COVID-19ak baldintzatutako ikasturte amaieran, musika eta dantza online
Lau emanaldi osatu dituzte espresuki ikasturteari amaiera emateko Errenteria Musikaleko ikasleek, eta Herri Bizia web gunean ikusi ahalko dira hilaren 24tik 27ra bitartean —ostegunetik larunbatera—, egunero bana.
Ikastetxeetan bezalaxe, beraiek ere baldintzatuta izan dute ikasturtea. COVID-19ak martxotik etxean gelditzera derrigortu ditu Errenteria Musikaleko ikasleak, baina hala ere, telematikoki, lanean jarraitu dute, gustuko duten musika eta dantzarekin gozatzen eta ikasten. Ikasturte berezia izan dute, baina koronabirusa gora behera, aurtengoak ere eman du, eta ez nolanahikoa gainera, bere uzta.
Ikasturtea bera ez da joan ohi bezala, eta amaiera ere halakoa izango da, ez ohikoa. Hala ere, lan eskerga egin dute ikasle guztiek, online bada ere, ikasturte amaierako emanaldiak prestatzeko. Lau emanaldi osatu dituzte espresuki ikasturteari amaiera emateko, eta Herri Bizia web gunean ikusi ahalko dira hilaren 24tik 27ra bitartean —ostegunetik larunbatera—, egunero bana.
Emanaldi horiek osatzeko, hilabete honetan eskolan bertan ikusle eta entzulerik gabe egindako grabaketak, etxeetan ikasleek beraiek egindako grabaketak, eta eskola komunitatearen testigantza batzuk baliatu dituzte. Horietan, musikari eta dantzari hasiberriak, eskarmentu handiagoko ikasleak, gradu profesionala amitu dutenak… banaka zein taldeka ikusi ahalko dira.