[Erreportajea] Ez ohiko normaltasunerantz
Arinaldiaren bigarren fasean sartu dira Oarsoaldea eta Bidasoa, eta eguzkiak lagunduta herritarrek kaleak bete dituzten arren, kontraste nabarmena dago herrien eta auzoen artean.
Udaberri giroak lagunduta iritsi da arinaldiaren bigarren fasea Oarsoaldera eta Bidasoara. Herritarren aldarte aldaketa nabaria izan da, eta edozein ordutan ateratzeko baimenak erabat aldatu du martxoaren 14tik kaleek utzitako irudia. Isiltasuna hautsi, eta terrazak, kaleak, errepideak, hondartzak, mendiak…. berreskuratzen saiatu dira herritarrak. Hori bai, maskarak jantzita eta segurtasun tartea gordez gehienetan: ongi etorri ez ohiko normaltasunera.
Herri edota auzo guztietan, hala ere, bigarren faseak ez du eragin berbera izan, eta irudi zeharo ezberdinak utzi dituzte azkenaurreko fasearen lehen egun hauek. Irunen, esaterako, Behobia auzoan, zonbien apokalipsiaren ondorengoak dira Hitzak hartutako irudiak. Hesiek, kale hutsek eta komertzio zein taberna gehienak itxita egoteak film apokaliptikoren baten itxura hartzen du. Zero guneak muga administratiboa ireki arte itxoin beharko du ohiko zarata eta mugimendua berreskuratzeko.
Irungo erdialdean oso bestelakoa da irudia. Establezimendu askok pertsiana igo dute dagoeneko, eta jendearen joan-etorria nabaria izan da egunotan. Errenteria-Oreretak ere antzeko egoera bizi duela harrapatu dute argazki kamerek. Mugitzeko askatasun handiagoa izateak toki batzuk hutsarazi eta beste batzuk bete ditu. Niessen merkatalguneko supermerkatuan, arratsaldetan behintzat, ez da lehengo ilara distopikorik ikusten. Plaza eta parkeak haurren alaitasunez betetzen ari dira, baina kulunkek herdoiltzen jarraitu beharko dute. Fanderiako eta Gabierrotako paseatzeko bideetan fluxua txikiagoa da.
Oiartzunen eta Lezon ere, terrazen bila atera dira herritarrak eta horiek bete dituzte udaberri giroak lagunduta. Bidegorrien arintzea ekarri du bigarren faseak ere bi herrietan. Komertzioei dagokienez, ohikoak bihurtu diren ilarak mantendu dira toki gehienetan.
Kostaldea aitzakia
Hondarribian eta Pasai Donibanen kosta inguruko bideak jendez gainezka egon dira kirola egitera ateratzea baimendu zenetik. Ordutegiek, ordea, jende pilaketak eragiten zituzten, eta segurtasuna bermatzeko zailtasunak izan dituzte herritarrek. Kirola egiteko udalerriz aldatzeko baimenak egoera areagotu zuen, eta Hondarribiko Udalak, esaterako, oinezkoen eta bizikleten mesederako zenbait neurri hartzera behartuta ikusi zuen bere burua. Ordu mugen debekuaren indargabetzeak zeharo aldatu du pilaketen arazoa, baita taberna gero eta gehiagok ireki izanak ere. Irudia, beraz, erabat ezberdina da eta Hondarribiko hondartza, kai berria, kirol kaia zein badiako paseoa berreskuratu dituzte herritarrek eta arrantzaleek.
Pasai Donibanen, gutxinaka, ohikoak ziren ekintzak ikus daitezke berriz ere kaleetan; haurrak jolasean, igerilariak, arrantzaleak ala besterik gabe, Alabortza inguruan eguzkiaren azken izpiez gozatzen aritu direnak.
Lasaitasuna eragin die herritarrei bigarren faseak, eta euren itxaropen osoarekin arintzearen bukaeran jarri dute begirada.