Pasaiako taberna guztiak ordu erdiz itxiko dituzte gaur ostalariek, haien egoeraz ohartarazteko
Pasaiako Udalaren sostengua eskatzeko, 19:00etatik 19:30etara Pasaiako taberna guztiek ateak itxiko dituzte. 19:00tan elkarretaratzea egingo da Antxoko Gure Zumardian.
Pasaiako ostalariek protesta berri bat deitu dute gaurko, bizi duten egoera larriaz ohartarazteko. Pasaiako taberna guztiek itxiko dituzte gaur ostalariek, 19:00etatik 19:30etara. Era berean, 19:00etan Antxoko Gure Zumardian elkarretaratze berri bat egingo dute, udalari iragarritako sostengua eman dezala eskatzeko.
Asteartean lehen aldiz kalera atera ziren ostalariak, segurtasun neurriak zainduz. Orduan adierazi bezala, maiatzaren 5ean Izaskun Gomez alkatearekin bildutakoak ziren, baina ordutik ez zuten haren mezu berririk jaso. Alkatea haiekin harremanetan jarri ezean berriz ere mobilizatuko zirela esan zuten; eta esandakoa bete dute.
COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoak ataka larrian jarri ditu Pasaiako ostalariak. Udalari jarraibide zehatzak eta babesa eskatzen diote. Udalak atzo jakinarazi zuen 250.000 euroko diru laguntzak tokiko ostalaritza eta merkataritzara bideratuko direla. Oraingoz baina, ez dute iragarri zeintzuk izango diren laguntza horiek eskatu ahal izateko baldintzak.