'Busti zaitez' kanpainarekin bat egin du Errenteriak
Datorren igandean, hilaren 12an, Busti zaitez kanpaina egingo dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 80 igerileku eta hondartzetan; horietako bat izango da Errenteria-Oreretako Fanderiako igerilekua.
Datorren igandean, hilaren 12an, Busti zaitez kanpaina egingo dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 80 igerileku eta hondartzetan; horietako bat izango da Errenteria-Oreretako Fanderiako igerilekua. Errenteriako Udalak bat egin du kanpainarekin, eta horrenbestez, esklerosi anizkoitzaren kontrako konplize bihurtuko da beste behin ere. Ekintza solidarioa da Busti zaitez, bertan milaka lagunek hartzen dute parte, eta elkartasuna adierazteko kanpainarekin bat egiten dutenek hondartza eta igerilekuetara joaten dira igeri egitera.
Ekintza sinbolikoa da, baina oinarrizkoa gaitza ikusarazi eta gizartea sentsibilizatzeko.
Bustitzen diren guztiek, egiaztagiria jasoko dute, eta eguna bukatzean herri guztietan igeri egindako metroak batuko dituzte.
Eugenia Epalza Euskal Fundazioa da antolatzailea. Dirua irabaztea xede ez duen entitatea da eta Onura Publikorako izendatuta dago. Bere lana, esklerosi anizkoitza duten pertsonen bizi kalitatea hobetzea da, eta horretarako errehabilitazio integralerako eta bestelako gaixotasun neurologikoetarako zerbitzuak eskaintzen dizkie gaixoei. Kanpainen bidez finantzatzen ditu, bestela ezinbestekoa litzatekeen errehabilitazioa.
Igeri egiteko aukera izango da beraz, esklerosi anizkoitza duten pertsonei elkartasuna adierazteko, baina horrekin batera, antolatzaileek postua jarriko dute Fanderiako igerilekuaren kanpoaldean informazioa banatu eta Kukuxumusuk kanpainarako sortu duen materiala saltzeko —kamisetak, txanoak, motxilak, zapiak…—.
2018an emandako datuen arabera, esklerosi anizkoitzak Oarsoaldeko herrietako 41 pertsonei eragiten die, eta Errenteria-Oreretako 27ri. Gipuzkoa osoan berriz, 800 pertsonek dute gaixotasun hori. Espainiako Estatuan, bost ordutik behin kasu berri bat diagnostikatzen da. Esklerosi anizkoitza bereziki gazte helduei eragiten dien gaixotasun neurologikoa da, kronikoa eta progresiboa da, batez ere, 18eta 35 urte arteko pertsonei eragiten die, eta emakume aurpegia duela esan daiteke, diagnostikatzen diren 3 kasutik bi emakumeak direlako.