Ortzadarrak, iraultza amets
LGTBIfobiak Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako ikastetxeetan duen eraginaren tesia egin du Enara Larrainek. Emaitza nagusia: bide luzea dagoela aurretik, eta gizartea LGTBIfobikoa dela.
Irainak, bazterketa, jipoiak, askatasuna urratzea… Horietako asko —batzuetan denak— jasan behar dituzte denbora luzez, etxean, tabernetan, kalean, baina batez ere ikastetxeetan. Azken horietan ematen da indar handienez. LGTBI+ kolektiboaren egunerokoa da hori, eta pertsona askok aurrera pausuak eman direla pentsatzen badute ere, gaur-gaurkoz, halako egoerak jasaten jarraitzen dute, baita ingurune hurbilenean ere.
Herritar denentzat izaten ari da zaila COVID-19ak eragin duen egoerara moldatzea. Badira, ordea, itxialdiak bereziki eta gogorrago kolpatzen dituen kolektiboak: indarkeria matxista jasaten duten eta erasotzailearekin egun osoa lau pareta artean eman behar duten emakumeak, tratu txarrak pairatzen dituzten haurrak, buruko gaixotasunak dituztenak, bakarrik bizi diren adinekoak… Zaurgarrien talde horretan sartu behar da LGTBI+ komunitatea.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan nerabeen kontra ematen den LGTBIfobia aztertu du Enara Larrain errenteriarrak. Horretarako, 1.748 ikaslerekin aritu da lanean bere tesia osatzeko. Tesi horretan jasotakoak zabaldu zituen orain astebete Errenteriako LGTBI+ Mahaiak LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginda antolatu zuen online hitzaldian.
Bide luzea aurretik
Tesiak erakutsitako datu gordinak agerian jarri ditu Larrainek. Ikerketaren ondorio nagusia, oraindik ere, asko dagoela egiteko. Hezkuntza sexuala erronka bat dela ere ondorioztatu du ikerlari eta irakasleak: «Gure ikastetxeetan ezjakintasun handia aurkitu dut; ez dakite zer diren identitate sexuala eta orientazio sexuala, eta kosta egiten zaie naturaltasunez hitz egitea. Kezkagarria da».
Seguruak ez diren espazio ugari konkistatzeke ditu LGTBI+ kolektiboak, hobe esanda, gizarteak; izan ere jazarpen LGTBIfobikoa ez da kolektibo horretako kideen kontua soilik, gizarte osoarena baizik, eta hori nabarmendu du Larrainek. Espazio horien artean, nerabezaroan, ikastetxeak dira kezkagarrienak: «Ez dira seguruak kolektiboko kideek erasoak jasaten dituztelako bertan; eta ez dira seguruak beraien identitate eta orientazioa adierazterik ez dutelako. Hori eskubidea da, eta ikastetxeek askatasun eremua beharko lukete, beraiek diren bezalakoak direla adierazteko, aniztasun eta askatasun espazioa, eta ez soilik orientazio sexualari dagokionean, berdin arrazarekin ere».
Arazoa identifikatu eta erantzuteko gakoak eman ditu: «Heziketa sexual egokia da gakoa, askotan ez da landu ere egiten. Ikastetxeek irakasleen gain uzten dute gaia; ezin da horrela jokatu. Irakasleek formazioa behar dute, eta gurasoekin ere esku hartzea egin behar da. Segurtasuna bermatzeko hezkuntza da eskura dugun armarik indartsuena, eta oraindik, arlo horretan, porrot handia dago».
Jasotako erasoen gainean, irainak, bakartzea, jipoiak aipatu ditu. «Ez dira bakarrak. Jasotzen dituzten mezu heteronormatiboak ere erasoa dira, barneratu egiten dituzte eta beraiek dira beren burua erasotzen lehenak. Erronka handia dugu», zehaztu du.
LGTBIfobiak, LGTBI+ kolektiboko kideez gain, eredu maskulino eta femeninotik urruntzen direnei ere erasotzen diela dio Larrainek: «Txikitatik jasotzen ditugu mezu heteronormatiboak, esaten digute zer dagoen ondo eta zer gaizki, eta zaintza soziala egiten dugu eredu horietatik ateratzen den ororen kontra».
