'Bi urte, lau hilabete eta egun bat': obeditu ez zutenei aitortza
Lander Garrok ‘Bi urte, lau hilabete eta egun bat’ dokumentala landu du. Intsumisoen mugimenduari egin dion begirada izango da pantaila handirako estreinako lana.
Euskal Herrian hainbat izan dira mugimendu sozialetatik eragindako tsunamiak: Lemoiz, Euskalduna, Leitzarango autobidea… Intsumisoen mugimendua izan zen beste olatuetako bat. 1980ko hamarkadaren bukaeran eta hurrengoaren hasieran hartu zuen indarrik handiena.
Bere helburuetako bat lortu zuen: derrigorrezko soldaduska bertan behera uztea. Espainiako Gobernuak 1996an bertan behera utziko zuela iragarri ondoren, 2001ean iritsi zen behin betiko abolizioa. Milaka gizon gaztek, nerabezarotik atera berriek —baita zigorren bat pendiente zutenek— gustu handiz jaso zuten albiste hura.
Lander Garro (Errenteria-Orereta, 1975) ikus-entzunezko lanetan buru-belarri sartuta dabil. Horregatik, Gaizka Aranguren intsumiso izateagatik espetxeratu zuten iruindarraren enkargua jaso zuen duela lau urte. «Intsumisioari buruzko material zaharra bazuela, eta horrekin zer edo zer egin behar zela esan zidan. Kutxa horretan zeuden aktibistaren erlikia tipikoak: kamisetak, pegatinak…».
Horrez gain, bideo bat helarazi zion Garrori: 2012an Iruñeko espetxe zaharra eraitsi baino lehen, beren gogoz kontra han eduki zituzten intsumituek kartzela hutsera egin zuten bisita islatzen zuen. Garrok gustu handiz ikusi zuen bideoa, eta horrek bultzatu zuen dokumentala egiteko erabakia hartzera. Labrit eta Izar ekoiztetxeek hartu zuten produkzioaren ardura. Bidea urratzen hasi zirenean konturatu ziren interes handia piztu zezakeela.
«‘Kristorena muntatu genuen’, ‘borroka eta garaipen ederra izan zen’ eta horrelakoak esaten zizkiguten», esan du Garrok. «Era berean, baina, konturatu ginen erakundeei ez zitzaiela horrelako proiektu bat interesatzen: desobedientzia susta zezakeen». Horregatik, crowfunding bat abiarazi zuten, finantzazioa lortzeaz gain, dirua jarri duten horiek proiektura lotzen direlako. Eta haren bozgorailu direlako. Erakunde ofizialei dagokienez, Nafarroako Gobernuaren diru laguntza jaso dute, «modu harrigarrian», zuzendariak aitortu duenez. Eusko Jaurlaritzaren eta EITBren laguntzarik ez du jaso.
Bi urte, lau hilabete eta egun bat izena jarri dio dokumentalari. Intsumiso izateagatik jasotako zigorraren iraupena da hori. Kondena jaso zuten sei protagonista nagusi ditu filmak, baina bestelako pertsonaia batzuk ere daude, intsumisioaren mugimendua bertatik bertara ezagutu zutenak. «Garai hartan egunkarietan agertzen ez zen jendearen ahotsa sartu dugu. Oso garrantzitsua izan da hori, eta agian dokumentalaren zatirik ederrena izan da», ziurtatu du Garrok.
Izaskun Arandia ekoizleak pisu handia izan du ahots periferiko horiei hitza ematerako orduan. «Feminismoa modu oso pragmatikoan ikusten duen emakumea da, eta gonbita luzatu genion emakumeek duten espazioa zein izango zen pentsatzeko. Hori gakoa izan zen niretzako; momentu horretatik aurrera, dokumentala erabat aldatu zen», esan du zinegileak.
Bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentalaren barruan, beraz, bi film ezberdin bereizi ditu Garrok; kartzelaren iluntasun, hezetasun eta hotza barrutik ezagutu zutenena, batetik, eta gainontzekoena. «Bien arteko dialektika bat da Bi urte, lau hilabete eta egun bat», ebatzi du.
Bi urte, lau hilabete eta egun bat filmaren proiektuak lau urte iraun ditu, finantzazioa dela eta ez dela askotan eten baita. Azken fasea izan da gehien konplikatu dena, Garroren esanetan. Muntaia urtarrilean hasi zen eta orain dela egun gutxi batzuk bukatu zuten. COVID-19ak ere dokumentalari eragin dio.
Bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentalaren muntaketa lan horietan Zigor anaia bikiaren laguntza izan du. Pasa den azaroan arindu zioten kartzela zigorra —maiatzean libre geratu zen—, eta muntaketa fase guztian alboan izan du zuzendariak.
