[Elkarrizketa] «Nire motxilan beti daramat zapi arrosa»
1980ko maiatzaren 14an euskal mendizaleek munduko gailurra jo zuten lehen aldiz. Felipe Uriarte sanjuandarra lorpen nazional horren parte izan zen. 76 urte beteta, gidari gisa jarduten jarraitzen duela azaldu dio mendizaleak HITZAri.
1980an iritsi zen saria, baina espedizioa bera askoz lehenago hasi zen ezta?
1960ko hamarkadarako mendizaletasuna dagoeneko nahiko garatua zegoen Euskal Herrian. 1968an urrats handia eman zen, Europatik kanpoko lehen espedizioak antolatu baitziren Peruko Mendilerro Zurira. Igo gabe zeuden tontorrik altuenak igotzea lortu zuten; Ayucunraju, Uchuraju eta Atunraju.
Espedizio hartatik ateratako taldetxo batek beste espedizio bat antolatu behar zela erabaki zuen. 1971an, udako egun batez, Gasteizko Dato kalean garagardo batzuk edaten ari zirela, Everest igotzea bururatu zitzaien Juan Ignacio Lorente, Juan Carlos Fernandez eta Angel Roseni. Egun berean Angel Landa ere batu zitzaien. Une hartan, Landa Euskal Herriko eskalatzailerik indartsuena zen. Taldea osatuta, Everest igotzeko baimena eskatzeari ekin zioten lauek. Garai hartan Nepalgo gobernuak bi baimen baino ez zituen ematen urtean, bata udaberrian eta bestea udazkenean. Gainera, aurrez aurre eskatu behar zen. Juan Ignacio Lorente eta Txomin Urbieta joan ziren Katmandura eta 1974ko udaberrirako baimen bat lortu zuten.
Orduan jaio zen Tximist espedizioa?
Bai. Baimena lortuta, hurrengo pausua, dirua lortzea izan zen. Cegasa enpresako buru Juan Zelaiak jarri zuen babes hori. Cegasak Tximist izeneko pilak egiten zituen; alde batetik marketin operazioa zen, bai, baina Juan Zelaia gizon abertzalea zen, eta 1970eko hamarkada hartan pentsatu zuen ikurrina munduko gailurrik altuenean ikusteak asko emango ziola Euskal Herriari. Zera esan zigun Zelaiak, ‘zuek jar zaitezte lanean. Dirua, nire kontu’. Kontutan hartu behar da gutxik lortu zutela Everest igotzea eta garai hartan munduko estatu indartsuenak lehian ari ziren haien banderak gailurrean jartzeko.
Noiz egin zenuen zuk bat espedizioarekin?
1969rako Euskal Herritik kanpo egindako espedizioetan parte hartzen nuen. Alpeetako Chamonix herrian hainbat hilabete eman nituen, baita pare bat igoera interesgarri burutu ere. 1972an, Tximist espedizioko taldea osatzen ari zirela, nire lanaren berri izan zuten eta haiekin Everestera joatea eskaini zidaten.
Nolakoa izan zen lehen espedizio hura?
Oro har dena bikain atera zen. Lanean ongi eta gustura aritu ginen, eta maiatzerako gailurrera lehen saiakera egiteko prest geunden. 12an Angel Rosenek eta biok azken kanpalekuan, 8.600 metrora, egin genuen lo. Gauean zehar eguraldia okertu egin zen. Esnatu ginenean giroa oso haizetsua zen. Bi saiakera egin genituen, baita hiru ere, baina ez genuen lortu eta kanpalekura itzuli ginen. Posible ez zela izango ikusita, jaistea erabaki genuen.
«Everesten beste edozein nazioren pare jarri genuen Euskal Herria»
Gurearen ondoren beste pare bat saiakera egin zituzten, baina haiek ere ez zuten lortu, eguraldi txarra zela eta. Gailurretik 300 metrora gelditu zinen. Everestetik jaitsi eta berehala, baimen berri baten bila joan ginen Katmandura.
