[Erreportajea] Ondartxo pasealekua zabalik nahi dute denek
Martxotik itxita dago San Pedroko Ondartxo pasealekua, luizi baten ondorioz. Bidean egin beharreko konponketen arduradunekin ados jarri ezinik daudela, herritar askoren pazientzia agortzen hasi da.
Hirigintzari dagokionez, berrira baino, Pasai San Pedron ohiko normaltasunera itzuliko dira. Lonjako obrek berdintsu jarraitzen dute, eta Proisan ez dago ez eraikin zaharrik ezta behin-behinekorik ere. Kosta egiten ari da iragarritako proiektuak egitea, ez aurrera ez atzera daude hainbat egitasmo. Orain, sanpedrotar askoren kezka da Ondartxoko bidea ez ote den utzikeriaren zerrendara batuko.
Martxotik itxita dago bidea, luizi batzuen ondorioz. Kalteak nabarmenak izan ziren, arroka handiak erori baitziren. Egoera horren aurrean, Pasaiako Portu Agintaritzak, alegia bidearekiko eskumena duen erakundeak, hura berehala ixtea erabaki zuen. Herritarren ongizatea zaintzea beti da erabaki egokia. Arazoa, ordea, hilabeteek aurrera egin ahala egoerak berean jarraitzen duela da; bidea itxita eta informaziorik ez. Ondartxok sekulako garrantzia du sanpedrotarrentzat, ezinegona haserre bihurtzen ari da.
Astelehen goizaldean pintaketa egin zuten San Pedron, Kalparra inguruan, Ondartxo pasealekua irekitzea eskatuz. Puntaseko bidea ireki esaldia ageri zen lurrean Sanpedrotarra Arraun Elkartearen instalazioen alboan, pasealekua eteten duen hesitik metro eskasera. Ekintza soil bat baino ez zen izan, baina pasealekuaren egoerarekiko jakin-mina, geroz eta handiagoa da.
Ondartxo pasealekua, Puntak pasaitarren hizkeran, Pasaiako bokalearen mendebaldeko bazterretik doan bidea da. Bokalearen beste aldean, Donibanen, bide bikia du, eta biek batera Pasaiako gune berezienetako bat osatzen dute. Mendian gora, San Pedroko bideak, herritar askorentzat miresgarria den toki batera eramaten du, Platako Farola. Oraingoz, baina, ez dago baimendua bertara iristea, San Pedrotik ez behintzat. Izan ere, beheko zatiaz gain, itsasargira doan goiko bideari ere eragin zioten luiziek eta ezin da amaieraraino joan. «Herrian bi bide polit ditugu eta biak itxita daude», dio Iñigo Barrenetxeak. Barrenetxea San Pedroko herritarra da, Ondartxoko bidearen etorkizunaz kezkatzen hasia den horietakoa.
Oinezkoen bidearen itxialdia mugagabea bihur ez dadin hautsak harrotzen hasi da Barrenetxea, besteak beste, hedabideei egoeraren berri emanez. «Herriko azpiegituren egoera» ikusita, sanpedrotarrak «azken bagoian» daudela dio. Informazio faltaren aurrean ate gehiago ere jo ditu: «Noiz ireki zezaketen galdetzeko deitu nuen udalera. Haiek esan zidaten ezin zidatela zehaztu, pasealekua Pasaiako Portu Agintaritzaren (PPA) menpekoa delako. Haiekin ere harremanetan jarri nintzen, eta oraingoz ez dut erantzunik jaso».
Arduradunaren bila
Pasaiako Portu Agintaritzak ez du Ondartxo pasealekua irekiko, segurtasuna guztiz bermatua izan arte. Gaur-gaurkoz inork ez daki segurua den ala ez Ondartxotik ibiltzea, inork ez baitaki luiziak zenbateko kalteak utzi dituen, utzi baldin baditu, mendiaren magalean. Pasealekua, PPAren menpe dagoenez, haiei dagokie oinezkoen ongizatea bermatzea. Mendi magalak hartzen dituen lursailak. ordea, eremu pribatu dira. Maiatzaren 8an zabaldutako ohar publikoan, PPAk Ondartxo «lehenbailehen zabaltzeko nahia» agertu zuen, baina horretarako segurtasuna erabatekoa izan beharko dela: «Portuari dagokio bertatik paseatzen ari den jendeari gerta dakiokeenaren erantzukizuna».
Pasaiako Udalari magaleko jabeekin harremanetan jartzea eskatu zioten, neurriak har zitzaten: «Neurri horiek hasteko, mendi magalaren azterketa integrala egin behar dute». Ikerketa geologikoak-eta behar izanez gero, magalaren egonkortze lanak izango lirateke hartu beharreko neurri horiek. Udalak ordura arte emandako «urratsak» errekonozitu zituen PPAk, baina ekintza zehatzagoak nahi zituzten: «Emaitzek bakarrik ahalbidetuko dute oinezkoei berriro bidea irekitzea». Bada, badirudi lehen emaitzak bidean direla. Gaiaren egoeraz galdeginda, PAAk azaldu du udalak mendi magalaren azterketa kontratatzeko ebazpena hartu duela dagoeneko.
Pasaiako Udalak «legeak diona» bete duela azaldu du Nahikari Otermin hirigintza zinegotziak, eta San Pedroko alkateordeak. Lursaileko jabeekin harremanetan jarri direla azaldu du Oterminek, baina ez dira adostasun batera iritsi, ezta gutxiago ere: «Jabe batek alegazio bat jarri zuen, berak ez zuela egin behar adieraziz». Ardura bere gain hartuko ez zuela ikusita, Pasaiako Udalak neurriak hartu ditu; magalaren azterketa era subsidiarioan eskatu dute. «Udalak geologoen enpresa bat kontratatu du txosten hori egiteko. Faktura jabeari edo jabeei bidaliko zaie», esan du zinegotziak.
Txosten horren emaitzak «bi asteren bueltan» jasotzeko aukera aipatu du Oterminek, «zertxobait atzeratzea» baztertu gabe. Ikerketaren ondorioak garrantzi handikoak izango dira, datuak eskuartean izanda, erabakiak hartuko direlako: «Txosten horrek esango digu, une honetan dagoen egoeraz gain, zer lan egin beharko liratekeen magal hori egonkortzeko».
Magalak aparteko kalterik ez izatea, albisterik onena izango litzateke. Hala balitz, ez luke arazorik egon beharko hesiak kendu eta sarbidea berriro ahalbidetzeko. Aldiz, txostenak ebazten badu magalean egonkortze lanak egin behar direla, prozesuak luze jo dezake, behintzat lursailen jabeak ez badaude prest lanak egiteko. Kasu horretan, udalak berriz ere «subsidiarioki» esku hartuko lukeela nabarmendu du Nahikari Oterminek, gaia «premiazkoa» baita.