Omendurik gabeko ezohiko madalenak
Omendu ofizialik ez, baina aurten ez ohikoak izango diren madalenetan balioan jarriko du udalak komunitatearen erantzuna, "herri gisa erantzun izana".
Plenoak saioa egin zuen atzo, telematikoki. Mahai gainean 13 puntu zituzten alderdi politikoetako ordezkariek eztabaidatzeko, eta bozketa egitea eskatu zuten guztiak, aho batez onartu zituzten atzoko saio horretan. Gaien artetik batek hartu zuen denbora gehien: aurtengo madalenetako omenduak izendatzeko deialdia hutsik uztea eskatzen zuena, hain zuzen ere.
Bat etorri ziren alderdi guztiak horretan; ez da baldintzarik ematen jaiak ohiko moduan, orain arte bezala ospatzeko, eta ez dira, beraz, omenduak merezi moduan eta orain arte besteekin egin den baldintzetan aitortza egiteko oinarriak ere betetzen. Aizpea Otaegi alkateak egin zuen proposamenaren aurkezpena. Egoera aintzat hartuta, eta dena ondo bidean, deseskalada amaitu berria izango da madalenak ospatzen diren datetan, “ez ditugu, beraz, ohiko moduan ospatuko. Herri gisa egoera oso zailari egin diogu aurre, elkartasunez aritu gara, elkar zaintzen, zaintza eta pertsonak erdigunean jarrita”.
Lehen lerroan aritu eta egun ari direnak gogoan izan zituen alkateak. “Aitortza zuei guztiei, eremu publiko zein pribatuan zaintzan aritu zaretenei, zaintza sare komunitarioan aritu zaretenei, Babes Zibila, Gurutze Gorria, norbanakoak, ikastetxe eta irakasleak, auzoetan elkar babesteko sortutako sare orotan aritu zaretenei, zaurgarrienei elkartasuna adierazten aritu zaretenei…”.
Hiru puntu zituen proposamenak: COVID-19ak eragindako egoera berezian aurten omenduak izendatzeko deialdia hutsik uztea; eskerrak ematea omendu izateko hautagaitza aurkeztu dutenei, eta 2021ean aurkeztuko direnekin batera aurten aurkeztu diren horiei aintzat hartzeko konpromiso politikoa erakustea; eta, jaiak ezohiko moduan ospatuko badira ere, horien datetan balioan jartzea komunitatearen erantzuna, herri gisa erantzun izana.
Aho batez onartu zuten alderdiek proposamena, eta bere ekarpena egin zuten ondoren. Jon Collar Elkarrekin Errenteriako bozeramaileak hartu zuen hitza lehenik errenteriarrak erakusten ari diren jarrera goraipatzeko: “Zaintza jarri dute oinarrian herritarrek, erantzunkideak izaten ari dira, eta elkartasuna erakusten ari dira. Komunitatea gara eta komunitate gisa erantzuten ari gara; esfortzu kolektibo hori aitortu egin behar dugu”. Aipamen berezia egin zien Collarrek Errenteria-Oreretako tokiko saltokiei: “Herria bizirik mantentzen duten komertzioei. Lanean aritu dira, lehen lerroan, herritarren beharrak asetzeko horietako asko. Beste batzuk itxita. Inoiz baino gehiago behar gaituzte orain, inoiz baino beharrezkoagoa dute gu kolektibo hori aurrera egiteko”.
Madalenak ez dira betikoak izango, baina jaien izpiritua berdin mantenduko den zalantzarik ez du EAJko Elixabete Muruak. “Harro gaude osasun krisi honi errenteriarrek eman dioten erantzunarekin: lehen lerroan aritu direnekin, etxean gelditu direnekin…”. Pandemiak eraginda edota garai horretan hil direnak izan ditu gogoan Muruak, gainera. Bestalde, Errenteria hiribildu eratu zeneko 700. urteurrenaren ospakizuna nabarmendu du, “gure herriaren izaera balkoi eta leihoetan aldarrikatu zenuten bizilagunek. 40.000 omendu behar genituzke baten ordez; eta 40.000 izanda ere bakarra bezala litzateke, garai gogor hauetan herritar guztiak bakarra izan zaretelako”.
Aitortza global horrekin bat egin zuen Jose Angel Rodriguez PSE-EEko bozeramaileak, “osasun larrialdi honetan lehen lerroan aritu diren horiei guztiei aitortza kolektiboa izan behar duela uste dugu”.
Esposizio zabalagoa egin zuen EH Bilduko Itziar Ostolazak. Komunitatea, konpromisoa eta zaintza lehen lerroan eta hizki handiz kokatu zituen bere mintzaldian: “Jaiak bereziak direla badakigu, jai batzordeko kideen lanaren ondorioz egitarau zabal izaten dugu herri bizia bost egunez, are biziagoa bihurtzeko; topaketa sozial bizien epizentro bihurtzen da Errenteria”.
Azken horiek, derrigorrean, alde batera uztea ekarri du COVID-19aren osasun larrialdiak, “elkar zaintza lehenetsi dugu, finean, zaintza, komunitate kohesionatu baterako bermea delako”. Aurtengo jai berezi horietako omenaldi “xumea” herria eta herritarrak zaindu dituzten guztiei eskainiko diotela erantsi zuen Ostolazak, “zaindu gaituzuen emakume eta gizonei, komunitatearen sustengu izan zaretenei: garbitzaileak, sendagileak, erizainak, irakasleak, etxez etxeko langileak, farmazeutikoak, ikasleak, Babes Zibila, LGTBI+ Mahaia, erresidentzietako langileak, kazetariak, osasuna bermatzeko tabernak ez irekitzeko hautua egin duzuenei, etxetik telelanean ari zaretenei. Eskerrik asko bizilagunari ogia erosi diozuenei, haur eta nerabeei etxean gelditu zaretelako…… interes pertsonalen gainetik komunitate zaintzaile izan zaretelako”.
Mugimendu feminista izan zuen hizpide ondoren, eta azken horrek aspaldian egin duen zaintza erdigunean jartzeko aldarria lehen lerrora ekarri Ostolazak, “tamalez ez zaio zaintzari merezi duen tokia ematen”. Ekonomia feministaren ikur nagusia den Amaia Perez Orozcoren hitzak bere egin zituen zinegotziak atzoko saioan, eta gogora ekarri, zaintza lanak, gaur gaurkoz, zapalduak, ikusezinak eta feminizatuak direla. Bizitza eta kapitala aurrez aurre jarri zituen bestalde, Ostolazak, eta nabarmendu du COVID-19aren krisian kapitala jarri dutela batzuk osasunaren gainetik, “gure herriak bizitzak eta zaintza jarri ditu erdigunean, EH Bilduk bizia jartzen du erdigunean, bizitza bizigarrien alde egiten dugu. Komunitate zaintzailea izaten ari gara osasun larrialdi egoera honetan; komunitate zaintzailea izan gaitezen krisi testuingurutik at ere, eta jarrai dezagun eraikitzen bizitza erdigunean jartzen duen herria”.