Manchester Txikia, ohorea edo gainbehera Errenteriarentzat?
Hamar egunez, egun bakoitzeko galdera bat erantzungo du Miguel Angel Barcenilla Lopez historialari eta ikerlariak. 700 urte bete ditu aurten hiribildu eratu zenetik Errenteriak, eta Barcenillak industrializazio garaiko zehaztasunak emango ditu. Herriaren historian murgiltzeko azalpen interesgarriak eman ditu historialariak, Errenteria nondik datorren eta nora doan ulertzeko lagungarriak. Honakoa, bederatzigarrena.

Hamar egunez, egun bakoitzeko galdera bat erantzungo du Miguel Angel Barcenilla Lopez historialari eta ikerlariak. 700 urte bete ditu aurten hiribildu eratu zenetik Errenteriak, eta Barcenillak industrializazio garaiko zehaztasunak emango ditu. Herriaren historian murgiltzeko azalpen interesgarriak eman ditu historialariak, Errenteria nondik datorren eta nora doan ulertzeko lagungarriak. Honakoa, bederatzigarrena.
Manchester Txikia bihurtzea ohorea edo gainbehera izan da herriarentzat?
Ez dakit, neurtezina da hori eta gainera oso partikularra. Hasieran inpaktu ezkorra izan zuen langileen populazioan. Denbora pasa ahala, lauzpabost langile belaunaldi pasata, gauzak hobera egin zuten, herrian higienea eta etxebizitzak hobetu zituzten, soldatak apur bat igo zituzten, lan baldintzak ere pixka bat hobetu zituzten, eta 1919an, zortzi orduko lanaldia lortu zuten langileek.
Alde batetik, hobekuntza objektiboa bazegoen baina kurioski hobekuntza hori ematen ari zenean, gatazkak sortu ziren, konfliktibitatea. Soldata hobetu zuten, estatua esku hartzen ari zen legislazio bat sortuta lan baldintzak hobetzeko, erretiro aseguru xume bat sortu zen; momentu batean hori ere adierazten du heriotza tasak, 1920 inguruan heriotza tasa orokorra eta umeena hiribilduan eta baserrietan berdintzen da.
Elektrizitatea eta komunikazioa sartzen dira: topoa, trena, telegrafoa, telefonoa, kirol taldeak ere sortzen dira… Bizi kalitatea eta baldintzak hobera egiten dute, baina une honetan eztanda handia sortzen da, eta gatazka giro handia ; 1916-1917an, langileek greba pila bat egin zituzteb. Baldintza oso txarrak zirenean ez zegoen protestarik, baina 1916an hasi ziren grebak egiten herrian, 1918-1920 ia lantegi guztiek grebak egin zituzten soldata eta lanaldi hobeen alde. Guardia zibilaren errepresioaren kontra ere egin zuten langileek greba 1920an.
Gauza bat da hobekuntza objektiboa, eta bestea da langileek zer nahi duten, zenbateko kontzientzia duten. Gehiago eskatzen dute, aberastasunaren banaketa handiagoa. Kontzientzia hartzearen hasiera izan daiteke.
Industria oso inportantea zen, lana ematen zien langileei eta aberastasuna beste batzuei. Herriaren irudia gogortzen du beste herrien aurrean, baina bestaldetik, halako borrokak, halako gatazka giroa sortzen da. Gero, Primo de Riveraren diktadurak errepresioa erabili zuen gatazka giro hori eteteko, baina berriro errepublikan, diktadura erortzen den momentuan sortzen da berriz ere gatazka giro hori; beste diktadura batek baretuko du, biolentziaz. Baina errepresio hori jada indarrean jartzen denean berriro agertzen da langileen borroka gogorra.
Irudi ona dauka industria edukitzeak herrian, baina beste aldetik zerbait eskatzeko zeukaten langileek. Harrotasun bat dago langileak gara, zenbat industria, handitzen eta garatzen ari gara herria, baina atzean badago hain polita ez den beste alde bat; pobrezia, eta higiene falta ere badaude. Bi aldeak daude, beraz. Ikuspuntua zein den aldatuko da: ekonomiko teoriko hutsa bada, garaipen handia da halako garapena.
Errenteria industrial horren meritu guztia errenteriarrek eta herriak duela ematen du, baina nik argi daukat ez dela horrela, alderantziz baizik. Aukeratu zuten Errenteria kapitala hedatzeko, aurkitu Errenteria beren industria sartzeko eta horren adibide da Olibet Galleta fabrika. Frantzian bazuen enpresa. Bordelen gozogile artisaua zen Olibeten aita eta bere komertzioa zuen. Ingalaterrara joan zen sema ikustera nola industrializatzen ari ziren galleten mundua; Bordelera joan eta fabrika zabaldu zuen, Frantziako lehenengoa, oso ospetsua zen, eta gero Parisen beste fabrika bat zabaldu zuen. Espainiako merkatuan aukera ona zeukan, baina Frantziatik ezin zuen bere produktua sartu muga-zergak altuak zirelako, oso garestia suertatzen ziren biskuit eta galletak Frantziatik ekarrita.
Espainiako Estatuko merkatuan sartu behar du fabrika bat muga-zergarik gabe, ez dago hedatua Espainiako estatuan biskuiteria industriala eta aukera bat dute hor sartzeko. Hori erabakita, kokapen egoki bat aukeratu zuten: trenak Gaztelatik irina ekartzen zuen fabrika atarira arte; portutik zetorren Kubako kalitatezko azukrea portua bertan izatea ere garrantzitsua zen hortaz, eta inguruko baserrietatik gurina, esnea, eta arrautzak ekartzen zituzten; beste gauza oso garrantzitsua klima da. Hezetasuna eta ura urte osoan edukitzea oso garrantzitsua zen adibidez ehungintza edukitzeko. Kapitala Frantziatik dator, teknikoak ere bertatik heltzen ziren bertakoei irakasteko, eta gero herritik kanpoko langile pila bat ekarri zituzten.
Ez da Errenteriak aukeratu duelako, beste norbaitek erabaki zuen hala izatea.
Fabrika txikiagoak sortu ziren, desamortizazioan herrian pilatutako kapitalekin. Oiartzun inguruan industriara doaz, badago iniziatiba bat ere, egia da, baina oso txikia zen. Olibeten kasu berbera da Papelera Vasco Belgarena, gerora Papelera Española izan zena, Fabril Lanerarena, eta Compañia Asturiana Belgarena. Leku ezberdinetako kapitala heldu zen, baita Madrilgoa ere..
Langileak kanpotik ere heldu ziren, ez iren denak Errenteriakoak.