[Galeria] Bizitzaren aldarria egin dute, George Floyd gogoan
Herritar talde batek deituta, elkarretaratzea egin dute Herriko Plazan. Maiatzaren 25ean poliziak hil zuen afroamerikarra gogoan izan dute.
Herritar talde batek deituta, bizitzaren aldarria egin dute gaur eguerdian Herriko Plazan. Maiatzaren 25ean AEBetako poliziak hil zuen George Floyd gizon beltza gogoan izan dute. Herrialde hartako protesta olatuak, modu horretan, Errenteria-Orereta zipriztindu du.
Bi aldarri egin dituzte, bata bestearekin lotuta badaude ere. Batetik, bizitza handiena dela aldarrikatu dute. Bestetik, arrazakeriarekin bukatzeko eskatu dute.
Elkarretaratzea bi abestik lagundu dute: Mikel Laboak, Bertolt Brechten poema batean oinarrituta, sortu zuen Gaberako aterbea eta Fermin Muguruzaren Black is Beltza.
Ondoren, beltzei Ameriketan biziarazi dieten zapalkuntza egoerari errepaso azkar bat eman diote. Gainera, Errenteria-Oreretako kale izendegian Ikutza kortsario “hiltzailearen” zein Peñafloridako konde “esklabistaren” izenak egotea arbuiatu dute.
Horrez gain, norberak erabiltzen duen eguneroko lengoaiari buruzko gogoeta batekin ohartarazi dute arrazakeria gauza txikienetan ere egon daitekeela. Adibidez, zerbait gaizki ateratzen denean edo etorkizun kaskarra irudikatzea beltz terminoarekin definitzea.
Bukatzeko, gogorarazi bihar eguerdian beste elkarretaratze bat egongo dela, SOS Arrazakeriak deituta. Donostiako Bulebarrean izango da, 12:00etan hasita.
