Lezoarrek kiroldegian bozkatuko dute uztailaren 12an
COVID-19ak eragindako egoerak aldaketa nabarmenak ekarriko ditu
Lezoarrek hautesleku ezberdina izango dute uztailaren 12ko EAEko hauteskundeetarako. Egun horretan, herritarrak udalerriko kiroldegira bertaratu beharko dira bozkatzera. COVID-19ak aldaketa nabarmenak ekarri ditu herritarren egunerokotasunean, eta segurtasuna bermatzeko asmoarekin Lezoko Udalak kiroldegiko pista egokituko du hauteskunde egunerako. Herriko mahai guztiak bertan kokatuko dituzte.
Lezoko Udalak jakitera eman du kiroldegia espazio itxia izan arren, mahaien arteko segurtasun distantzia mantentzeko leku aproposena dela. Mahaien arteko distantziaz gain, mahaikideen edo botu emaileen arteko separazioa ere handiagoa izango dela ziurtatu dute.
Eraikinera sartzeko ere segurtasun neurriak egongo dira. Batetik, sarrera eta irteera leku ezberdinetatik izango da. Sarrera Hipolito Gezala kaleko zubitik eta kiroldegi aldameneko bidegorriaren eremutik dagoen atetik egingo da; irteera, berriz, Altamirako igogailuaren aldameneko atetik. Bestetik, Hipolito Gezala kalean txandakako aparkalekuak egongo dira, eta eraikinera sartzeko beharrezkoa izango da musukoa eramatea eta sarreran egongo den gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbitzea.
Pilaketak saihesteko asmoarekin, udalak lezoarrei gomendatu nahi die hauteslekura heldu baino lehen jakitea zein mahaian bozkatu behar duten, eta etxetik bozkak prestatuak eramatea.