Merkataritza eta ostalaritza suspertzeko plana martxan jarriko du Pasaiako Udalak
Pasaiako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak indartzeko plana abiaraziko du udalak, sektorea indartzeko eta kontsumitzaileen beharrei hobeto erantzun ahal izateko. Herritarren parte-hartzea ezinbestekoa izango da.
Pasaiako Udalak ezagutzera eman du merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreak indartzeko plan bat abian jarriko dela. Azken urteotan aldaketa handiak eman dira produktu zein zerbitzuak merkaturatzeko moduetan eta, ezinbestean, baita kontsumo-ohituretan ere; behar berri hauei erantzutea ezinbestekoa dela adierazi du Izaskun Gomez alkateak, izan ere, “merkataritzak eta ostalaritzak bizitza ematen diote Pasaiari.”
Planaren barnean hainbat partaidetza-ekintza gauzatuko dira sektoreen beharrak ahal eta hobekien ezagutzeko. Hala nola, inkestak egingo zaizkie bai herritarrei, eta bai udalerriko establezimenduei ere. Udalak adierazi du jendearen inplikazioa ezinbestekoa dela horrelako egitasmo bat aurrera eramateko, eta herritarrak webgunean ahalbidetu den galdeketan parte hartzera animatu ditu.
Iniziatiba Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Sailak sustatu eta babestu dute. Laurak Bat herriko Merkatarien Elkartearen laguntza aktiboa ere izango dute, eta guzti horiek zerbitzuen sektorea indartzeko helburuz egingo dute elkarrekin lan, horrela, pasaitarren ekonomia eta, oro har, bizitza kalitatea hobetu ahal izateko.