Altzibarko balkoiak arrosez apaintzera animatu dute
Gaur hastekoak ziren Altzibarko sanpedroak, baina elkar zaintzeko arduragatik bertan behera geratu dira. Elkarrekin ospatuko dituzte festak, bakoitzak bere etxetik.
Altzibar zapi arrosaz bete ohi da ekaina bukaeran. Gaur hastekoak ziren auzoko sanpedroak, baina COVID-19a dela eta, bertan behera utzi dituzte.
Horren harira, Altzibarko Festa Batzordeak ohar bat kaleratu du. Gogorarazi dutenez, “Auzoa girotu eta auzotarren arteko harremanak sendotzeko” antolatzen dituzte urtero lau eguneko festak. Martxoan hasten dira lehen bilerak egiten, eta uztaila bukaeran egiten dituzte azken ordainketak: “Bost hilabetez gogor aritzen gara lanean. Lan hau egiteagatik zenbat kobratzen dugun ere galdetu izan digute, pentsa!”.
Azaldu dutenez, beraien “sari bakarra” sanpedroetako lau egunetan sortzen den giro berezia da. “Altzibar inoiz baino biziagoa ikustea, urtean zehar elkarrekin egoteko denbora izaten ez duten auzotarrak berriz elkartu eta beraien barre algarak entzutea, auzotarren PoZa sentitzea”, azaldu dute. Horregatik egiten dute lan, eta iragarri dute lanean jarraituko dutela.
Aurten, baina, ezin izango da festarik ospatu, osasun neurriak errespetatu behar direlako. “Elkar harremanetan jartzeak elkar zaintzea eragotzi dezakeen egoera honetan, elkar zaintzea lehenesten dugu guk ere, zalantzarik gabe”, azaldu dute.
Festak ez dituzte ospatuko, baina deialdia pare bat bai egin dituztela. Etxeak kolore arrosarekin apaintzea animatu dute, baita festetako kamiseta janztea ere. Gainera, biharko patata tortilla egitea eskatu dute, norberak etxeko balkoian afaltzeko.
Aurtengoa pasatuta, esan dute martxoan “inoiz baino ilusio handiagoarekin” bueltatuko direla festak prestatzera, 2021eko festak denak elkarrekin pasatzeko.