PCR positiborik ez berriz ere Oarsoaldean, hamalaugarren egunez jarraian
PCR positiborik ez berriz ere Oarsoaldean, hamalaugarren egunez jarraian. Gaur, test azkarren emaitzak erantsi dizkiote infektatuen zerrendari.
Osasun Sailak atzoko (maiatzak 24) 00:00etan koronabirusaren eraginaren gaineko txostena zabaldu du gaur. Azken egunetan ez bezala, PCR proben eta test azkarren positibo metatuen kopuruak eman dituzte, hau da: azken egunetan PCR bidezko positiboen datuak jakinarazi dituzte soilik herriz herri, eta gaur, horiei azken astean izan diren test azkarren emaitzak erantsi dizkiete. Horren arabera, azken orduetan ez da PCR positiborik izan Oarsoaldean, baina azken astean bai izan direla test azkarretatik ateratako infektatuak: 9 Errenteria-Oreretan, bat Pasaian, eta bi Oiartzunen. Jaurlaritza eta Espainiako Osasun Ministerioak PCR datuak ematen dituzte soilik infektatuen berri ematen dutenean, hori da euren erreferentziazko aldagaia.
Ondokoa, herriz herri, gaixo kopurua (parentesi artean, maiatzaren 18ko datuekiko aldea, test azkarren positiboen zenbatekoa erantsita). Bertan agertzen den zenbaki orokorra martxoaren 18tik antzemandako positibo baieztatuen datu metatua da, PCR kasuena eta test azkarrena. Litekeena da horietatik gehienek senda-agiria jaso izana.
- Errenteria-Orereta: 128 (+9, denak azken astean egindako test azkarretan atzemandakoak)
- Pasaia: 51 (+1, azken astean egindako test azkarretan atzemandakoa)
- Oiartzun: 27 (+2, denak azken astean egindako test azkarretan atzemandakoak)
- Lezo: 21 (=)
Hemen sartuta, Osasun Sailaren gaurko txosten osoa ikusteko aukera.