«Nik ondoan behar nuen pertsona bat arlo teknikoa ezagutzen duena, baina feedback bat ere bai behar nuen. Alde batetik, narratuaren aldetik; alegia, film bat modu interesgarri batean nola arma daitekeen. Bestetik, politikoki nola izan zen mugimendu hura eta filma nola kontatu behar genuen esanez lagundu nau».
Erabaki garrantzitsuak hartzen lagundu dio anaiak, filmean agertzen diren elkarrizketak ez baitira egin zituzten guztiak: «Jendeak, bere eskuzabaltasun osoarekin, bere memoria eta sentimenduen berri eman dizu, eta ikusten duzu ez dela sartzen. Anaia beti eduki dut ondoan; bikia da, eta oso ongi ulertzen nauen tipo bat da. Ispilu lan oso beharrezkoa egin du».
Intsumisoena, «garaipena»
Dokumentalari izena ematen dion zigorra jaso zuen Garrok berak, nahiz eta ez zuten espetxeratu. Adinagatik, mugimenduaren bukaerako urteak bizitu zituen. Espetxera sartu ez bazuten ere, epaitu zuten.
«Bizitzako momentu zail horietako bat» bezala definitu du une hura: «Tribunal baten parean zaude, tribunal baten parean hitz egin behar duzu; kondenatuarengan inpresio txar bat sortzeko gunea da hori. Han dagoen guztiak zigortuari esaten dio hanka bat kondenan duela; inor ez da sartzen epaitegi batean pentsatuz bi hankak kondenatik kanpoan dituela. Baita aurrekoak ere: udaltzainak etxera joaten direnean zitazioarekin… Errepresioaren orbitan sartzen zaituzte».
Espainiako Estatuan intsumiso ugari egonagatik, Euskal Herria izan zen mugimendu haren motorra, eta Iruñea, epizentroa. Euskal Herrian landutako garaipena izan al zen galdetuta, hori «egiaren zati bat» dela esan du Garrok.
«Oso zaila da —are, ezinezkoa— Euskal Herriak soldaduskari irabazi ziola esatea. Modu absolutuan ezin denez hori esan, badirudi ez zela hala izan. Erantzuna erdibidekoa da, bai, baina, era berean, oso harro sentiarazi behar gaitu». Armaden kontrako haizeak Europako toki askotatik zetozela berretsi du, eta garai hartan armaden paradigma erortzen ari zela.
«Europan, Erdi Aroko zerbait bezala ulertzen zen, oso anakronikoa zen. Ikaragarrizko prentsa txarra zuen, gainera, Espainiako Estatuan. Beste alde batetik, Euskal Herrian, urtetan egindako errepresioaren kontrako lanak jarri zuen, nolabait, estatuaren balantza martxan».
Zuzendari oreretarraren esanetan, Espainiako Estatuak bere burua behartuta ikusi zuen aztertzera ea zer komeni zitzaion gehiago: soldaduska mantentzea ala kentzea. «Zalantza hori borrokak sortu zuen. Eta borrokarik gabe, estatuak jarrai zezakeen anakronismo horretan». Garaipena absolutua ez zela izan berretsi du, baina bai «borroka eder» baten ondorioa.
Mugimendua hasieran akrata edo anarkista izan zela gogorarazi du, eta alderdi politikoek hasieran ez zutela ezer jakin nahi. «Ezker abertzalearentzat oso ezerosoa izan zen mugimendua, baina gero ulertu zuen etorkizuna hor zegoela eta mugimenduaren alde jarri zen».
Pixkanaka atxikimenduak gehitzen joan ziren, eta mugimendu oso transbertsala bilakatu zen. Manifestazioetan «denetik» egoten zela ziurtatu du. «Hor ikusten zen aniztasuna; horrek ematen zion indarra eta nerbioa. Iritzi publikora asko zabaldu zuen soldaduskaren injustizia eta aldrebeskeria».
Feminismoa, egun
Pasa den milurteko azkeneko bi hamarkadetan mamitu eta indartu zen mugimendua feminismoarekin alderatu du. Bi faktore azaleratu ditu: «Batetik, jendarteak ulertu du badagoela kausa bat bidezkoa dela. Bestetik, mugimenduak jakin du aliantza transbertsalak bilatzen». Eragina zabaltzeko bide horretan, «mugimendu sektario baten kapitalizatzea» ez egotea gakoa dela uste du.
«Feminismoak bai artikulatu duela diskurtso humanista bat, kapitalaren kontrakoa. Ildo politiko zehatza eta indartsua dauka. Ez dakit noraino eramango duen hori, baina orain momentu oso interesgarrian dago». Mugimendu antimilitaristaren kasuan, armaden abolizioa eskatzeko bokazioa zeukan, baina borrokaren parte hori ez zuela lortu uste du oreretarrak. «Asmoa oso anbiziotsua zuen, baina borrokaren parte hori ez zuen lortu. Garaipen txikiagoak, bai, horiek lortu zituen».
