Hezitzaileak Kalean iniziatiba abiatuko du udalak
Haur, nerabe eta horien gurasoei begirakoa da, eta helburua, berriz, familiengana hurbildu eta informazioa ematea.
Iniziatiba berria jarriko du martxan udalak astelehenean. Haur, nerabe eta horien gurasoei begirakoa da, eta helburua, berriz, familiengana hurbildu eta informazioa ematea: “Jakitun gara herriko profesional eta hainbat eragileen eta haur, nerabe eta beraien gurasoen arteko hurbilketa sustatzeak duen garrantziaz”.
Hala, astelehenetik, zenbait dinamizatzaile ume, nerabe eta familiengana hurbilduko dira kalean, segurtasun neurriak betez, zerbitzu hau eskaintzeko. Urtean zehar haur eta nerabeekin lanean aritu diren profesional eta boluntarioak beraiengana hurbiltzea da helburua, berriz ere kontaktua har dezaten. Bestetik, Gazteria sailaren eta udalaren informazioa ematea, dekretuetan beraiei buruz agertzen diren neurriak eta zenbait gomendio eskaintzea.
Gazteria azpisailean lanean aritzen diren profesionalak eta boluntarioak eskainiko dute zerbitzua, astelehenetik ostiralera Gabierrota-Lartzabalen, Beraunen, Kaputxinoetan, Agustinetan, Markola-Fanderian, Erdigunea-Xenpelarren, Erdigunea-Zumardian, eta Iztieta-Ondartxon. Puntu horietan bina dinamizatzaile izango dira 17:00etatik 19:00etara euria egiten duenean izan ezik.
Nagusiki informazioa eskainiko dute dekretuen eta udalaren erabakien gainekoak adin tarte horietarako, baita instagram eta blogaren gainean ere. Gainera, sare sozialetan egiten diren proposamenak kalera aterako dituzte jende gehiagorengana iristeko, proposamena osatu eta beharrezkoa denean materialen bat emanez gero etxean lanketa egiteko, eta beste ekintzen kasuan parte hartze berezia sustatzeko.