1980rako baimena?
Ez. Berez, 1982rako eman ziguten. 1980an sobietarrak ziren joatekoak, baina haien lekua utzi ziguten. Urte hartan Sobietar Batasunak Olinpiar Jokoak hartuko zituen, eta dirudienez ez zitzaien egoki iruditzen bi lorpenak urte berean gertatzea. Gurekin harremanetan jarri ziren eta datak aldatzea eskaini ziguten.
Nola garatu zen 1980ko igoera?
1974an egindakoa hobetzera joan ginen. Orduan ere lan txukuna egin genuen eta maiatzerako, 8.100 metrora, mendia prest genuen. Maiatzaren 7an egin genuen lehen saiakera. Garai hartan txandaka egiten ziren; taldeko hamabi kideak bost txandatan abiatu ginen. Maiatzaren 9an Fermin Garaio eta Nin Tenba xerpak, hego gailurrera iristea lortu zuten. Nekez iritsi ziren, elur asko zegoen eta.
Martin Zabaletak, Juan Ignacio Lorentek eta hainbat xerpak osatzen zuten bigarren taldea, eta azken soka-taldean Xabier Erro, ni eta bertako xerpa batzuk ginen. Maiatzaren 14an bigarren taldeko hiru xerpek bidea oso goraino ireki zuten eta 15:00etarako, Martin Zabaleta eta Pasang Tenba xerpa gailurrera iritsi ziren. 3. kanpalekuan geundela, jakin genuen Martinek eta Pasangek ikurrina gailurrera eraman zutela. Jaistean arazoak izan zituzten, eguraldia zela medio. 8.700 metrotara lo egin behar izan zuten biek; lo zakurik gabe altuera horretan lo egitea. oso arriskutsua da. Hortaz, ordutik aurrera haiei jaisten laguntzea erabaki genuen Errok eta biok.
40 urte igaro dira, baina jendeak oso ondo oroitzen du zuen espedizioa. Noiz ohartu zineten lortutakoa kirolaz harago zihoala?
Garai hartan Everest igotzea nazio langintza zen; estatu boteretsuenek nahi zuten haien bandera gailurrean ikusi. Gu, estaturik gabeko nazioa izanik, herri txiki, xume eta pobre batekoak, edozein nazioren pare jarri genuen Euskal Herria ikurrina Everesten jarri genuenean. Ez ginen ohartu, baina jendeak hala sentitu zuen. Ordura arte herrialde gutxik lortu zuten hori; frantsesek, adibidez, 1978an jarri zuten euren bandera han.
Harrera ederra egin zizueten bueltan?
Loiun lur hartzerakoan, aireportua jendez gainezka zegoen, kazetari asko zeuden… ezin genuen sinetsi. Orduan jabetu ginen mendizaletasunaz harago naziogintzan ere urrats handia eman genuela. Herri batetik bestera ibili ginen, omenaldiz omenaldi, kiroldegiz kiroldegi. Oso pozik zegoen jendea, baita gu ere. Ederra da herriarentzako lan egitea.
Zuen ondoren goi mailako euskal mendizale ugari iritsi dira. Bide bat hasi zenuten?
Bai, baina ez ginen bakarrak izan. 1979an Nafarroatik joandako espedizio batek Dhaulagiri igotzea lortu zuen. Gerardo Plaza, Xabier Garaioa, Iñaki Aldaia izan ziren 8.000ko bat igo zuten lehen euskal herritarrak, Jordi Pons eta Ang Rita xerpa lagun zituztela. Gure bi espedizioek Himalaiako atea zabalik utzi zuten, eta ordutik goi mailako euskal mendizale askok zeharkatu dute ate hori, tartean hamalau 8.000koak igo dituzten hiru euskal mendizaleek.
