Udan ez da haur sahararrik etorriko; diru laguntza, guneetara bideratuko du udalak
Oporrak bakean programa bertan behera gelditu da. Udalak egitasmoari bideratu ohi dion laguntza errefuxiatu zelaietara bideratuko du.
COVID-19ak sortutako osasun larrialdia dela eta, Oporrak bakean programa bertan behera geratu da aurten. Uda iristen den aldiro, Saharako haur talde bat Oiartzunera etortzen da, bizi diren tokietako baldintza gogorretatik —aldi baterako bada ere— urruntzeko.
Egoerak hala behartuta, ez da Saharako bisitaririk izango Oiartzunen. Udalak diru partida bat bideratu ohi dio Oporrak bakean programari. El-Watan elkartearekin elkarlanean, 5.480 euro horiek Saharako errefuxiatuei zuzenduko diete.
Diruaren zati bat Ilargi Erdi Gorriari emango diote, janaria erosi eta errefuxiatu guneetan banatu dezan. Pandemiaren eraginagatik, denbora tarte batean ez dute nazioarteko laguntzarik jaso, eta janari eskasia gorrian daude.
Bestetik, Oiartzunen uda pasatu behar zuten zortzi haurrei maleta bat helaraziko diete, janari, arropa eta eskolako materialarekin.
Oiartzungo Udalak 2002tik laguntzen du Oporrak bakean programa. Uda pasatzen duten haurren hegazkin txartela ordaintzen dute. El-Watan elkarteak kudeatzen ditu familien bilaketa zein egonaldia.