25 urte geroago Ibon Zabalaren oroimena, bizirik
1995eko uztailaren 1ean zendu zen Ibon Zabala Lizarazu gazte oreretarra, lehenengo Gazte Egunaren barruan. 25 urte bete dira gaur, eta Zabalaren ondarea, eta bere oroimenak bizirik jarraitzen dute herrian.
Euritsu esnatu zen 1995eko uztailaren 1a Errenteria-Oreretan. Egun berezia zen, Gazte Asanbladak eskuratu berria zuen Gaztetxea —Gecotor enpresa izan zena— Pontika auzoan. Hamarnaka gazte atzera eta aurrera zebiltzan eguna ahaztezina izan zedin, lehenengo Gazte Eguna ospatzen ari ziren; Gazte antolakuntzaz kate guztiak apurtu leloa nonahi ikus zitekeen herrian barrena.
Egun berezia behar zuen, ospakizun eta aldarrikapen eguna; baina euritsu esnatu zen eguna, ekaitz bortitzenarekin itzali zen. Etenaldia egin zuten gazteek beren egitarauan; Ertzaintzak jaurtitako pilotakada batekin zauritu zuten Rosa Zarra donostiarra hil zela salatzeko manifestaziora deitu zuen Herri Batasunak 20:00etan. Manifestazioa amaituta Gazte Egunarekin jarraitu zuten eta kontzertuak zeuden antolatuta Linon, gaur egun Agirre Lehendakaria izena duen plazan. Azken prestaketak egiten zenbiltzan hainbat gazte, tartean Ibon Zabala Lizarazu. 21:05ean eten egin zen denbora eta hotzikara sakonak hartu zuen herria. Ibon Zabala elektrokutatuta hil zen oholtza gainean. 21 urte zituen oreretarrak.
Bolo-bolo zabaldu zen berri txarra herrian barrena. Tristura, amorrua, inpotentzia… zenbat sentimendu ez ote ziren nahaspilatu une hartan. Tabernetako pertsianak itxi zituzten berehala, eta urgentziaz bildu zen gazte asanblada, gertatutakoa ezin sinistu, ezin ulertu, ezin asimilatu.
Hil eta hurrengo egunean, ikurrina xingola beltzarekin zabaldu zuen gazte asanbladak udaletxeko balkoian, eta omenaldi ekitaldia egin Zabalari Linon.
Oso ezaguna zen Zabala herrian. Bertso eskolan, euskalgintzan, Hibaikan, Zintzilik Irratian, ezker abertzalean, herriko gazte mugimenduan, gazte asanbladan… Gaztea zen Zabala, baina batez ere, geldiezina, konprometitua, militantea. Euskararen militantea Joxe Luis Zabala aita zena bezala, bere belaunaldiarekin eta gazteen arazoekin konprometitua, politikarekin konprometitua.
Gaur 25 urte beteko dira Zabala hil zenetik. Gaztea zen oso, baina arrasto sakona utzi zuen, eta bere memoriak bizirik jarraitzen du. Bere izena du gaztetxeak, Zabalenea II, baita Xenpelar Bertso Eskolak antolatzen duen bertso paper lehiaketetako batek ere, Ibon Zabala lehiaketa; Gaztelutxo pareko biribilgunean bere omenezko oroitarri ederra du. Egungo gazteek ez zuten ezagutu, baina gogoan dute: Gazte Asanbladak omenaldi xumea eta sentitua eskaini zion iaz, eta 2005az geroztik urtero egiten dute Gazte Eguna herrian, Zabalaren omenez.
Bizi urratsen hitzak… liburua argitaratu zuten Zabala hil eta bost urtera etxekoek, Zabalak 1990-1994 urteen artean idatzitako olerkiekin eta ingurukoek, lagunek, klasekideek, senideek haren omenez idatzitakoekin. Bere lau olerki basquepoetryren webgunean bilduta dira, idazle handi askoren sorkuntzekin batera. Sortzailea ere bazelako. Gazte mugimenduari, presoei, iheslariei, Fanderiari, intsumisioari, Mikelazulori edota Zintzilik Irratiari eskaini zizkion olerkiak Zabalak, bere kezken, bere konpromisoaren erakusle dira.
