Iurretako Bertsopaper Lehiaketa Legorbururentzat berriro
Epaile epaitua bertso sorta aurkeztu du lehiaketara, eta sari nagusia jaso. Trukean, Durangoko Hitz liburutegian xahutzeko 200 euroko bonua eskuratu du.
Iñigo Legorbururuk Iurretako Bertsopaper Lehiaketa irabazi du berriro. Epaile epaitua bertso sorta aurkeztu du lehiaketara, eta sari nagusia jaso. Trukean, Durangoko Hitz liburutegian xahutzeko 200 euroko bonua eskuratu du.
Xabier Amurizaren Trumoia ortzi beltzean hoska doinu bihurrian abesteko idatzi du bertso sorta Legorburuk, eta sei puntuko zortzi bertsoz osatuta dago. Bertsolaritza txapelketetan epaimahaikide gisa dabiltzan epaileen jardunak eta burutapenak kontatzen ditu, egilea bera bertso epaile jarduten delako: “Bertso munduan epaileen gaia nahiko tabua suertatzen da eta uste dut, badela garaia gaia naturaltasunez tratatzeko, gu ere bertsozaleak garelako ezer baino lehen, gure bertute eta itzal guztiekin”.
Legorburuk aurkeztutako bertso sortak duen zorroztasuna eta ironia nabarmendu du sariketara aurkeztutako lanak epaitzen aritu den epaimahaiak.
Iurretako bibliotekak udalarekin elkarlanean argitaratzen duen liburuan txertatu dute Legorbururen lana, komiki, prosa, edo poesiako heldu zein haurren beste lan sarituekin batera.