Zalantzez betetako bide bati ekingo diote ikastetxeek
Datorren astetik aurrera ateak zabalik izango dituzte Oarsoaldeko eta Bidasoko hainbat ikastetxek. Behar akademikoak dituzten ikasleak baino ez dira joango klasera.
Ikastetxeetan argi dutena da, argitu beharreko gauza asko falta direla. Asteak dira Oarsoaldeko eta Bidasoko hainbat hezkuntza zentro irekiak direla, irakasleentzat behintzat. Telelana alde batera utzi gabe, klaseen itzulera antolatzen jardun dute asteotan. Zalantzak askotarikoak dira; klaseei berrekingo zaie bai, baina argitzeke dago noiz, nola eta zein baldintzetan izango den. Ikastetxe eta Hezkuntza Sailaren arteko harremana etengabekoa da, baina jasotako jarraibideak aldakorrak dira eta profesionalek zailtasunak izaten ari dira eskatutako guztiari egokitzeko.
Izurritearen boladarik gogorrena igarota, hilaren 25etik aurrera klaseetara itzultzeko baimena eman du Osasun Sailak, betiere aparteko segurtasun neurriak hartzen badira. Dena dela, ikasle gutxi batzuk baino ez dira itzuliko. Ikastetxe askok itxita jarraituko dute datorren astelehenean. Eta ateak irekitzen dituzten horiek premia gehien dituzten ikasleak baino ez dituzte hartuko.
Hala egingo dute, Oiartzungo Elizalde Institutuan. «Irekiera DBH 4ko ikasleei zuzenduta dago. Batez ere, ikasturtea ez gainditzeko arriskuan daudenei», dio Jose Cayetano institutuko idazkariak. Koronabirusak ataka bereziki larrian jarri ditu DBH4 eta Batxilergo 2. mailako ikasleak, lehenek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua lortu behar dutelako, eta bigarrenek selektibitatea prestatu behar dutelako. Batxilergorik eskaintzen ez dutenez, DBHko 4. mailan zailtasun handienak dituzten ikasleak izango dira Elizaldera itzuliko direnak astelehenetik aurrera. Gainontzeko ikasleek, oraingoz, etxetik jarraituko dutela dio idazkariak, «konfinamendurako sortu genuen ordutegi berezia garatzen jarraituko dugu».
Behar akademikoak dituzten ikasleak itzuliko dira besterik ez ikastetxeetara
Ikasle gehiago hartzeko aukera dutenean, lehen zikloan behar gehien dituztenak hartzea aztertzen ari dira Oiartzungo institutu publikoan: «Ikasle bakoitzaren egoera ezagutu nahi dugu eta behar gehien dituzten ikasleen familiekin hitz egin, seme-alabei etortzen uzteko prest ote dauden jakiteko». Behar akademikoez gain, bestelako aldagai batzuk aintzat hartuko dituzte lehentasunezko ikasleak identifikatzeko, familiaren egoera sozio-ekonomikoa adibidez. Lehen ziklokoak gehituta ere, ikasle talde txiki bat aurreikusi dute, «asko jota, 20 bat ikasle» idazkariaren esanetan.
Gaur-gaurkoz, ez dago arau orokorrik zentro guztientzat. Hezkuntza Sailak ildo jakin batzuk ezarri ditu, baina ikastetxeek eta gurasoek adostu behar dute nolakoa izan behar duen prozesuak. Hau da, haiek dute ardura segurtasun protokoloarekiko. Ikastetxean haien zatia betetzeko prest daude, eta berdina eskatzen diote agintariei, «protokoloa bete ahal izateko baliabideak behar ditugu». Musukoak, gelak eta bestelakoak eskatu dituzte jada, baina lerro hauek idatzi diren unean, erantzunik jaso gabe jarraitzen dute. Dena dela, Cayetanok oso argi utzi du babes materialak bermatuta daudela, «jasotzen ez badugu, guk geuk erosiko dugu». Egoera aldakor honetan, A, B eta C planak garatzeko prest egon beharko dute Elizalden eta gutxi batzuentzako bada ere, astelehenean hasiko dira bertan aurrez aurreko klasea.
Pasaia-Lezo Lizeoan ere, errefortzuak behar dituztenei ateak zabalduko dizkiete datorren astean. DBH4ko ikasleei ez ezik Batxilergoko ikasleak ere hartuko ditu Lizeoak, baina itzulera mailakatua izango dela iragarri du Edurne Urkiola zuzendariak. Datorren astean Batxilergoko 2. mailako ko ikasleak baino ez dira joango Jaizkibelen kokatuta dagoen ikastolara. Gainontzeko ikasleak «pixkanaka» batuko direla iragarri du Urkiolak, betiere oroitaraziz errefortzuak behar dituzten ikasleak izango direla.
Familiekiko «ondoezak» saiheste aldera, ikastetxeek «jarraibide zehatzak» jasotzearen garrantzia nabarmendu du Urkiolak. Hedabideek zeresan handia dute asteotan, ikastetxeekin batera familien informazio iturri direlako.
Egutegiari jarraiki
Errenteria-Oreretako Koldo Mitxelena institutuan astebete geroago hastea erabaki dute, ekainaren 1ean. Orduan hasiko dira klaseak DBH4 eta Batxilergoko ikasle batzuentzat. Hobeto antolatzeko denbora izateaz gain, ziklo akademikoaren bateratu nahi izan dute irekiera. «Hilaren 29an hirugarren ebaluazioa zein klase telematikoak amaitzen direla aprobetxatu nahi izan dugu», adierazi du Arantxa Igartua Koldo Mitxelenako zuzendariak. Ikastetxe horren kasuan, klasera itzultzeko aukera orokorra izango da, Igartuak azaldu duenez,«ikasle guztiei egin diegu eskaintza». Klase horiek batez ere errekuperazioak egiteko eta selektibitatea prestatzeko izango dira. Dena den, ikastetxera joatea boluntarioa izango da eta gurasoek zein ikasleek izango dute azken hitza.
