Diru laguntza estra eman diote Urmendiri, COVID-19aren kalteak arintzeko
Normaltasun berriko lehenengo plenoan hamar puntu jorratu dituzte. EAJk presentzia handiagoa eskatu du udalaren komunikazioan.
Normaltasun berria esaten zaion egoeraren lehenengo plenoa egin zuten herenegun arratsean. Hamar puntuko gai zerrenda izan zuten mahai gainean.
Gehienak tramite administratiboak izan ziren, baina COVID-19ari lotutako gai pare bat izan zituzten hizpide. Lehena, pandemiaren harira hartutako neurrien berri ematea.
Bestea, Udal Ikastola Partzuergoari 45.000 euroko diru laguntza estra ematea. Izan ere, pandemiak jota utzi du haur eskolaren altxortegia, eta kontuak orekatzeko egin dute diru sarrera. Itxita egon den garaian familiei ez diete kuotarik kobratu.
Horrez gain, Lanbarren industrialdeko hainbat jabetza erregularizatzea adostu zuten. Udalak eta aldundiak elkarri lur lagapenak egingo dizkiote horretarako.
EAJren eskaria
Eskari eta galderen tartean, EAJko Janire Mitxelenak hitza hartu zuen. Gogorarazi zuenez, urtebete bete da agintaldia hasi zenetik, eta balantze txiki bat egin zuen. Lehen aldiz, oposizioak zinegotzi liberatu bat duela nabarmendu zuen, baina barne eta kanpo komunikazioetan “baztertuta” sentitzen direla esan zuen.
Udal gobernuko kideek egiten duten agerraldietan zinegotzi jeltzaleak agertzen ez direla kexatu zen, eta “dagokien tokia” eskatu zuten. Gogoeta eraikitzailea zela argi utzi nahi izan zuen Mitxelenak.
Jexux Leonet alkateak erantzun zion. Barne komunikazioari dagokionez, udal batzordeetan parte hartzen dutela gogorarazi zien jeltzaleei. Kanpokoan, berriz, oposizioko zinegotziek gobernu taldeak egiten dituen lanen komunikazioan parte hartu behar duten ez duela uste esan zuen alkateak. Gonbita luzatu zien esanez balizko okerrak zuzentzeko ate irekiak dituztela.
Horrez gain, adibide bat jarri zuen: “Aldundiak Foru Funtsa murriztu zuenean, egunkari baten bitartez izan genuen horren berri”.