Listorreta-Barrengoloia zabalik, baldintza berezietan
Osasun larrialdiaren ondorioz, osasun babeserako neurri berriak ezarri ditu udalak eremuaren erabilerarako. Eta horren harira, elkarlanera deitu ditu herritarrak, "pandemia honen hedapena saihesteko norbanakoaren erantzukizuna oinarrizko bermea delako".
Baldintza berezietan bada ere, Listorreta-Barrengoloia udal aisialdirako eremua zabalik da. Hala jakinarazi dute gaur Listorretan egin duten agerraldian Bernar Lemos Herritarren Segurtasunerako zinegotziak eta Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotziak.
Osasun larrialdiaren ondorioz, osasun babeserako neurri berriak ezarri ditu udalak eremuaren erabilerarako. Eta horren harira, elkarlanera deitu ditu herritarrak, “pandemia honen hedapena saihesteko norbanakoaren erantzukizuna oinarrizko bermea delako”.
Hala, COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak sumatzekotan Listorreta eremura ez joateko, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia fisikoa errespetatzeko, eta hala egin ezean maskarak erabiltzeko eskatu du udalak. Haurrentzako jolas eremua erabili aurretik eta ondoren, berriz, gel hidroalkolikoarekin garbitzeko eskatu dute, behar beste aldiz. Neurrien berri ematen eta betetzen direla bermatzen bi udaltzain laguntzaile izango dira aisialdi eremu horretan, baita natur parkearen bulegoan izango den turismo agente bat.
Arau orokorrak
Sua, hondakinak, aparkalekua, zarata eta iturrien gaineko jarraibideak eman dituzte ondoren bi udal ordezkariek. Gogora ekarri dute, sua, Listorretan baino ezin dela egin, eta horretarako prestatutako erregailuak erabili behar dituztela edota etxetik eramandako piknikak. Lurrean sua egitea debekatuta dago, baita Barrengoloian sua piztea ere.
Hondakinei dagokienean berriz, gogora ekarri dute ezinbestekoa dela ongi sailkatzea eta hori egin ostean frakzio bakoitza dagokion edukiontzian sartzea. Organikoa, errefusa, ontzi arinak, kartoia eta papera, eta beira biltzeko ontziak dira bertan.
Horretara bideratutako eremuetan baino ezingo da aparkatu, eta gainera, zorrotz zainduko da elbarriei, autobusei, autokarabanei eta basozaintza zerbitzuari begirako aparkalekuak errespetatzen direla. Barrengoloian, Aiako Harria parke naturaleko bisitariek lehentasuna izango dute aparkatzeko.
Zarata da aipatu duten beste kontuetako bat; ezingo dute bertaratzen direnek gainontzeko erabiltzaileei edo eremu horretako faunari ezingo diote eragozpenik sortu. Hala balitz kargu hartuko da. Ezingo da zehazki musika altuegi jarri, edota motorra piztuta izan.
Iturriak ura edateko dira, eta ezingo da beraz, bertan ontzirik garbitu, gauzak hozten jarri edota bestelako erabilera pribaturik egin.
Bisita gidatuak
Urtero bezala, aurten ere izango dira bisita gidatuak Aiako Harriko eta Lau Haizetara Parke Naturaleko naturagune babestuetara abuztuan, irailean eta urrian. Añarbeko Babes Erreserba, Aizpitarteko leizeak, Sanmarko gotorlekua eta Txoritokietako espazio megalitikoetara egingo dituzte bisita horiek.
Aurrez Oarsoaldeko Turismo bulegoan erreserba egin beharko da.
Urtean 50.000 bisitari
Listorreta-Barrengoloia Gipuzkoan bisitari gehien jasotzen dituen aisialdi eremua da. Urtean batez beste 40.000-50.000 bisitari inguratzen dira. Eremu hori gainera, Aiako Harriko Parke Naturalera eta kontserbazio Bereziko Eremurako sarbide nagusietako bat da.