Xabier Leteri buruzko saiakera aurkeztu du Alex Gurrutxagak
Doktore-tesi batean oinarrituta dago Alberdaniaren 'Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria'. Leteren bizitza, obra eta testuingurua aztertzen ditu.
Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria saiakera aurkeztu dute gaur goizean, bideokonferentzia bitartez. Alex Gurrutxagak idatzi du, eta Alberdaniak argitaratu. Iragarri dutenez, etzi —asteazkena, hilak 10— liburua erdi prezioan egongo da, formatu elektronikoan, Alberdaniaren webgunean.
Jorge Gimenez Bech Irungo argitaletxeko editoreak hartu du lehenengo hitza. “Nire belaunaldiko euskaldunentzat, Lete figura totemiko bat bat da, zentzurik beteenean”, adierazi du.
Hala ere, erreferentzialtasun hori ez die belaunaldiko kideei bakarrik gorde. “Susmoa dut”, jarraitu du Gimenezek, “hori ez dela guretzat bakarrik horrela. Esango nuke edozein euskaldunentzat dela Lete ezinbesteko erreferentea, olerkigintzan bezala kantagintzan ere, herrigintzan bezala jarrera etikoen eraikuntzan ere, hala nola beste hainbat eta hainbat alorretan”.
Lete bezalako figura “erraldoi” bati egin dakiokeen omenaldirik onena haren obra, obraren nondik norakoak eta pertsona bera hobeto ezagutu eta ulertzeko baliabideak ematea da. Saiakera horrekin, Gurrutxagak hori egin duela ziurtatu du editoreak.
Anjel Lertxundiren hitzak gogoraraziz, Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria liburuan sorpresa asko aurki daitezkeela esan du, baita Leteren obra eta pentsamendua sakonki ezagutzen duten horiek ere. Ezagutzen ez duenarentzako, berriz, ibilbide publiko zein pribatua ezagutzeko zubia dela zehaztu du.
Gurrutxagaren doktore-tesia abiapuntu izanagatik, eleberri bat bezain irakurterraza dela ziurtatu du Gimenezek.
Hiru zati
Liburua pieza askorekin osatuta dagoela jakinarazi du Gurrutxagak, eta talaia askotatik begiratzen diola Leteren sorkuntza lanari eta mundu poetikoari.
Hiru zatitan banatu du liburua. Horietako bakoitzean, pieza batez bestean labur ugaritan, poemak edo abestiak komentatzen ditu, itzulpenei buruz hitz egiten du, testuinguruan edo elementu biografikoetan sakontzen du, tarteka kantaldietako pasadizoak hartzen ditu hizpide…
Poeta oiartzuarra zenaren ibilbidea ulertzeko 21 poema eta abesti txertatu ditu liburuan zehar. Gainera, argitaratu gabeko zortzi lan sartu ditu.
Errezitaldia
Liburuaz gain, Leteren obra gehiago hurbiltzeko, Gurrutxagak berak eta Joana Otxoa de Alaiza pianistak Txori kantazale: Xabier Lete berrezagutzen izeneko errezitaldia prestatu dute. Eusko Ikaskuntza – Laboral Kutxa Gazte Saria irabazi dute.
50 minutu inguruko ekitaldia da, pianoaren doinua eta testuak uztartuta. “Testuen kasuan, Xabier Leteren poemak irakurriko ditugu, testu ezezagunak ekarri, haren obrari buruzko azalpenak eman… Musikari dagokionez, berriz, Leteren piezak moldatuko ditugu, eta baita hark maite zituen doinuak interpretatu ere”, zehaztu du Gurrutxagak. Laster hasiko dira herriz herri erakusten.