Fobia mota horrek hiru ezaugarri dituela gaineratu du: normalizazioa, ikusgarritasun eza, eta sostengu eza. «Jazarpen gehien jasotzen dutenak trans kolektiboko kideak dira, gay eta bisexualak dira hurrengoak zerrendan, eta ondoren lesbianak kokatzen dira ikerketaren arabera», adierazi du errenteriarrak. Hori emaitza, baina ez dator bat Larrainen usteekin, emakumeek bi aldiz jasaten dutelako jazarpen hori, «emakume izateagatik, eta LGTBI+ kolektiboko kide izateagatik».
Behatzaile isilak
LGTBIfobiaren agertoki horretan ezinbestekoa den elementua kokatu du Larrainek: ikusle edota behatzaile isilak. Aintzat hartzeko kontua da, inoiz erasoren bat ikusi eta ezer egin ez duten nerabeen kopurua oso altua delako ikerketaren arabera. Ikusle isil asko dago, alegia: «Batzuetan beldurrarengatik ez dute ezer esaten, edo ez zaielako hezi edo erremintarik eman eraso baten aurrean nola jokatu behar duten jakiteko; azken hori oso garrantzitsua da. Jazarpenaren aurkako programak erasoa jasaten dutenei eta erasotzaileei bideratuta egoten dira, ez ikusle isil horiei, eta horiek asko egitea dute».
Erasoak ikusi, eta arrazoiak arrazoi, «errudun sentiarazteko inongo asmorik gabe» beste aldera begiratzen dutenek zer egin dezaketen galdetuta, argi du: «Ez badira gai erasotzaileei aurre egiteko, gutxienez jakinarazi diezaiotela ikastetxeari. Agian gehiegi eskatzea da babestea erasoa jasaten ari den ikaslea, bera ere biktima bihur dezaketelako».
Erasoei dagokienean, ahozkoak, fisikoak, sozialak, psikologikoak izan daitezke. Fisikoak mina ematen badu ere, eraso psikologiko edo sozial batek duen eragina askoz ere okerragoa dela dio Larrainek, «ondorio larriagoak ekar ditzake luzarora». Izan ere, erasoek unean uneko ondorioak dituzte, baina bizitza osoan sendatuko ez den zauria zabal dezakete: «LGTBI+ kolektiboko helduen artean, oraindik, gazteetan jasandako erasoengatik ondorioak pairatzen dituztela ondorioztatu du ikerketa batek: depresioa, antsietatea… Ondorio larriena suizidioa da».
LGTBIfobiaren ondorioak
Azken ideia horretan sakondu du Larrainek, nahasgarria suerta daitekeelako egiten den irakurketaren arabera: «LGTBI+ kolektiboko kideek osasun mentaleko sintoma gehiago dituztela eta suizidiorako joera handigoa pentsa dezake bateren batek, eta ez da horrela; egunero bizi behar dugun egoeragatik; gainditu behar ditugun erronka gogorrengatik; jasaten dugun diskriminazio eta erasoengatik da. Hori oso ozen esan nahi dut. Ez dago lotuta identitate edo orientazio sexual ezberdina izatearekin, gaur egun, oraindik, gizarteak egiten digun erasoarekin baizik. Ondorioak: depresio kopuru oso altuak, antsietate soziala, besteen aurrean onarpena bilatzen ibiltzea etengabe, zoriontasun baxuagoa…».
Irain LGTBIfobikoen normalizazioaren gainean ere mintzatu da, «marika iraina oso normalizatua dago, eta erabilera horrek min handia egin dezake».
Ikerketak datu berritzaile bat ere utzi du; izan ere, agerian utzi du LGTBI+ kolektiboko nerabeek enpatia altuagoa dutela, baino zoriontasuna eta adimen emozionala baxuagoa da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan LGTBI+ kolektiboa beste lekuetan baino hobeto dagoela uste duenarentzat beste datu bat eman du Larrainek: «Estatuan, hirugarrena da Euskal Autonomia Erkidegoa LGTBIfobiarekin lotutako gorroto delitu kopuruan».
Ingurukoei, behatzaile isil horiei, defendatzen irakastea omen da gakoa, kontzientziatzea: «Erakustea zein kaltegarriak diren eraso horiek, eta kontzientzia hartze horretatik ardura hartuko dutela uste dut».
Gizartearen zeregina
«Gizarteak beste aldera begiratzen du», dio. LGTBIfobiari aurre egiteko kontzientziazioa behar da eta esku hartze aktiboa: «Nire garaian ere begiratu dut beste aldera, izan naiz konplize. Haurrak garenean onarpenaren bila aritzen gara, halako ekintzak bultzatzen dituzu, eraso horiek ez oztopatzea, onartzea da». Ez du uste errudunak bilatu behar direnik, «denok izan gara inoiz errudun, erasotzaileak ere biktimak dira, sistema honen biktimak».
