Erabakitzeko ahalmena aldarrikatuko dute igandean
"Herritarrek hemen" erabakitzea eskatuko dute datorren igandean, Done Eztebe plazan. Bakoitzaren aldarria idatzita eramatea eskatu dute.
Hamaika Garak deituta, erabakitzeko ahalmenaren aldeko mobilizazioa egingo dute datorren igandean, hilak 7. “Herritarrek hemen” erabakitzearen aldeko jarduera izango da.
Herritar bakoitzak bere aldarria eraman beharko du Done Eztebe plazara, kartulina batean idatzita. Bertan utzi beharko dute erabakitzeko ahalmenarekin zerikusia duen aldarria. Hiru ordutegi egongo dira, jende pilaketak saiheste aldera: 11:00etatik 12:00etara familien txanda izango da —Familien Aldarria izena jarri diote—; 12:00etatik 13:00 gazteena —Gazteen Indarra—; eta 13:00etatik 14:00etara, gainontzekoena —Herritarron Erabakia—.
Jende pilaketak saihesteko finkatutako ordutegiez gain, osasuna zaintzeko neurriak hartuko dituzte antolatzaileek.
Hamaika Gara dinamika Euskal Herri osoko 24 eragilek osatzen dute, Gure Eskuk hauspotuta. Erreferenduma herritarrentzako tresna gisa aldarrikatzea da helburua, erabakitzeko eskubidea egikaritzeko.