Osasuna Zaintzen programa abiatu du udalak, adinekoei begira
Adinekoak erdigunean jarrita, Osasuna Zaintzen programa berria abiatu du udalak. Helburua, konfinamenduaren ondorioz ariketa fisikoa mugatuta izan duten adinekoak aktibatzea da.
Adinekoak erdigunean jarrita, Osasuna Zaintzen programa berria abiatu du udalak. Helburua, konfinamenduaren ondorioz ariketa fisikoa mugatuta izan duten adinekoak aktibatzea da. Izan ere, ezinbestekoa da ariketa fisiko hori osasuntsu egoteko. Kalean egingo dute programa beharrezkoak diren segurtasun eta higiene neurriak beteta, astelehenetik ostiralera, egunero auzo ezberdin batean.
Egingo dituzten ariketak ez direla zailak izango zehaztu du Maite Gartzia Kirol zinegotziak, “luzaketak, gimnasia eta ariketa leunak egingo dituzte”. Hori guztia teknikariek dinamizatuta. Saioak doakoak izango dira eta 10:30etik 11:30era egingo dituzte.
Konfinamenduaren ondorio nagusietako bat pertsonen mugikortasuna murriztea izan dela nabarmendu du Gartziak gaurko agerraldian, “horrek osasunarentzat dakartzan arriskuekin eta narriadura fisikoarekin. Ziurrenik adinekoak dira COVID-19ak gehien erasandako kolektiboa”. Gaixotu eta gaitza gainditu dutenen kasuan, bihotz biriketako gaitasuna eta muskulu masaren kantitatea larri murriztu diela esan du zinegotziak, baina konfinamenduak ere eragin diela gaixotu ez direnei ere gogorarazi du, “bi astean eguneroko jarduera fisikoaren maila murriztea nahikoa da narriadura muskuloeskeletiko eta metaboliko nabarmena eragiteko. Hori gutxitzeko garrantzitsua da aktibo egotea”.
Ariketa saio bakar batek estres oxidatiboa gutxitzen du, ehunak babestuz, eta gaixotasunak prebenitzen lagunduz. Ariketa fisikoak sistema immunea indartzen du, eta adinekoen kasuan, jarduera fisikoa funtsezkoa da funtzionaltasun egokiari eusteko, erorikoak izateko arriskua gutxitu, funtzio kognitiboak kontserbatu, eta muga funtzional ertain eta larriak prebenitzeko.
Saioak egunez egun
- Astelehenean Beraungo estadioan.
- Asteartean, FAnderiako Futbol 7 zelaian.
- Asteazkenean, Kaputxinoetako eremu bio osasungarrian (Manuel Zamarreño parkean).
- Ostegunean, Alabergako plazan.
- Ostiralean, Agustinetako plazan.