Hartutako erabakian atzera egin dezala eskatu diote aldundiari 55 alkatek
UFFF Udal Finantzaketarako Foru Funtsan %20ko murrizketa egingo du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Alde bateko erabakia izan da, udalekin hitz egin gabe hartutakoa proposamen alternatiboa aurkeztu duten 55 udalek salatu dutenez; Errenteria eta Oiartzungo alkatea daude proposamen hori sinatu duten 55en artean.
Gipuzkoako Udalek %20 —107 miloi euro gutxiago— jasoko dute Udal Finantzaketarako Foru Funtsatik (UFFF), krisiaren ondorioz zerga bilketan izan den jaitsieragatik. Hala jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erabaki horrek eragina izango du udalen jardunean, batez ere udalerri txikietan; azken horietan diru sarreren &60 suposatzen du foru funtsak.
Alde bateko erabakia izan da, Gipuzkoako udalekin hitz egin gabe hartutakoa. Hala salatu du 55 alkatek, eta gainera, erabaki horren aurrean proposamen alternatiboa aurkeztu; tartean, Errenteriako eta Oiartzungo alkateak daude, horiek ere sinatu dute gaur Gipuzkoako Finantzen Kontseilura eramango duten proposamena.
Irtenbidea adosteko eskatu dute idatzian, eta proposamen zehatza egin. Aldundiak atzera egin dezala erabakiarekin; 2020 aurreikuspenak bere horretan mantentzea udalentzat —526 milioiko aurreikuspena egin zuen iazko urrian; orain, 429 milioi euro aurreikusi ditu—; zerga jaitsieraren ondorioz Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren beherakada itzultzeko hiru urteko epealdia ezartzea 2021ean hasita, eta inongo interesik gabe; eta, azkenik, 20 milioi euroko diru laguntza bidera dezala udaletara COVID-19aren krisiak sortutako gainkostuak arintzeko.