COVID-19ak hildakoak omenduko ditu Duintasunak
Hitzordua Herriko Plazan egin dute astelehenean, 11:00etan. Jubilatu eta pentsiodunak deitu dituzte parte hartzera, baina baita gainontzeko herritarrak ere.
Kaletik atera ditu COVID-19ak jubilatu eta pentsiodunak, eta beste ekintza askoren antzera, hileko lehen asteleheneko elkarretaratzerik ez du egin Duintasuna elkarteak. Beraien eskaerek, ordea, inoiz baino zentzu gehiago hartu dute osasun larrialdi honetan, kolektibo zaurgarrienetako bat bihurtu dituen pandemiak, agerian utzi du osasun sistema publiko indartsu baten garrantzia, eta erdigunean kokatu du zaintza. Adinekoen erresidentzien pribatizazioaren ondorioak ere agerikoak izan dira, zoritxarrez; zahartzaro duinerako eskubidearen aldarriak inoiz baino zentzu handiagoa hartu du koronabirus aroan.
Astelehenean kalera itzuliko da Duintasuna. Oraingoan, COVID-19ak hildako guztiak izango ditu gogoan, bereziki adinekoen erresidentzietan hil diren horiek guztiak. Sinbolikoa eta xumea, halakoa izango omen da omenaldia; bihotzez eginekoa ere. Omenaldi horretan, murrizketen kontrako mezuak zabalduko dituzte, kalitatezko osasun zerbitzuak aldarrikatzen, kalitatezko zerbitzu sozialak eskatzen, eta historikoa den beren eskakizunarekin: 1.080 euroko pentsio duina, zahartzaro duina bermatzeko.
Hitzordua Herriko Plazan egin dute astelehenean, 11:00etan. Jubilatu eta pentsiodunak deitu dituzte parte hartzera, baina baita gainontzeko herritarrak ere.