Xenpelar Bertso Eskolaren lehen fruitua
Xenpelar Bertso Eskolan egin zuen bat berekin Joxe Luix Maritxalarrek. Maritxalar eta Joxe Luis Zabala zena, Ibonen aita, lagun minak ziren gainera. “Kezka handikoa zen eta formatua Zabala —Euskal Filologia ikasten ari zen— bertso idatzietan eta Urdabururi eskainitako bertso sorta batekin saria irabazia zuen jada”. Bertsolaritzarekiko zuen zaletasuna gogoan du Maritxalarrek, baina baita herrian gazteen mugimenduarekiko erakusten zuen atxikimendu erabatekoa ere, “prestutasun handiko mutila izan zen. Xenpelar Bertso Eskolan irakasle aritu zen lehena izan zen. Nik uste dut gaur egun bertsolaria izan zitekeela. Ikasketak zituen, gazte mugimenduan konprometitua zegoen, euskaltzalea zen… Bertso eskolako lehen fruitua izan zen. Mañuel Arruti Arkaitza tabernakoa zenarekin aritzen zen bertsotan. Gogoan dut nola zirikatzen zioten elkarri”.
Umila, serioa, konprometitua, injustizien aurkakoa, herria eta hizkuntzaren maitale eta haien aldeko borrokalaria. Hala oroitzen dute lagunek. Imanol Miner Aristizabalek ere izan zuen bidean Zabalarekin bat egiteko zortea. Euskal Filologia ikasketak elkarrekin egiten ari ziren, baina bat egin zuten beste proiektu komun askotan ere, “Zintzilik Irratian saioa egiten genuen elkarrekin, bertso eskolan ere elkarrekin aritu ginen… lagun mina zen. Bere lagunak bazituen auzoan, Agustinetan, baina gero gazte mugimenduko militantziako lagunak, bertso eskolakoak, Hibaikakoak… han-hemenka lagun ugari zituen Ibonek”.
Zalantzarik ez du Minerrek kontu batean: “Ibon belaunaldi batentzat izan zen euskaltzaletasuna esnatu zuen pertsona bat; bazuen dinamismo bat, bazuen argitasun bat, bazuen presentzia bat. Atzetik, beste belaunaldi bat etorri zen Garrotarrak —Lander eta Zigor anaiak— Gorka Lazkano… eta buelta horretan badakit itzal handia izan zuela, eragin handia. Jende askok jarraitzen zion, erreferente bat zen; euskararen, hizkuntzaren, kulturaren eta politikaren erreferentea”.
Bertsolaritzari ere erreparatu dio Minerrek ezinbestean, Zabala oroitzerakoan. Errenteria-Oreretan eten bat zegoela bertsolaritzan nabarmendu du: “Bertsolari handiak izan ziren gure herrian, eta kolpe militarrak, 1936ko Espainiako Gerrak zein diktadurak eragin handia izan zuten. Industrializazioarekin, migrazio mugimendu handiak bizi zituen herriak eta asko aldatu zuen horrek Orereta. Komunitate euskalduna oso ihartuta gelditu zen; euskaraz egiten zuen kuadrillarik ez zen gelditzen, baina bai euskaltzaleak, Xabier Olaskoaga eta Xabin Irastorza bezalako jendea. Bertsoak ez zituzten inprobisatzen baina bai jarri ekitaldietarako eta, bazegoen belaunaldi bat Ereintzaren bueltan antolatu zena; Xamalbide ere izan zen, baina horien ondoren inor ez. Ibonen aitak—Joxe Luis Zabalak— eta Joxe Luix Maritxalarrek jarri zuten martxan Xenpelar Bertso Eskola eta Ibon izan zen lehenengoa inprobisatzen hasi zena, koplak eta bertsoak osatzen. Gero Aitor Albistur eta Jon Ansa etorriko ziren. Ahozko munduarekin liluratzen zen, asko gozatzen zuen”.