«Egun gutxi» falta direla eta, egoerak berritasun askotarako ez duela emango adierazi du Igartuak: «Telematikoki egin dugunaren jarraipena izango da, baina ikasle bakoitzari egokitzen ahaleginduko gara. Matematika indartu behar badu, adibidez, ikasgai horri eskainiko diogu arreta gehien». Dirudienez, klase telematikoak uste baino arrakastatsuagoak izan dira. Izan ere, lehen asteetako gora-beherak alde batera utzita, ikasturtea etxetik aurrera ateratzea lortu dute irakasle eta ikasleek. Ziur asko, konfinamenduan hartutako eskarmentua oso baliagarria izango zaie irailean. Une honetan nahikoa lana dute Koldo Mitxelenan ekaineko irekiera antolatzen, baina errealitatea da ez dagoela batere argi zein baldintzetan ekingo zaien irailean aurrez aurreko klaseei. Igartuaren arabera «erratioek» esango dute nola antolatu behar diren gelak. Hala ere, egoerak oso aldakorra izaten jarraitzen du, eta gaur- gaurkoz ezinezkoa da jakitea nola ekingo zaion ekainari, «batek daki arinaldiaren zein fasetan gauden eta zer esaten diguten».
Prest daude Koldo Mitxelenan ikasleak segurtasunez hartzeko, baina kezka ere sortzen du egoera berriak; «ikastetxeen autonomia» sustatzea, ardura guztia ikastetxeen gain jartzearen baliokide baita. Zuzendaria jakitun da koronabirusak denak hartu dituela ezustekoan, baita irakasleak ere, eta egoera denentzat berria dela. Baina «bakarrik» sentitu direla dio. Jarraibide nahasiek eta neurri aldakorrek irakasleen lana handitu baino ez dute egiten, eta familien ziurgabetasuna areagotzen da.
Bidasoan ez dira gelditu
Ikasleak etxean bazeuden ere, Bidasoa Lanbide Heziketarako Institutuan lanpetuta egon direla dio Alberto Arranz zuzendariak: «Zuzendaritza taldeko kideren bat izan da beti institutuan. Alde batetik jarduera telematikoa koordinatzen. Bestetik, 3D inprimigailuak erabilita, osasun langile eta merkatarientzako babes baliabideak egin ditugu».
Ikasleak eta irakasleak astelehenean itzuliko dira Irungo institutura. Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Zuzendaritzarekin «bilera asko» egin ondoren, «lanari berrekiteko eredu bat» adostu dutela dio Arranzek. Plan horrek, ikastetxean biltzen diren aktore ezberdinen oniritzia du, ikasleak barne. «Eredu hori guztiontzat segurua izango da, eta zailtasun gehien izan ditzaketen ikasleei mesede egiteko balioko du», dio. Pentsa daiteke ikasgai askok duten izaera praktikoagatik, zaila izan behar duela Lanbide Heziketa bide telematikoetatik egitea, baina Bidasoan egoerara egokitzen jakin dute: «Lanbide Heziketako Zuzendaritzaren jarraibideen arabera, telematikoki egin daitekeen prestakuntza jarduera guztiek modu horretara jarraitu behar dute». Dena dela, lanbide heziketaren ikuspegitik telematikoki jardutea erronka bat dela aitortu du Arranzek, «zenbait eskola praktiko modalitate telematikoan lantzea oso zaila da », eta aurrez aurreko azken aste hauek zailtasunak dituztenekin «kontzeptu» jakinak lantzeko erabiliko dituzte.
Telelanak eta klaseen itzulerak lan karga ikaragarria suposatu du irakasleentzat
Irungo Lanbide Heziketa institutuan erantzun gutxi dituzte, baina «normaltasunera itzuli ahal izateko itxaropenarekin» ari dira diseinatzen datorren ikasturterako lanketa. Hala ere, baikortasunak ez du beti errealitatearekin bat egiten. Bestelako egoerak aurreikusi dituzte, badaezpada, Bidasoako arduradunek COVID-19ak berriz ere zabalduko balitz. Ez dute hutsetik hasi beharko.
Aitortzarik ez
Telelana erosoa ez, guztiz kontrakoa izan daitekeela erakutsi du konfinamenduak. Zaila bada norberaren lana aurrera ateratzea, zer esanik ez ikasgela oso bat telematikoki kudeatu behar izatea. Irakasleek ahalegin ikaragarria egin dute, baita arrakastatsua ere, ikasleen hezkuntza uneoro bermatu baitute. Ezkutuan igaro da irakasleen ahalegina, eta familiek baino ez dituzte sumatu emaitzak. «Oso gogorra izan da, eta oso gogorra izaten ari da», dio Koldo Mitxelenako Arantxa Igartuak; baina harro dago profesionalek egindako lanarekin, «jo eta su aritu gara ikasleek aurrera egin dezaten». Kontutan hartu behar da, irailetik aurrera zeregin berri bat izango dutela, ohiko klaseak eta telematikoak uztartzea.
Elizaldeko idazkari Jose Cayetanok, ezohiko egoera honetan «irakasleek ikasleekiko erakutsi duten konpromisoa» goraipatu du, eta Bidasoako Alberto Arranzek profesionalek euskarri digitaletara egokitzeko izan duten prestutasuna. Irakasleekin batera, familiek eta hezkuntza komunitate osoak eginiko ahalegin kolektiboa aintzat hartua izatea eskatu du Lizeoko Edurne Urkiolak.