Etxez etxeko langileentzat iragarritako testak ez direla egin salatu du ELAk
Eudelek orain dela hiru aste iragarri zituen "test masiboak" egiteke daudela dio sindikatuak; "larritzat" jo du bi hilabete eta erdiren ondoren "lehen lerroan dauden langileei testik egin ez izana".
Etxez etxeko langileei koronabirusaren testa egitea galdegin dio ELA sindikatuak Errenteria-Oreretako Udalari komunikabideetara igorritako ohar baten bidez. Eudelek orain dela hiru aste iragarritako “test masiboak” egin ditzala exijitu dio sindikatuak, eta “larritzat” jo du bi hilabete eta erdi igaro ondoren “lehen lerroan dauden langileei testik egin ez izana”.
Sindikatuak zabaldutako informazioaren arabera, “positiboki” hartu zuten Eudelek egindako iragarpena, eta Errenteria-Oreretako Udalari zein Eudeleri egindako eskaeren ondorio gisa jo zuten neurria. Hiru asteren ondoren, hala ere, oraindik ez dela urratsik egin deitoratu dute. Hori dela eta, etxez etxeko langileei, eta osasun larrialdi egoerak iraun bitartean udal zerbitzuetan lan presentziala egin duten beharginei COVID-19 testak egitea eskatu du sindikatuak.