Poeta bezala aitortu beharra dagoela dio Minerrek, “oso gazte hil zen, oso produkzio apalarekin, baina arlo horretan ere, asko zuen emateko”.
Irmoa, zintzoa, kontsekuentea
Oso argia zela du gogoan Minerrek, “ikasketetan oso ona zen”. Kontrakulturan kokatu du, gainera. Modernoa zela dio,: “Modernotasunak esan nahi duen guztiarekin, gutasuna, identitatea eta 1990ko hamarkadako gazte baten kezkak uztartzen zituen, Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionandia, hor genituen. Oso irekia zen. Gogoan dut maritxua nintzela esan nion lehenengo mutila bera izan zela. Homofiobiarik gabe, sentsibilitate handiz, errespetu guztiarekin hartu zuen. Maskulinitate berriaz hitz egiten dugunean, Ibon klabe horietan zegoela jada duela 25 urte ohartzen naiz. Berdintasunaren etikaren inguruan, ekologian, feminismoan, oso ikuspegi irekia zuen. Politikoki antolatuta zegoen, baina poeta zen, eta sentsibilitate handia zeukan, injustiziekiko, ezberdintasunekiko, aniztasunarekiko enpatia handia zuen, parekidetasuna amesten zuen”.
Irmoa, zintzoa, kontsekuentea… Bere belaunaldiarentzat zein ondorengoentzat ere eredugarria zela dio Minerrek: “Balio onak, etxetik ondo ikasiak zituen, azkarra zen, berehala sozializatzen zuen, plaza gizona zen eta errekurtso oso onak zituen. Bere pentsaeratik antipodetan egon zitekeen jendearekin hitz egiten zuen arazorik gabe, entzuteko gaitasun handia zuen. Beti zegoen ikasten, gaztetasunak ere badu berekin bilatzaile sen hori, eta berak ere bazuen ausardia hori”.
Gogoan du nagusien artean ere zein gustura izaten zen entzuten eta ikasten: “Bizikleta hartu eta Bordaxarrera eta Eguzki Borda baserrietara joaten zen, eta han egongo zen berriketan arratsalde pasa hango Zapiraindar horietako batekin. Beretzat ikaragarria zen”.
Inon ez zela oharkabean pasatzen, argitasun berezia duela dio Minerrek, “iristen zen leku guztietan arrastoa uzten zuen”.
Gaztelutxoko biribilgunean Zabalaren omenez dagoen oroitarrian jartzen duenari erreparatu dio Minerrek: “Erakutsi zenigulako euskaldun izaten. Eta hala zen, jende askorentzat izan zen euskalduntasuna, euskaraz bizitzeko koherentzia, eta gogoaren eredua, eta kultura modernoak hain erraz integratzen ez zituen gauza asko integratzeko gaitasuna izan zuen”.
Musikazale handia zela ere gogoan du. Baita gauetan elkartzen zirela lagun taldean Minerren gurasoen garajean Hiruetxen, eta literaturaz mintzo zirela zigarroen ke artean; gero Arkaitzara aldatu zuten topagune hori, “bertan ia ofizina zuen”.
“Duela 25 urte, hamarnaka gazte jaiki ziren gazte eguna egitera eguraldi petralarekin baina ilusio handiarekin—nabarmendu du Minerrek— eta amaitu genuen hala, ilun, triste, umezurtz”.
Hemen, Jon Gaztelumendik, Zabala hil zeneko hamargarren urteurrenean ON Aldizkariaren 13. alean idatzitako erreportaje zabala eta batez ere, ederra.