Esan du ikusteke dagoela zer lortuko duen mugimendu feministak, baina hartutako norabidea txalotu du: «Feminismoak bai artikulatu duela diskurtso humanista bat, kapitalaren kontrakoa. Ildo politiko zehatza eta indartsua dauka. Ez dakit noraino eramango duen. Aliantzak transbertsalak direnean, kristoren indarra daukate».
‘Sarrerak agortuta daude’ batekin hasi du ibilbidea
Datorren asteartean —hilak 24— estreinatuko dute Bi urte, lau hilabete eta egun bat filma, Donostiako Antzoki Zaharrean. Egoerak hala behartuta, edukiera erdira murriztu dute —230 lagunera—. Sarrera guztiak egun bakarrean agortu ziren. Garrok ziurtatu duenez, sare sozialen bitartez mezu asko jasotzen ari da, sarrerarik gabe gelditu den jendearena.
Badu presio puntu bat. Lana kolektiboa dela nabarmendu du: «Orkestra zuzentzeko ardura duena ni naiz. Asko fokalizatzen da zuzendariarengan, eta nire bizkarrean sentitzen dut zama hori. ‘Lander Garroren lehenengo filma’ bezala ikusten da, baina behin zinema munduan sartuta zaudela, ikusten da oso erlatiboa dela. Jende pila bat dago lanean».
Adierazi duenez, buruhauste pila bat sorrarazi dizkio filmak. «Sarerik gabeko salto hirukoitza» bezala definitu du, eta estres momentu handiak bizi izan dituela. Horiek gaindituta, dokumentalarengan dituen itxaropen guztiak baikorrak direla adierazi du. «Ekarriko didan guztia ona izango da, ez dut ezer txarrik espero. Baten bati ez zaio gustatuko, eta kritika txarren bat idatziko du.
Zentzu horretan, ez dut batere beldurrik», gaineratu du. Antzoki Zaharrean estreinatzea «zoragarria» izango dela ziurtatu du, maite duen pertsonen artean egongo baita.
Hortik aurrera, nazioarteko hainbat jaialditan parte hartuko dute, dokumentalen alorrean zein giza eskubideekin lotuta daudenetan. Zirkuitu hori pasatuta, Euskal Herri osoan estreinatuko dute filma. Datorrena, berretsi du, positiboa izango da.
Hainbeste urteko lanaren ondoren, zikloa ixteko gogoa baduela esan du oreretarrak, psikologikoki karga baduelako. «Ahalegin handi bat egin dut historia kontatzeko, ederra izan zen mugimendua omentzeko», zehaztu du. Hala ere, «omenaldi soila» ez dela esan du, ez dela autokonplazientzian erortzen, eta orainari eta etorkizunari garrantzia ematen diola. «Intsumisioaren mugimenduaren espiritua etorkizuneko erronketan nola saretu jaso nahi nuen».
Hirugarren eleberrian eta gidoiak egiten buru-belarri dabil Garro
Garrok hirugarren eleberria ondu du. Kontrarioa eta Gerra Txikia-ren trilogia itxiko du horrela. Fight izena jarri dio: Lars von Trieren Breaking the Waves filmeko seigarren atala da. Erreferentzia egiten zaio liburuan. Eleberriak kartzela izango du hizpide, eta artista bohemio izan nahiko lukeen gaztearen bizitza.
Horrez gain, Garrok esan du azken hilabeteetan «erbeste artistikoa» hasi duela. Zinemarekin lotutako lan batzuk egiten ari da, gidoigintzan. «Sentitzen dut nire erbeste artistiko-ekonomikoa hasi dela, eta hemendik kanpo egitea tokatuko zait, hemengo jende asko eta asko bezala. Askoz ere serioagoa da, eta gauza interesgarriagoak egiteko asmoz, probatzen nabil», esan du. Bide berri horretan pozik dagoela ziurtatu du, idazten ari den lan hori «oso polita» izango delako.
Erabaki horrek badu zerikusia dokumentala finantzatzeko izan dituzten zailtasunekin, eta dagoen «klientelismoarekin». Beste toki batzuk bilatzera bultzatu dutela esan du. «Hemen dagoen kulturarekiko mespretxua Gernikako Estatutua onartu zenetik handiena da, agintean dagoen alderdi eskuindarraren aldetik», salatu du.
Kultura «azpiratua, gutxietsia eta umiliatua» dagoela uste du, eta orain alde egitea berari egokitu zaiola, aurretik beste askori bezala. «Babarrunak beste nonbait bilatuko ditugu, salatuko dugu egoera, baina aldarrikatuko dugu hemen nahi dugula lan egin, eta ez digutela uzten. Gure burua duintzeko, saiatu behar gara salatzen non dauden gaitzaren iturburuak».