekidin eta segurtasun distantzia bermatu nahi du udalak.
Zu! zerbitzuaren ordutegia 09:00etatik 17:00etara izango da astelehenetik ostiralera; eta gizarte zerbitzuetako bulegoak, berriz, 08:30etik 13:30era izango dira zabalik astelehenetik ostegunera, eta ostiraletan, 09:00etatik 13:30era.
Ateak zabalduko badituzte ere, bide telematikoa erabiltzen jarraitzeko aholkatu die herritarrei udalak.
Oinarrizko produktuak etxera eramateko oinarrizko zerbitzuaren amaiera
Babes Zibileko boluntarioak oinarrizko produktuak etxera eramatekoz rbitzua eskaintzen ari da herritarrei osasun larrialdia hasi zenetik. Zerbitzu hori bertan behera utziko dutela jakinarazi du udalak; arrazoia, azken asteetan ez dutela apenas eskaera egiteko deirik jaso. Beste hainbeste erabaki dute Gurutze Gorriak asteburuetan 010 telefono zenbakian ematen zuen zerbitzuarekin, azken horretan ere ez dute apenas deirik jaso azken asteetan.