Bizitza, soldata eta pentsio duinak bermatzeko eskaera hauteskundeen atarian
Hauteskundeetan parte hartzen ari diren alderdiei konpromiso zehatzak eskatu dizkie Duintasunak bizi eta zahartzaro duina bermatzeko.
Igandean —hilak 12— Eusko Legebiltzarreko Hauteskundeak egingo dira. Bertatik aterako da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hurrengo gobernua aukeratuko duen Gasteizeko legebiltzar berria, eta gobernu horrek, neurri handi batean, behintzat, EAEko biztanleen bizitzak zuzendu eta baldintzatuko ditu datozen lau urteetan hartzen dituen neurri eta politikekin.
Duintasuna Jubilatu eta Pentsiodunen elkartea, herritar ugariren moduan, hauteskundeei begira jarri da. Eskaera zehatza egin die gobernuei eta aldundiei: bizitza, soldata eta pentsio duinak bermatzea. Horiek ditu eskaera nagusiak indar handiz zahartzaro duin baten alde borrokan ari den mugimenduak, “hobekuntza txiki batzuk lortu ditugu, baina gure aldarrikapen gehienak gauzatzeke daude oraindik, gobernuek betetzen ez dituzten hauteskunde programetan egiten dituzten promesak bezala”.
Pandemiari egin dio erreferentzia, ezinbestean; adinekoen kolektiboa izan da kolpatuena. Horren harira COVID-19ak eragindako osasun larrialdiak “osasun sistemaren gabezia larriak” agerian utzi dituela salatu du Duintasunak, ” hildako eta kutsatuak horren erakusle dira”. Gabezia horiek batez ere adinekoen egoitzetan eta etxean dauden adinekoei ematen zaien arretan ageriagokoak izan direla nabarmendu du elkarteak.
Konpromiso zehatzak alderdi politikoei
Egiazko informazioa ematea eskatu die Duintasunak “behingoz” EAEko gobernuari eta aldundiei, “egiazkoa eta argia”, baita mendekotasunari arreta emateko zerbitzu sozio sanitarioen sare publiko eta unibertsala garatu dezatela. Ez dira eskaera bakarrak: BPG Barne Produktu Gordinaren proportzioan handitu dezatela osasun publikoko inbertsioa per capita errenta antzekoa duten herrialdeekin parekatuz; murrizketak eta zerbitzuen pribatizazioa bertan behera uzteko helburuak eta epeak dituen plan zehatz bat; Zerbitzuen kalitatea hobetzeko lan baldintzak hobetzea; eta lan gainkargak ezabatzea.
Hauteskundeetara aurkeztu diren alderdi guztiei aldarrikapen horiekiko konpromisoa eskatu die Duintasuna elkarteak. Hau zerrenda: 1080 euroko gutxieneko pentsioa; pentsio guztiei gutxienez KPI Kontsumorako Prezioen Indizearen igoera bermatzea; Genero arrakalarekin bukatzea; %100eko alarguntza pentsioak; 40 urte kotizatuta dituzten erretiro aurreratuak ez zigortzea; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gobernuak gutxieneko pentsioak 1.080 eurora osatzea.
Horiek bermatzeko borondate politikoa baino ez dela behar esan du Duintasunak.
Gizarte Segurantzaren kutxa sendotzea edo betetzea ere ezinbesteko kontua da erretiratu eta jubilatuen elkartearentzat, “gaur egungo eta etorkizuneko pentsioei eusteko. Horrek 1.200 euroko LGS Lanbide arteko Gutxieneko Soldata bat eskatzen du, duintasunez ordaindutako enpleguak, batez ere gazteei eta emakumeei eragiten dien prekarietatearekin eta langabeziarekin amaitzea; horien lan eta soldata diskriminazioa ezabatzeko neurri eraginkorrak hartzea behar-beharrezkoa da”.
Lan erreformen indargabetzea
Lan erreformak indargabetzea—2010 eta 2012 urtekoak—; hori da Duintasunaren ezinbesteko eskaeretako bat. Baita 2011 eta 2013ko pentsio erreformen alderdi atzerakoiak indargabetzea ere. Gizarte Segurantzaren sistema publikoa bermatzea exijitu dute gainera, “kalitatezko enplegua sortuz, langileen kotizazioak eta bizi baldintzak hobetzeko, eta behar izanez gero, aurrekontu publikoetatik transferentziak egitea mailegurik gabe”.
Aberastasuna “modu justuan” banatzeari inoiz baino beharrezkoa iritzi dio Duintasunak: ” ezin da krisitik atera zerbitzu publikoak murriztuz, ezta soldaten eta pentsioen murrizketarekin ere. Zerga erreforma sakon bat ezinbestekoa da, kapital errenten, ezkutuko ekonomiaren, , zerga paradisuen, eta enpresa iruzurraren pribilegioekin amaitu behar da”. Horretarako, diru sarreraren eta aberastasunaren araberako zerga sistema progresiboa ezartzea galdegin du, baita zergak ezartzea ere kapitalaren espekulazio mugimenduei.
Eskaera zehatzak, bizitza eta zahartzaro duina eta kalitatezkoa lortzeko Duintasunak egindakoak. Konpromisoa ere hartu du: “Araba, Bizkai eta Gipuzkoa eta Nafarroako pentsiodunen mugimenduak mobilizazioekin jarraituko du, modu autonomoan edo beste sektore edo mugimendu sozialekin elkarlanean, gehiengo sozialarekin komunak diren aldarrikapenak lortu arte”.