Lezo-Donibane bidegorria buka dezala eskatu dio Eguzkik aldundiari
Lezo-Donibane bidegorria buka dezala eskatu dio Eguzkik aldundiari. Azpiegitura osatzeko fase bakarra falta da, baina Eguzkiren arabera, zati arriskutsuena da.
Oarsoaldeko Eguzkik Lezo-Donibane bidegorriaren hirugarren eta azken fasea egin dadila eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Hau da, bidegorria buka dadila. Azpiegitura horren lehen bi faseak eginak daude (Lezoko Udalak eta aldundiak finantzatu zituzten), eta urtebete da azken fasea egin, eta bidegorria osatu ez dela. Aldundiak bere gain hartu zuen lan hori, eta behin bigarren fasea bukatutakoan lanak hasiko zituela iragarri zuen.
Egiteko dagoen zatia termikoaren inguruan doana da, Donibanetik gertuen dagoena (Lezoko lur eremua da hori guztia). Hala, Eguzkik zehaztu du Pasaiako Portu Agintaritzaren baimena badagoela obra horri ekiteko, beraz, talde ekologista eta antinuklearraren galdera zehatza da: “Zer gertatzen da puntu ilun horrekin ez amaitzeko? Erakunde publikoen aldetik azpiegitura osasungarri eta jasangarrietan inbertitzeari lehentasuna emateko unea da, interes oso zehatzei soilik erantzuten dieten azpiegitura handien kaltetan”.
Bidegorri horretatik egiteko falta den zatiaren egungo egoeraren analisia egin du Eguzkik. Esan du oso estua dela, eta bisibilitate eskasekoa. “Kontrako noranzkoan datorren beste oinezko batekin gurutzatzen garenean, errepidera irten behar izaten dugu, gure bizitzak etengabe arriskuan jarriz. Pertsona asko ibiltzen dira urteko egun guztietan handik, eta are gehiago egun hauetan”.
Eguzkik oroitarazi du 2013ko maiatzean Donibaneko eta Lezoko bizilagunek giza-katea egin zutela oinezkoen segurtasuna aldarrikatzeko eta bidegorria egitea eskatzeko.