Ekonomian ahaldunduz
Oarsoaldeko Ekonomia Feminista Eskola martxan jarriko dute 2020-2021 ikasturtea hastearekin batera. Ekonomiak alderik intimoenekin zerikusia duela ikasiko dute.
![ekonomia feminista eskola](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2020/07/eekola.jpg)
Pasa den ostiralean aurkeztu zuten Oarsoaldeko Ekonomia Feminista Eskola, Oiartzungo pleno aretoan. Oiartzungo Feministen Asanbleak antolatu du, MunduBat fundazioarekin batera. AraGorputz elkartea izango da eskola dinamizatuko duena.
Herriko mugimendu feministak azaldu duenez, «interesgarria» iruditu zitzaien eskola feminista bat Oiartzunera —eta eskualdera— ekartzea. «Emakumeon jakintza aberasteko pedagogia interesgarria da, denon artean eraikitzen den ikaskuntza bat delako. Elkarren artean ezagutzeko balio izango du». Gaia interesgarritzat jotzeaz gain, egiteko moduak berak ere arreta deitu die.
Jende dezente joan zen aurkezpen ekitaldira, eta asko mugimendu feministako kideak izanda, beraien artean elkar ezagutzen zuten. «Lehenengo kontaktu bat egin genuen, eta kokatu egin ziren, ikusteko zein norabidetan joango den formazio hau guztia», esan du AraGorputzeko Ione Fernandez Zabaletak.
Parte hartzaileek helarazi zieten zergatik eman zuten ekonomia feminista eskolan izena emateko pausoa, eta beren beldurrak eta motibazioak azaldu zituzten. «Ez zen hitzaldi soila izan, gardentasun puntu bat egon zen denon artean», azaldu du.
Ekonomia, iruditeria kolektiboan, purua erretzen ari den kopadun kapeladun gizon batekin lotzen da. AraGorputzentzat, ekonomia da bizitza antolatzeko erabiltzen diren baliabideak eta estrategiak. «Ondorioz», jarraitu du, «denok gara ekonomialariak».
Adibide bat jarri du: «Nire amonak zer bazkaldu behar duen pentsatu eta erostera doanean, edo bata eta bestearen zaintzaren ordutegia antolatu behar duenean, ari da ekonomia egiten, bizitza antolatzen. Beste gauza bat da sistema heteropatriarkal arrazista honetan kapitalismo finantzarioak monopolizatzen duela».
AraGorputz elkarteak dinamizatuko du ikasketa prozesua
Fernandezen arabera, ekonomiako kontzeptuak «lapurtu» egin dizkiote jende xeheari. «Desboteretu egin gaituzte. Zerbait antolatua dela esaten dute, guk ez dugula inolako ahalmenik parte hartzeko».
Beraientzat ekonomia gauza txikien batura da, baina udalerri edo komunitate maila altuagoak ahaztu gabe. Eskolako prozesuan ikuspuntu hori sustatzen dutela ziurtatu du Fernandezek: «Ez dadila izan bakoitzak bere etxean egiten duena bakarrik, baizik eta denon artean artikulatu behar gara gure beharrizan eta desioak antolatzeko, inor zapaldu gabe». Indibidualtasun horretatik kolektibora salto egitea da euren apustua.
Fernandezek gogorarazi duenez, 2014an hasi ziren ekonomia feminista eskolak ematen. Oarsoaldean lehenengo aldiz egingo dute, eta datorren urrian hasiko dira. Zortzi hilabetez, larunbat arratsaldetan elkartuko dira. Ikasketa prozesua ez dela lineala izango aurreratu du Fernandezek, «era kiribildu batean» dagoela dena.
«Denok partekatuko dugu gure jakintza. Beraz, ez dago irakasle figurarik. Guk, dinamizatzaile bezala, badugu metodologia bat eta norabide bat, baina aurreko saio batean landutakora buelta gaitezke, hausnarketa bat egin eta gero», zehaztu du.
Landuko dituzten gaiak «makroari dagokionak» eta «intimoak» izango direla aurreratu du. «Prozesu honen beste berezitasunetako bat da nola uztartuko ditugun bi alde horiek. Alde intimoa da nola bizitzen dugun gure egunerokotasunean eta gure emozionalitatean daukatenak zerikusia jaten dugunarekin, etxeak zerekin garbitzen ditugun, zaintzarekin… Makroekonomiaren terminoak erakusten du logika kapitalista nondik doan, baita kolonialitatea ere».
Fernandezek azaldu duenez, prozesu hori Ertamerikan sortu zen, eta MunduBat elkarteak ekarri zuen Euskal Herrira.
Aurkezpen ekitaldian elkar ezagutu dute parte hartzaileek eta dinamizatzaileek
Salatu duenez, kapital finantzarioak eguneroko bizitzako hainbat termino makillatu eta desitxuratu ditu. «Sentitzen dugu ez dugula zerikusirik horrekin. Gauzak bere lekuan jarri nahi ditugu, ekonomiaren barruan parte asko daudela ikusi nahi dugu, mespretxatuta dauden horiek barne. Ikusiko dugu zein terminologia erabiltzen duten gu nahasteko».
Helburu nagusia emakumeak boteretu eta «martxan jartzea» da: «Pribilegiorik ez duten kolektiboei leku bat eman nahi diegu, izan gizon zishetero ez direnak, edo arrazializatuta daudenak. Egunero jasaten ditugun zapalkuntzek oinarri zientifiko ez arrazionala dutela ikusi nahi dugu. Sastrakak kendu nahi ditugu, eta emakumeok gure bidea egitea».
Gorputzarekin lotura
AraGorputzek lana gorputzarekin egiten du, eta euren ardatz nagusiak dira hilerokoaren kultura, taldean kudeatutako ginekologia eta drag king proposamenak. «Horiek dira kanpora begirakoak», zehaztu du Fernandezek.
«Barrura begira, hausnarketa bat egin genuen eta konturatu ginen gure jarduerek zerikusia zutela ekonomiarekin. Adibidez, hilerokoaren kulturak zerikusia dauka jaten dugunarekin; kasu horretan, erabaki behar dugu ea supermerkatura joango garen edo baratze kooperatibarekin jarriko garen harremanetan».
AraGorputzen egitekoa oinarrizko beharrizan emozional, fisiko edo politikoak identifikatzea dela nabarmendu du, eta horiek nola aseko diren norberak dituen baliabideak —pertsonalak, senide edo komunitarioak— erabiliz.
Fernandezek erdi txantxetan esan du kanpoko batentzako arraroa izan daitekeela ekonomia eta hilerokoa lotzen duen prozesu bat ikustea. «Gauza batek bestera eramaten zaitu, eta ezin duzu era isolatu batean pentsatu. Ekonomia feministak barneratzen ditu arlo pila bat, bizitza antolatzeko modu bat da».
Ikastaroa euskaraz izango da, erabaki politikoa izan zelako material guztia itzultzea. Ekonomikoki, berriz, dohainik izango da. Izena emateko, mezu bat bidali beharko da Oiartzungo Feministaren Asanblearen e-posta helbidera.