Duela astebete LGTBI+ kolektiboa laguntzeko arreta zerbitzua martxan jarri zuen, «halako esku hartzeek sekulako garrantzia dute». Errenteriako LGTBI+ Mahai ere martxan dago, bertako kide da Larrain: «Oso harro nago egiten ari garen lanketarekin. Beraiei esker nire lana erakusteko aukera izan dut; tesia lorpen akademikoa izan zen, baina pasa den ostiraleko hitzaldian ikerketa azaltzea lorpen pertsonala izan da, nire konpromisoa zelako hau zabaltzea, eta sufritzen ari den jende askori ahotsa jartzea. Mahaiari eskerrak eman behar dizkiot».
Oarso Bidasoko herriak LGTBIfobikoak diren zalantzarik ez du: «Gizartea halakoa da, eta gu parte gara. Gizartea matxista da? Bai, denak gara matxista, bizi garelako sistema patriarkal eta heteronormatibo batean. Liburuak zaharkituta gelditu dira, eta mugimendu feministak aldarrikatu duen bezala erreferente feministak izan behar ditugu, baita LGTBI erreferenteak ere».
Herritarren babesa
Igandean ortzadar banderez bete ziren balkoiak, LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna zela eta, «hunkigarria izan zen», dio. Mikel Martin aktibista ezagunaren hitzak nabarmendu ditu Larrainek: «Ez naiz bakarrik sentitzen, oso hunkituta nago».
Gurasoen lan aktiboa aldarrikatu du, «garrantzi handia du beraien lanak seme-alabei hezkuntza sexual egokia emateko. Askok esaten dute ‘nik ez nuke arazorik semea edo alaba homosexuala balitz’. Arazoa ez da zure seme-alaba homosexuala izatea, arazoa homofoboa izatea da,erasotzailea izatea. Beste guztia aske izatea da, maitasuna da».
Itxialdiarekin are gehiago zaildu zaie egoera
Egungo osasun larrialdi egoerara gaia ekarrita, zalantzarik ez du Larrainek: COVID-19aren osasun larrialdiak eta konfinamenduak are gehiago estutu du LGTBI+ kolektiboari arnas egitea eragozten dion soka. Etxebizitzak leku ez seguru dira kasu askotan. «LGTBI+ nerabeak gurasoekin bizi dira, eta guraso guztiek ez dute errespetatzen».
Berrogeialdiak arlo askotan eragin duela dio: «Erasoak eta diskriminazioa etxean jasaten dutenentzat izugarria da egoera. LGTBI+ kolektiboen alde lanean ari diren elkarteek esan dute esku hartzeak asko ugaritu direla berrogeialdian, batez ere arreta psikologikoan, sostengu legislatiboan, eta kasu larrienetan, arlo ekonomikoan ere. Horregatik, zenbait komunitatetan udalekin lotura indartu eta lan handia egiten ari dira. Pentsatu behar dugu badirela nerabe asko konfinamendu bikoitzean daudenak: beren guraso edo familien aurrean ezin dute izan diren bezalakoak».
Ziberbullyingak ere gora egin du azken hilabeteetan pandemiaren harira. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez dagoela momentuz horren gaineko ikerketarik dio, «ez du esan nahi ez dagoenik ziberbullying LGTBIfobikorik. Ikusi da berrietan, Instagramen salatu dira hainbat eraso larri. Gorroto ekintza asko egon da».
Horri egoera irregularrean dauden LGTBI+ kolektiboko kideen egoera erantsi dio: «Pertsona ugari dira diskriminazioagatik egoera irregularrean dauden LGTBI+ kolektiboko kideak. Horren adibide, prostituzioan lanean ari diren emakume transexualak; ez beraiek nahi dutelako, beste biderik ez dutelako baizik. Egungo egoeran, gora egin du beren prekarietateak; lanik gabe daude, ez dute baliabide ekonomikorik, ezta berrogeialdiaren testuinguruan izugarri garrantzitsua izaten ari den baliabide digitalik ere». Migranteen kasua, hori beste erpin bat, «batzuk ez daukate osasun asistentziarik ere, ez dakite nola egin eguneroko beharrak asetzeko, ez dute baliabiderik».
Indarkeria poliziala jazarpenaren zakuan sartu du. «Benidormgo eraso transfoboaren berri izan dugu sare sozialen eta telebistaren bidez, baina Bilbon ere izan dira. Oso larria da»