San Juan Koxtaperen babesle izateari utzi dio Iberdrolak
30 urtez elkarlanean aritu ondoren, elkarren arteko harremana eten dute Donibaneko arraun elkarteak eta energia enpresak.
Elkarlan luze eta emankor baten amaiera iragarri du San Juan Koxtape Arraun Elkarteak, 30 urteren ondoren, taldearen babesle izateari utziko dio Iberdrolak. Bi eragileen arteko harreman oparoaren amaierak aipamen berezia merezi duela adierazi du San Juan Koxtapek, “enpresa gutxi izan dira Iberdrola bezain leialak arraun elkarte batekin”.
Babesle nagusia izan den bitartean, lorpen handiak izan dituzte arrosek, tartean Bederatzi Kontxako bandera (bost batelerek eta beste lau mutilek). Xabier Arraras, San Juan Koxtapeko lehendakariak nabarmendu du “Iberdrolaren hiru logo” eraman dituztela haien traineruen brankan.
Energia enpresak ere, arrakastatsutzat jo du hiru hamarkada hauetako elkarlana, “arraun elkartearekin izan dugun harremana bikaina izan da, tokiarekin halako lotura estua duen kirol batean gure marka erakusteko aukera eman digu”. Harremana arrakastatsua izandakoari amaiera ematea erabaki dute bi aldeek, eta Iberdrolakoek haien esker ona adierazi diote arrosei “familiaren parte” sentiarazi dituztelako.
Iberdrolako iturriek adierazi dutenez, emakumeek parte hartzen duten beste 16 kirol modalitate babesteari ekingo diote. San Juan Koxtape Arraun Elkartean bestalde, babesle berri bat bilatu beharko dute aspaldiko partez, baina “baikor” direla diote. Dena dela, aldaketarik izango ez duena, elkartearen filosofia da.