«Jendeak etxeetatik ikusi ezin zuena kontatzen saiatu naiz»
Kamera eskuan, konfinamenduaren eraginez Errenteria-Oreretak zer nolako aldartea izan duen jasotzeko egitasmoa landu du oreretarrak azken asteetan.
Juan Diego Ramos Pelukas, Errenteria-Oreretako argazkilari eta fotokazetari esanguratsua da. Ezaguna da, oso, herrian, batez ere prentsa saltzeko kioskoa izan zuelako. Konfinamenduaren hasieran, kamera hartu eta kalera irten zen herriko auzoetan barrena argazkiak ateratzeko.
Helburu argi batekin ekin zion Pelukasek egitasmoari: «Etxetik atera ezinik geundenean Errenterian pasatzen ari zena helarazten ahalegindu naiz». MenPe Press blogean eta sare sozialetan elkarbanatu ditu bere gogoetak. Herriaren maitalea da, eta horren araberako lana egin du azken asteetan.
Zer dela eta hasi zinen konfinamendu garaian herriko argazkiak ateratzen?
Aspalditik daukat argazkilaritzarako eta idazteko zaletasuna. Betidanik gustatu izan zait kalean gauzak egitea eta herrian pasatzen denaz informatua egotea. Nik bizitza guztia eman dut kalean lanean, eta ordu asko pasa ditut bertan. Bertatik etorri zitzaidan egunerokotasunean gertatzen diren gauzak kontatzeko ideia.
Berrogeialdiarekin aukera ikusi nuen nire kameraren laguntzaz herriko egunerokotasuna transmititzeko. Lehen egunetik hasi nintzen helarazten itxialdian gertatzen ari zena, eta nola eragiten zuen egoera honek herritarrengan.
Zer giro antzeman zenuen herrian egun horietan?
Hasiera batean esan ziguten egoera honek bi aste iraungo zuela, eta ondoren dena konponduko zela. Baina martxoaren 15etik aurrera, berrogeialdia hasi zenean, egunak pasa ahala jendea kontziente izaten hasi zen koronabirusak sortutako egoeraren larritasunaz. Antzeman nuenaren arabera, egoerak salbuespenezkoa zirudien, eta herritarren joan-etorriak nabarmen murriztu ziren. Dena serio jartzen ari zen.
Zerk harritu zintuen gehien egun horietan?
Gehien harritu nauena izan da bizilagunen arteko harremanak sendotu direla. Egoera honen aurretik soilik agurtzen ziren bizilagunen arteko harremana gertukoagoa eta estuagoa da orain. Horrez gain, herriko hainbat bazterretan egin diren iniziatibek ere harritu naute.
Zer piztu nahi zenuen jendearengan argazki hauek aterata?
Egitasmo honen helburua izan da jendeak etxeetatik ikusi ezin zuena kontatzea eta pandemiaren egunerokotasuna transmititzea. Tokian tokiko informazioa jasotzeko ere bide ona izan dela uste dut, izan ere, hedabideek gehienetan Euskal Herriko egoeraren ikuspegi orokorrago bat ematen baitute.
Horretarako, herriko auzoetan alarma egoera nola bizi izan den kontatzen saiatu naiz, argazki bidezko erreportaje bat eginez. Jendeari helarazi nahi izan diot etxean zeuden bitartean herrian bizitzen ari zen egoera eta giroa. Hau da, etxetik atera ezinik geundenean Errenteria-Oreretan pasatzen ari zena kontatzen saiatu naiz.
Zer suposatu du zuretzat itxialdi garaian argazki hauek ateratzea?
Nire eskuetan zegoena ikusita, transmititzen saiatu naiz jendeak kalean bizi ezin izan duen egoera. Denbora honetan ohituta ginen errealitate ezberdin bati egin behar izan diogu aurre, eta etxetik antzeman genezakeen egoera herritarrei transmititzen saiatu naiz atera ditudan argazkiekin.
Jendeak begi onez hartu du abiatu zenuen egitasmoa?
Nik blog bat daukat, eta bertan idazten dut. MenPe Press du izena. Esaterako, Himalaian egon ziren oreretarren inguruko gai batekin murgilduta nago orain. Antzeman dudana izan da jende askok interesarekin jarraitu dituela nire bloga eta egunerokotasunean sortzen nituen albisteak. Kaletik esan didate egin ditudan gauza asko gustatu zaizkiela, eta gustu onez jarraitu dituztela bi hilabete hauetan sortu ditudan berriak.
Nola izan zen zuretzat herritik bakarrik egotea?
Konfinamenduaren garai gogorrenean, hildako eta kutsatu gehien zegoen garaian, astebetez jendea kalera atera gabe egon zen. Kalera irteten nintzenean, herri abandonatu baten zantzuak antzematen nizkion Errenteria-Oreretari. Kaleak hutsik zeuden, bizitzarik gabe, baina jendea balkoietan zegoen. Mundu guztiak begiratzen ninduen, baina ez dut arazorik sortu eta ez dut arazorik izan inorekin. Momentu jakin batean sumatu nuen egoera oso konplikatua zela eta bazirudien hiri abandonatu batetik nindoala. Egoera oso arraroa zen.
Errenteriaren 700. urteurrena edota Sagardo Eguna izan dira etxean bizi izan ditugun bi ospakizun esanguratsu. Zuk antzeman zenuenaren harira, nola ospatu zituzten herritarrek egun horiek etxeetatik? Gogoz aritu ziren oreretarrak?
Errenteriaren 700. urteurrena intentsitate handiarekin ospatu zen, erdialdean batez ere. Tellerialde inguruan, adibidez, etxebizitza ezberdinek, elkarlana sustatuz, euren etxeak apaindu zituzten. Erdigunetik aterata, nabaria zen intentsitatea txikiagoa zela. Antzeman nuenaren arabera, 700. urteurrenak babes handia izan zuen herrian. Realaren eta Athleticen Kopako finalaren eguna ere gogo handiz ospatu zuten herritarrek etxeetatik. Oro har, intentsitate baxuagoan aritu ziren errenteriarrak, baina jende gehiagok hartu zuen parte. Herria banderaz eta kolorez josia zegoen.
Ba al duzu beste proiekturik etorkizunerako?
Proiektu laburrekin dihardut normalean, ez naiz gehiegi sakontzen lan horietan. Jorratzen ditudan gaien datu esanguratsu batzuk ematen ditut, eta horien inguruan mintzatzen naiz. Momentu honetan, Himalaiara joan ziren oreretarren inguruko lana egiten nabil. Duela egun gutxi Santa Klara kalean jaio zen gerrako ume baten inguruko lan bat bukatu nuen. Sobietar Batasunean futbolera jokatu zuen, eta Olinpiar Joko batzuetan ere hartu zuen parte. Horrelako lanak egiten ditut batik bat. Ikaragarri gustatzen zaizkit, eta irakurlea entretenitua egoteko balio badute, are eta hobeto.