Nondik dator euskal herritarrek mendiarekiko duten zaletasun estu hori? Betikoa da, ala azken mendeko aldaketa sozioekonomikoek bultzatu dute?
Zaila da galdera horri erantzutea. Argi dagoena da gure herria menditsua dela. Nepalera joan nintzen lehen aldian etxean bezala sentitu nintzen. Hango mendiek 8.000 metroko altuera dute, eta hemengoek gehienez, 2.500; baina menditsuak dira biak. Gure arbaso asko artzainak ziren eta jende asko hirietan bizi arren, herri txikietatik gatoz gutako asko. Agian hori dela-eta deitzen gaitu mendiak.
Horrez gain, herri pobrea izandakoa gara, eta askok Amerikara eta beste hainbat tokitara joan behar izan zuten aurrera atera ahal izateko. Ziur asko kanpora ateratzeko grina horrek ere eramango gaitu munduko mendietara.
Dena dela, Everestek ez dezala zure ibilbidea estali. Goi mendietako gidari gisa jarduten duzu, jakin daiteke zenbat espediziotan parte hartu duzun?
Ezingo nizuke esan. 8.000koetan hainbeste ez. Baina Aconcaguaren gailurra (6,962 metro, Amerikako altuena) hemeretzi aldiz jo dut, beti lanarekin. Montblanc, bestalde, 53tan igo dut. Nepalen 80 bat trekking gidatu ditut eta 7.000ko dezente egin ditut ere… Everest ondoren goi mendiko gidaritzan hasi nintzen, eta oraindik ere, 76 urterekin jarraitzen dut.
Zaila izan behar du aukeratzea, baina zeintzuk dira zure mendi kutunak?
Lehenik eta behin Jaizkibel aipatuko dut, nire sorterriko mendia. Jaizkibel toki zoragarri bat da, historiaz betea. Bertan sortu direnentzat miresgarria da. Luzaz mehatxatuta izan da, baina superportu madarikatuaz salbatu da. Euskal Herrian maite dudan beste bat Balerdi da. Oraintxe bertan bere azpian kokatuta nago, eta kontxo, nire bizitzako mendietako bat da.
Everest ere aipatuko nuke. Oso gertu izan arren ez dut gailurra egin, hala ere, oso ongi tratatu nau mendiak. Arriskutsuak diren hainbat puntu baditu ere, nik ez dut inoiz arazorik izan eta lana beti gustura egin ahal izan dut.
Gaintza eta Oñati artean bizi arren, sanjuandar peto-petoa zara, ezta?
Bai, eta harreman estua mantentzen dut sorterriarekin. Ama bizi zenean astero joaten nintzen. Orain ez hainbeste, baina agertzen naiz noizbehinka. Dena den, bertan ez izan arren, emozionalki beti nago lotuta herriarekin. Ni sanjuandarra naiz, Pasai Donibane da nire herria eta harrotasunez diot beti. Herri berezia da, arraunari lotua ezinbestean: estroboaren zaratak bihotzaren taupadekin egiten du bat bertan. Nire motxilan beti daramat zapi arrosa.
«Manu Badiola mendizale antxotarra gogoan izatea gustatuko litzaidake»
Herriari buruz ari garela, Pasaiak eman duen mendizale onenaren izena gogora ekarri nahiko nuke; Manu Badiola antxotarra. Ibilbide laburra, baina oso interesgarria egin zuen Himalaian. 1991n, Makalu mendian, mendebaldetik igoera oso zaila egin ondoren, Carles Valles mendizale katalanarekin, gailurretik gertu zela erori zen Manu. Antxotar mendizale handi hura gogoan izatea gustatuko litzaidake. Mendizale gazte bat ere nabarmendu nahiko nuke, Kepa Berasategi, Juanba Berasategi zinemagilearen semea. Mendizale aparta da, Alpeetan ibilbide interesgarria burutzen ari da eta bere lana kontutan hartzekoa da.