EAJ eta PSEk "herriaren beharrak alde batera utzi" dituztela dio EH Bilduk
Udalen finantziazio murrizketen aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lerrokatu izana leporatu die EH Bilduk jeltzale eta sozialistei. 2.346.393 euro gutxiago jasoko ditu Pasaiak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak udalen finantzaketa %20 murriztu izanak, Pasaiako EH Bilduren kexua eragin du. Koalizioaren aburuz, aldundiak “aldebakarrez” hartutako erabakia izan da eta neurria salatzearekin batera, haiek “komunikabideen bidez” jakin dutela gaitzetsi dute. EH Bilduren oharrak dionez aldundiaren murrizketa, kolpe handia izango da Pasaiako Udalaren diru sarrerentzat, “2.346.393 euro gutxiago jasoko dugula suposatzen du, Pasaiako aurrekontuaren %10a, hilabete honetatik bertatik hasita”.
Udal gobernuak agertutako jarrerak “atsekabeturik” utzi ditu, abertzaleen mozioa atzera bota baitzuten, “bien artean duten gehiengoa baliatu zuten gure proposamena atzera botatzeko. Haiek onartu zuten adierazpenak ez du erabakia salatzen ezta Aldundiari erabakia birpentsatzeko eskatzen ere”. Alderdien aginduak jarraitzen ari direlakoan, “herriarenak ez diren interesekin” lerrokatu dira EH Bilduren arabera, erabakiak herrian hartu ordez.
EH Bildu agintean den Oiartzun, Errenteria eta Zumaiako udalak eredutzat jo dituzte. Hiruretan COVID19ak eragindako krisi politiko eta sozialari aurre egiteko “diru laguntzak eta ekimenak” eskaintzen ari dira. Pasaiako Udalak antzeko neurriak “lehenbailehen” hartzea eskatu du Pasaiako EH Bilduk.