San Joan Sua pizteko baimena eskatu beharko da
Eraikin, kale altzari eta instalazio elektrikoetatik gutxienezko distantzia betetzeaz gain, pertsonen arteko gutxieneko tartea gorde beharko da.
San Joan bezperan sua piztea ohikoa da Oiartzungo hainbat auzo eta baserritan. Horretarako, baina, baimena eskatu beharko da aldez aurretik. Ingurumenaren, pertsonen eta ondasunen segurtasuna bermatze aldera, udalean egin beharko dute eskakizuna, hilaren 19a baino lehen —datorren asteko ostirala—.
Ohi bezala, hainbat baldintza bete beharko dituzte, segurtasuna bermatzeko: pilak ez dira hiru metro baino altuagoak izango; erreko dena material solidoa bakarrik izango da; urbanizatutako zoladuraren gainean ezingo da surik egin eta eraikin, kale altzari edo instalazio elektrikoetatik gutxienez 15 metroko distantziara kokatuko da suaren pila.
Aurten, gainera, COVID-19ak sortutako egoera dela eta, sua pizten denean ere pertsonen arteko segurtasun tarteak mantendu beharko dira.
Informazio gehiago behar duenak, edo zalantzak argitu nahi dituenak, udaltzaingoarekin jar daiteke harremanetan: 943 49 33 11.